Albistea entzun

Nafarroako gobernu berria. Txibiteren kargu hartzea

Esanahi bereziko unea eta ekitaldia

Nafarroako bederatzigarren lehendakariak gazteleraz zin egin du. Aurreko egunetan bezala, Nafarroaren aniztasuna nabarmendu du, eta elkarrizketaren aldeko mezua zabaldu
Maria Txibite, atzo, lehendakari karguaren zina egiteko ekitaldian.
Maria Txibite, atzo, lehendakari karguaren zina egiteko ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2019ko abuztuak 7 - Iruñea

Nafarroak badu bederatzigarren presidentea. Atzo, atzean Nafarroako oihal gorriko armarri handi bat zuela, karguaren zina egin zuen Maria Txibitek (Cintruenigo, Nafarroa, 1978). Ondorioz, Uxue Barkosek lehendakari izateari utzi dio, PSNko idazkari nagusiak kargua hartzeko. Parlamentuaren atarian egindako ekitaldian, ezinbestean protagonismo guztia bereganatu zuen Txibitek, eta foku eta kamera guztiak harengana zuzendu ziren. Pozik eta hunkituta nabari zitzaion. Hitza hartu zuenean, azken egunotan erabilitako diskurtsoaren ildotik, elkarbizitzaren eta akordioaren inguruko apologia egin zuen. Une batean, ziurrenik Nafarroaren alde nahiko lukeen guztia egitea ezinezko izango duela esaten ari zelarik, ahotsa urratu zitzaion, eta eten egin behar izan zuen hitza. Pasarte horrek islatu zuen ekitaldi hark esanahi berezia zuela beretzat.

Hauteskunde gauetik 73 egun iragan dira, eta, negoziazio prozesu luzea amaituta, politikari asko oporretan izango dira aurki. Irailean, legealdi zailari aurre egin beharko dio gobernu berriak, 23ko gehiengo sinplea besterik ez baitu. Dena den, hori guztia heldu aurretik, erakundeetara heltzeak berezko dituen tramiteak bete behar dira. Atzo, lehendakariak karguaren zina egin zuen, eta, gaur, hamahiru kontseilariek gauza bera egingo dute.

Atzo goizean, Parlamentuaren kanpoaldean atariko foruzainak dotore zeuden jantzita, eta hainbat pertsona garrantzitsuren joan-etorriak zein bizkartzainen presentziak aditzera ematen zuen ez zela ohiko eguna. Sarasate pasealekuan, herritarrek kuriositatez begiratzen zuten ikuskizuna.

Eraikin barruan, atari handian, Nafarroako gizartearen ordezkari ugari zeuden: hiru unibertsitateetako errektoreordeak; UGT, CCOO eta EHNEko idazkari nagusiak; Iruñea, Erriberri, Zangoza eta Tuterako alkate eta alkateordeak; hainbat gizarte elkarteetako ordezkariak —Unicef, Gurutze Gorria, Anfas, Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea...—. Ordezkaritza politikoari dagokionez, hutsune batzuk deigarriak izan ziren. Lehendakari ohien artean, Uxue Barkos eta Juan Cruz Alli soilik joan ziren, eta UPNren agintaldietako azken bi presidenteak ez ziren agertu. Aldiz, Parlamentuko presidente ohi eta UPNko sortzaile Javier Gomara, 95 urterekin, han izan zen.

Ekitaldia hastear, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Uxue Barkosen eskutik sartu zen aretoan. Atzetik, Maria Txibite zihoan, Jose Luis Abalos PSOEko Antolamendu idazkaria, Luis Planas Espainiako jarduneko Elikadura ministroa eta Unai Hualde Parlamentuko lehendakaria alboan zituela.

Nafarroako ereserkiak eman zion hasiera ekitaldiari. Protokoloak gidatu zuen erabat, eta oso formala izan zen. Nahiz eta Hualdek Parlamentuari «nafarren etxe» eta «hitzaren tenplu» deitu, atzokoak herrikoitik oso gutxi izan zuen. Hori bai, Hualdek konpromisoa azaldu zuen legebiltzarreko ateak gizarteari ireki eta gardentasunean aurrera egiteko, Ainhoa Aznarezek ekindako bidetik.

Euskara, tantaka

Hala ere, atzoko protagonista nagusia Txibite bera izan zen. Lau legealdi egin ditu parlamentuan —dena den, 2011ko legealdian berehala eserlekua utzi zuen Senatuko ordezkari gisa—. Atzo, gazteleraz zin egin zuen lehendakari kargua. Amaieran, eskerrik asko soilik esan zuen euskaraz. Inbestidura egunean egin bezala, akordioaren eta aniztasunaren garrantzia azpimarratu zituen. «Nafarroa plurala eta zabala da, eta hori balio handi bat da. Horregatik, pentsatzeko, sentitzeko, bizitzeko eta maitatzeko modu guztiak errespetatuko ditut. Horrelakoak baikara, eta horrelakoak izan behar baitugu aurrerantzean ere». Halaber, nafar guztien lehendakari izateko eta interes orokorraren mesedetan aritzeko konpromisoa agertu zuen.

Hala, tantaka bada ere, euskarak izan zuen tokirik. Maiorga Ramirez Parlamentuko idazkariak Barkosen kargua eteteko dekretua euskaraz irakurri zuen, eta Unai Hualdek hitzaldia ele bitan egin zuen. Iruñeko Orfeoiak Benito Lertxundiren Erribera euskaraz kantatu zuen, eta, ekitaldi amaieran, Salvador Ruiz de Lunaren El Roncalés, gazteleraz. Amaitzeko, Duguna taldeko dantzari batek aurreskua dantzatu zion.

Ekitaldia amaituta, sendiaren agurra jaso zuen Txibitek. Ordezkari sozialisten artean poza zen nagusi. Gaur kargua hartuko duten kontseilarietako asko ere ekitaldian izan ziren.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ortuzar, Forondan bildurikoei mintzatzen. ©Jaizki Fontaneda / FOKU

«Ez Sanchez ez Feijoo: Euskadi» mezua aireratu du EAJk Alderdi Egunean

Berria

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Andoni Ortuzar alderdiko burua, eta EGIko Bea Berlanga mintzatu dira Forondako ekitaldian

Arkaitz Rodriguez, gaurko ekitaldian. ©Juan Herrero / EFE

Borrokarako deia egin du Sortuk, «kalean zein erakundeetan»

Berria

Irailaren 27aren harira ekitaldia egin du alderdiak Tolosan

Gaurko ekitaldiko une bat. ©BERRIA

Omenaldia egin diote Katalunian Txikiri, Guardia Zibilak fusilatu zuten lekuan

Berria

Besteak beste, Txikiren anaia Diego Paredes eta EH Bilduko Iñaki Ruiz de Pinedo mintzatu dira ekitaldian

Urkullu eta Andueza, herenegun, Eusko Legebiltzarrean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Zaharrak berria jan du

Iosu Alberdi

Erkorekak baieztatu du transferentzien inguruko elkarrizketak egiten ari direla. Jeltzaleek ez diote erreferentziarik egin estatus politiko berriari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.