ERREAKZIOAK

2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
«Erabaki hori hartu izana ontzat jotzen dugu, esan baikenuen ez zitzaigula gustatzen, biktimak birbiktimizatzen zituelako. Desiragarria zatekeen atzera egin behar ez izateaeta zerrendetan sartu ez izana».
Maria Txibite
Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta PSNko idazkari nagusia

«44 pertsona ez dira oker bat: erabaki bat da, kontzientea, haiek baloratu dituzten arrazoi jakin batzuengatik hartutakoa. Erabaki politiko bat izan da, saihesteko modukoa bestelako borondate bat eduki izan balute. Orain konturatu dira hanka sartu dutela eta atera beharra dagoela. Niri positiboa iruditzen zait, batez ere biktimentzat arindua delako. Baina duda bat geratzen zait: orain egiteak hauteskundeei begirako kalkulu bati erantzuten dion gogoeta etiko bati baino gehiago».
Aitor Esteban
EAJko diputatua

«Euskadiko eta Nafarroako herritarrek denbora luzea daramate bakearen eraikuntzaren bide zaila zeharkatzen.EH Bilduren erabakia pauso garrantzitsua da, eta kontrastea egiten du biktimen memoria hauteskunde helburuekin erabiltzeko gai den eskuinarekin».
Ione Belarra
Espainiako Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroa eta Podemoseko idazkari nagusia

«Bilduri ez dizkiogu eskerrak emango zazpi hiltzaile erretiratu eta 37 terroristari eusteagatik. Guztiak dira ETAren hilketen erantzule. Euren burua zuritzen baino ez dira saiatu, aurrerantzean ere PSN-PSOErekin akordioak egin ahal izateko. Baina EH Bilduri ez zaio gaizki iruditzen gertatutakoa; erakutsi dute harro daudela euren iragan terroristaz».
Javier Esparza
UPNren lehendakarigaia

«Lehen urratsa egin dugu, eta hurrengoen bila goaz orain. Demokrazia eta espainiar gehienen duintasuna nagusitu dira, nahiz eta Pedro Sanchezek erabaki zuen espainiarrak bakarrik uztea».
Alberto Nuñez Feijoo
PPko presidentea

«Zerrendei uko egiteak, dirudienez, elkarrekin bakean bizitzearen alde ekarpen bat egiteko nahiari erantzuten dio. Baina horiek zerrendetan sartu izanak ez dio ekarpenik egiten, haien argudio beraren arabera. Guretzat, bake eta bizikidetza politikak dira garrantzitsuena, iraganeko eta gertuko memoria lantzen dutenak, eta sinesten dugu pertsona guztiek eskubide guztiak dituztela eta indarkeria guztien biktimak errespetatu behar direla».
Maria Solana
Geroa Bairen hautagaia Nafarroako Parlamenturako

«Sozialistok pozten gara EH Bilduko hautagaiek zerrendetan agertzeari uko egin izanaz. Euskal gizartearen gehiengoak eta, bereziki, terrorismoaren biktimek zuzenketa hori eskatzen zuten. Hemendik aurrera, ezker abertzaleak bere ibilbide etikoa amaitzea eta eragindako mina aitortzea besterik ez dugu espero. Aurkariari eraso egiteko eta hauteskunde etekinak lortzeko terrorismoa erabiltzea eta biktimak instrumentalizatzea ez-morala da, eta, gainera, eztabaida politikoa degradatzen du».
Eneko Andueza
PSE-EEko idazkari nagusia

«EH Bilduk esplikatu beharko luke zergatik erabaki zuen bere zerrendetan odol delituak izan zituzten pertsonak aurkeztea [...]. Euskal gizartearen gehiengoa zain dago EH Bilduk noiz esango digun ezker abertzalearen izenean indarkeria erabili zuten horiek modu injustuan, bidegabean eta ilegitimoan erabili zutela. Ez da bidezkoa batetik biktimentzat justizia eta erreparazioa eskatzea, eta bestetik min hori eragin dutenei lehentasun politikoa eman nahi izatea. Ez da bidezkoa. Gizarte honek ez du merezi horrelako egoerak bizitzea».
Bingen Zupiria
Eusko Jaurlaritzako bozeramailea

«Eskandalu bat zen odol delituak zituzten ETAko kriminalak zerrendetan egotea, eta oraindik ere eskandalu bat da ETAko kriminalak egoteaETAren indarkeria justifikatzen duten zerrenda horietan [...]. Oso argi dago zein den Bilduren planteamendua eta helburua, eta, tamalez, oso argi dago non dauden sozialistak eta Sanchez; Oraindik ez da urrundu Bilduren mundutik».
Carlos Iturgaiz
PPren EAEko presidentea

«Hilketagatik zigortutako EH Bilduko zazpi hautagai horien erabakia norabide onean emandako aurrerapauso bat da. Presio sozialak behartu ditu aldatzera, eta horixe zen nik behintzat eskatzen niena».
Iñaki Garcia Arrizabalaga
Komando Autonomoek hildako Juan Manuel Garciaren semea

«Elkarbizitzaren alde beste pauso bat. Mila esker hartu duzuen erabakiarengatik».
Maria Jauregi
ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.