Donostiako 68. Zinemaldia. Emanaldi bereziak

«'Patria' fikzioa da, ez errealitatea»

HBOko telesailean egindako lanarekin «pozik eta eskertuta» azaldu dira Elena Irureta eta Ane Gabarain protagonistak

Patria telesaieko aktore protagonistak, ortziralean egindako aurkezpen ekitaldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Donostia
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Ez da ohikoena, baina Donostiako 68. Zinemaldian estreinatu dute Fernando Aranbururen nobelan oinarritutako eta Aitor Gabilondok zuzenduriko Patria telesaila. Ordubeteko zortzi kapitulutan banatua dago, eta gaztetan lagun izan eta urteekin haserretutako Miren eta Bittoriren azken urteetako bizitza kontatzen du telesailak. ETAk armak utzi dituen egun berean, senarra hil zioten herrira itzuli da Bittori. Bere itzulerak iraganeko minak eta zauriak irekiko ditu, bereziki Mirenengan, hain lagun izan eta berarengandik hagitz urrun baitago

Ortziralean publikoaren aitzinean aurkeztu ondotik, prentsaren aitzinera atera ziren atzo telesaileko zuzendari eta aktore nagusiak atzo. «Fikziozko istorio bat da; errealitatea oroitarazten du, baina fikzioa da», nabarmendu nahi izan zuen hasiera-hasieratik Gabilondok. Argi utzi zuen fikzioaren ideia, aldi berean onarturik errealitatearekiko antzekotasunak ere bilatu dituztela, batez ere bisualki: «Oso hurbil ditugun gertaerak azaltzen dira, eta gutako bakoitzak bere irudia egina du. Horregatik, oso garrantzitsua zen errealitatearekin ahalik eta antzik handiena izatea. Lokalizazioetan, argazkian, denean aplikatu dugu hori. Benetakotasuna bilatu dugu estetikoki».

Euskal aktoreak dira protagonisten rola jokatzen duten gehienak: Eneko Sagardoi, Jose Ramon Soroiz, Loreto Mauleon, Jon Olivares, Mikel Laskurain... Eta denen artean nagusi, Ane Gabarain eta Elena Irureta. Miren eta Bittori. «Argi nuen protagonistek euskaldunak izan behar zutela. Eta ez nuen inolako zalantzarik Ane eta Elena zirela Miren eta Bittori. Beraien baiezkoa bakarrik falta zen», adierazi zuen Gabilondok.

Emandako aukerarekin eskertuta daudela kontatu zuten biek,batez ere hain ohikoa duten komediaren generotik alde egiteko aukera eman dielako. Hala nabarmendu zuen Gabarainek: «Gure izena komediarekin lotu izan da, baina hau sekulako aukera izan da, asko gozatu dugu. Patria hurbiletik ukitzen gaituen zerbait da. Pertsonaiak zein beraiei gertatzen zaizkienak hurbiletik ukitzen gaituztelako».

Filmaketa «gozatua» izan da,bien hitzetan, horren aitzinetik lan eskerga eginda zegoelako, eta batez ere zuzendarien babesa izan dutelako prozesu osoan. Hala,zailena pertsonaien barreneko minean barneratzea izan da Gabarainentzat: «Ia obsesio bihurtu zait Miren hezur-haragizko bihurtzea, erakustea zer sentitzen duen, zergatik hartzen dituen erabakiak, zergatik dagoen ozpinduta». Bittorirekin ere antzeko esperientzia bizi izan du Iruretak: «Dena hain landua zegoen, ezen oso argi zegoen zer zen eszena bakoitzean egin beharrekoa. Nuen kezka bakarra zen nola adierazi Bittorik barkamena eskatzeko duen behar hori».

Esperientzia aberasgarria izan dela nabarmendu zuten biek, orain arte ikusi gabekoak hurbilagotik ikusteko eta bizitzeko aukera eman dielako: «Maitasun eta min askorekin egin dugu lan, bihotzetik eta tripetatik», azpimarratu zuen Gabarainek. «Oso aberasgarria izan da, orain arte urrunagotik ikusten genituen gertaera eta portaera batzuetan bete-betean sartu garelako», Iruretak. Atzerako bidaia bat ere izan dela aitortu zuen Gabarainek. «Sentimendu asko mugitu dizkit barnean, eta batzuetan atzera begira ere jarri nau. Manifestazio baten sekuentzia grabatzean, adibidez, manifestazio hori nire memorian zegoen; barru-barruraino sartzen zara».

Patria-z harago, bertzelako kontakizunak sortzeko beharra azpimarratu zuen Iruretak: «Aranburen errelatoa azaltzen da hemen, eta gehiago ere behar ditugu. Ezin gara bizi hemen ezer gertatu izan ez balitz bezala». Gabilondok, aldiz, hitz egiteko dagoen beharra nabarmendu zuen: «Urte askotan ez da honetaz hitz egin, ñabardurak erakusteko garaia da. Anbizio handiegia izatea da telesail batekin zerbait mugitu nahi izatea. Behintzat lagundu dezala sufrimendua erakusteko, errelato plurala sortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.