Eskuina. Nafarroa

Etsipenak elikatutako ituna

UPN, Ciudadanos eta PP elkarrekin aurkeztuko dira apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko bozetara. Mugimendu horrekin ahalik eta boto gehien bildu nahi badute ere, UPNk arriskuak hartu ditu, hauteskundeei eta ondorengo jokalekuari begira.

joxerra senar
Iruñea
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Isilpean gorde dute, eta ezustean harrapatu dute mundu guztia. Nafarroako eskuineko hiru alderdi nagusiak (UPN, PP eta Ciudadanos) elkarrekin aurkeztuko dira hurrengo bi hilabeteetan egingo diren hauteskundeetara, Navarra Suma izeneko koalizioaren aterkipean. Batasuneranzko mugimendu bikoitz horrekin, UPNk ekimen politikoa hartu du, baina zeri erantzun dio? Ahalik eta indartsuen agertzea nahi badu ere, 40 urteko markari uko egitea ez al da arriskutsuegia? Maiatzaren 26ko gauak eta ondorengo asteetako aliantza jokoek bere epai irmoa emango badute ere, gaur-gaurkoz, etsipenak elikatutako akordioa da nafar eskuinarena.

Santiago Cervera Nafarroako PPko presidente ohiak ondo ezagutzen du esparru hori. Gogoan du nola duela hiru urte, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian, Esparzak behin eta berriz ukatu zion eskua PPri. «Jarrera irmo hori, nahi dut/ez dut nahi joko hori guztia, prezioa hobetzeko modu bat izan zen, eta Mariano Rajoy ordaintzeko prest egon zen». Aldi hartan, PPk onartu zuen diputatuak eta senatariak UPNren eskuetan uztea, Rajoyren balizko inbestidura babesteko konpromiso soilaren truke.

Oraingoan, etsi-etsian, PPk amore eman du berriz, baina akordioa foru eta udal hauteskundeetara zabalduko denez, UPNk ere pagatuko du berea. Toki egingo dio zerrendetan PPri, eta Ciudadanosek lehentasunezko tratua izango du. «Denek dute zer irabazi», azaldu du Cerverak, baina diferentzia handi bat antzeman du: «Esparzak gainbehera nabaritu du, bere lidergoarena eta alderdiarena berarena. Bestelako premia bat zuen. Ez naiz inkesten zale, baina UPNren gorakada iragarri beharrean beherakada iragartzen zuten».


Martxoaren 6an akordioa sinatu zuten Esparzak eta Casadok. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Gaizka Aranguren kazetariak ez du zalantzarik zergatiaz: «Esku artean zituzten datuekin ikusi dute ez zutela lortzen nahi zutena». Bakarrik aurkeztuta ahultzeko arriskua zutela jakinik, bere marka galtzeko prest azaldu da UPN, eta atzean, etsipen kutsu handi bat antzeman du Arangurenek: «Pentsatu izan dut Esparza ez ote den ari honetan: 'edo ni, edo bukatu da, barku guztiak erreko ditut azken aukera honetan'». Iragan hamarkadan, eskuin guztia UPNren inguruan batzen zenean, aise lortzen zituen 120.000 edo 130.000 boto artean. «Orain, Navarra Sumak nekez eutsiko dio azken hauteskundeetan eskuin guztien bozak batuz lortu zezaketen ordezkaritzari».

Hots, Arangurenek uste du apustu horrekin indarra erakutsi nahi badute ere ahuldadea ezkutatzeko asmoa dutela. «Bereziki Iruñetik gora, baina baita Tafallara arte ere, poliki-poliki, azken hamarkadetan, belaunaldi batetik bertzera, tendentzia aldatu da, eta klik egiten denean, ez du atzera-bueltarik». Horregatik, joera hori eragotzi edo atzeratu egin nahi dute, haren ustez: «Gizartean, badago gehiengoa den poltsa bat, ideologikoki printzipio argirik gabea, ahal bezain ongi bizi nahi duena, eta horietako asko irabazteko gaitasuna erakusten duenaren alde jartzen dira. Irabazteko ahalmena adierazi eta sinesgarri egiteak botoak biltzen ditu».

Hori izan daiteke akordioaren bertute handiena. Hala ere, politikan, ez dago ezeren ziurtasunik. Bi gehi bi ez dira beti lau. «Koalizioak batu egiten duen ustea mitoa da. Koalizio batean ez da ikusi behar zenbat irabazten den, baizik eta ahalik eta gutxien galtzea». Horregatik, Ricardo Feliu soziologo eta Aldaketa koalizioaren Senaturako hautagaiaren arabera, UPNk arriskatu du gehien. «Ikusi behar da UPNri beti botoa eman diotenetako askok nola erantzungo ote duten. Oso apustu indartsua da, oso arriskutsua. Oso epe motzerako estrategia bati erantzuten dio».

Formula bitxia

Bitxia da nola bildu diren hiru indarrak eta nola neurtu duten norberaren pisua: UPNren eta Ciudadanosen arteko koalizioa izango da, eta UPNri dagozkion ordezkarien artean joango dira PPkoak zerrendan. «Ematen du PPkoei esan dietela: 'zuek lasai, baten bati egingo diogu tokia'», dio Cerverak. Haren ustez, ziria sartu nahi izan dute: «Guztien arteko ituna da, jakina, bestela ezinezkoa izango litzatekeelako».

Feliuk uste du Ciudadanosen boto emaileak erakarri nahi dituztela: «Eskuinean, soziologikoki UPNrengandik aldenduen dagoen sektorea da, jasaten ez zaituen seme horren modura. Orain etxera etortzeko esaten ari zaizkio semeari». Haren ustez, horren truke, alderdi laranjak eragin ahalmena irabaziko du. «Merkatu politikorako sarbidea ziurtatzen zaio Ciudadanosi. Gutxieneko inbertsioa eginda, hautapen libreko karguak lor ditzake, alderdia finantzatzeko eta eragin eremua irabazteko».


Astebete geroago, Albert Riveraren txanda heldu zen. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Baina, horretarako, gobernua eskuratu beharko lukete, eta horretarako, ezinbestean, PSN behar dute. Horregatik, PPren izena ezkutatzeko borondate horrek azken helburu bat du, Arangurenen ustez: «Argi dute PP ez dela agerian geratu behar, ez zailtzeko gero ezinbertzekotzat jotzen duten PSOErekiko harremana».

Bat dator ikuspegi horrekin Santiago Cervera. Argudio hori indartu nahirik, beste zertzelada bat gaineratu du. Haren ustez, Espainian Ciudadanosi komeni zaio PP alderditik bereiztea, eta hainbat lurraldetan PSOErekin lor dezake hitzarmena: «Oreka bilatu nahi dute alderdi zentristaren irudia emateko, eta ez ditzaten PPren menpeko gisa irudikatu».

Azken batean, hilabete baten buruan, bi hauteskunde izango dira, eta bi joko eremuen artean erlazioa nabarmena da, Feliuren ustez. «Eskuina berregituratzen ari da estatuan, muturreko diskurtso baten bidez indarrak biltzeko». Hartara, Nafarroako akordioak logika berari erantzun dio: «Laukoaren eta aldaketaren aurkako ardatzaren inguruan egituratuko du diskurtsoa, eta diferentziak xurgatu egingo ditu». Horregatik ez da kasualitatea akordioaren zergatia gizarteratzeko orduan Espainia eta Nafarroa hausteko arriskua nabarmentzea. «ETA aktibo zeneko konstituzionalismo hartara jo dute, funtsean, nazionalismo espainiarra aldarrikatzeko».

Erreakzio ziurgabea

Dena den, Arangurenen ustez, kontrakoa gerta daiteke. «Nafarroa Garaiko inkesta soziologikoen arabera, estatu guztian espainiartasunarekiko atxikimendu gutxien duen lurraldea da. Ez Gipuzkoak eta ez Gironak ez du horren atxikimendu eskasa». Arangurenen ustez, ez da soilik euskal abertzaleen afera, eta UPNren esparru soziologiko horri ere badagokio. «Badago nafartasun bat bere burua espainiartzat izatea bigarren, hirugarren edo laugarren mailako afera duena».

Izan ere, nola hartuko dute UPNren boto emaile tradizional askok Ciudadanosekin batera aurkeztea, baldin eta alderdi horrek hitzarmen ekonomikoa indargabetzea bultzatu badu? Konformatuko al dira C's-en hitz hutsarekin? Arangurenen ustez, zenbait herritarrek UPN «foruzaletasunaren defendatzaile nagusi gisa» ikusteari utz diezaiokete.

Geroa Baik aukera handi bat duela iritzi dio Arangurenek: «Bere garaia n, CDNk UPNri %40 jan zion. Desagertu al da euskararen kontrakoa ez den zentro eskuin moderatu hori?». Gogoan du Juan Cruz Alli berak 2015ean Geroa Bari eman ziola botoa: «Haren atzetik zenbat daude? Horietako batzuk etxean geratuko ziren, baina anitzek orain Geroa Bairi eman diezaiokete botoa». Horretarako, baina, koalizioak esparru horretaranzko urratsak egin beharko lituzkeela azaldu du, ezkerretik gal dezakeena aldaketaren aldeko alderdientzat izango litzatekeelako.

Akaso, akordioa UPNren egungo ikuskeraren sintoma bat da. «UPN belaunaldi aldaketa baten erdian dago, eta arazoa da zein pertsona datozen, zer profilekin, eta nolakoa den errelebo aldaketa hori», dio Feliuk. Haren ustez, egungo UPNren proiektua, sortzaileenarekin alderatuta, diferentea da: «Foruzaletasunaren ikuspegi utilitarista dute. Funtsean, zerga gutxiago ordaintzera mugatzen dute. Ez dute ulertzen foruak nafar gizartearen izaeraren eta bere burua antolatzeko harrotasunaren sinbolo direla».

Iruzurra boto emaileei

Eta sakonean, beste gabezia bat antzematen du Cerverak. «Barcinaren osteko UPN honek ez du ekinaldirik hartu, ez du lurraldearentzat proiekturik». Eskuineko boto emaileari ez diote beste ezer eskaintzen. «Opila egin dute, eta orain boto emaile nafarrari irentsarazi nahi diote. Iruzur demokratiko handi bat da. Hauteskunde orokorretan, PP eta C's elkarren artean diferentziak bilatzen ari badira, hemen herritarrari mezu bakarra ematen diote: Euskal abertzaletasunaren aurkako horma bat gara. Jakin nahi nuke zer programa aurkezten duten, baina ziurrenik ideia orokorrez beteta egongo da».

Eta non dago Vox? «Jakin badakigu elkarrizketetan ari direla Voxekoekin foru hauteskundeetan aurkeztu ez daitezen», dio Feliuk. Hain zuzen, hutsik den eserleku horrek ezaugarritzen du akordioa: «Estatuan, Andaluzian bezala, Vox ekuazioan sartu dute, baina Nafarroan ez, jabetzen baitira Voxek euren aurkako lurrikara bat eragingo lukeela». Sektore abertzalea eta ezkertiarra aktibatu egingo lirateke, eta, alderantziz, eurek botoak gal ditzakete.

Eskuineranzko norabidean zentroko eremu hori libre utzi dute, halaber. «PSOE eremu hori betetzen ari da, oso toki onean kokatu da». Feliuren ustez, UPNk legealdi honetan «mendira jo» du, eta, diskurtsoari dagokionez, bere bi bazkideen atzetik ibiltzeak ondorioak izan ditzake maiatzaren 26ko biharamunean: «Eskuinak zentraltasuna alboratu izanaren ondorioz, ezin dugu baztertu Geroa Bai eta PSNren arteko ardatzaren inguruan egituratzea agertokia».

Gaizka Arangurenek bestela ikusten du. Haren ustez, eskuinaren helburu nagusia da «PSOEk eta eurek aldaketak baino gehiago lortzea», eta hori posible ez balitz, «aldaketako alderdi batzuk kanpoan uztea». Izan ere, argi du zein den sozialisten iragana eta funtsa: «PSOEk ezin du espainiar estatua alderdiaren proiektuaren beraren azpitik jarri. Estatu espainiarrari aldaketa bertan behera botatzea interesatzen bazaio, botako dute. Berdin dio PSNk zer dioen».

ALKANDORA ZAHAR, LURRIN BERRI

Internazional erreakzionarioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.