Galdeketak. Suitzako eredua. Nicolas Schmitt. Friburgoko Unibertsitateko ikerlaria

«Haustura lerro berriak sortzeko abantaila du demokrazia zuzenak»

Aldaketa handietarako berme, onartutako legeekiko kontrol mekanismo eta herri ekimenaren bideratzaile; Suitzako sistema politikoaren atal banaezina da erreferenduma. Bere aje eta guzti.

jon olano
2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Demokrazia zuzenaren paradigmatzat jo ohi da Suitza, gainerako herrialdeetan salbuespen diren erreferendumak han arau direlako. Hiru hilean behinegiten dituzte, izan errepideez nahiz immigranteen eskubideez galdetzeko. Herrialdeko sistema politikoa sakon aztertua du Nicolas Schmitt (Zurich, Suitza, 1959) Friburgoko Unibertsitateko ikerlariak, eta ondorio bat nabarmendu du: «Suitza herri aberatsenetakoa eta zoriontsuenetakoa bada tamainaz txikia izan arren, pentsa dezakegu federalismoa eta demokrazia zuzena ez direla gobernu sistema txarregiak...» .

Urtean lau aldiz ere bozkatzeak zein harreman sortzen du herritarren eta erakundeen artean? Nekea edo politikarekiko interes handiagoa?

Parte hartzearen tasak gora egin ohi du eztabaidagai dagoena polemikoa bada. «Atzerritar gaizkileak kanporatzeko» UDCren otsaileko ekimenak kontrako erantzun handia jaso zuen, eta parte hartzearen tasa %63,73 izan zen; azken hogei urteetako handiena. Horrek erakusten du, batetik, herritarrak ez direla politikaz aspertzen, eta, bestetik, parte hartze apala ez dela seinale txarra, kontrakoa baizik, erakusten baitu adostasun handia dagoela gai horren inguruan.

Zenbaterainoko eragina izan du erreferendumen mekanismoak eredu ordezkatzailearen zilegitasunari eustean?

Sistemaren zilegitasuna hobetu egin du: herritarrek iritzia eman dezaketenez parlamentuan bozkatutako lege guztien inguruan, legebiltzarrak nahiko adostuak diren legeak onartu behar ditu. Eta bozkatzen bada, zilegitasuna erabatekoa da. Inoiz ezin diegu agintariei egotzi «haiek nahi dutena egitea».

Erreferendumek zatitu edo batu egiten dute Suitzako gizartea?

Kultura anitzeko herrialde bat da Suitza, eta, han, haustura lerro klasikoetatik harago doazen posizio berriak sortzeko abantaila du demokrazia zuzenak, gaiak askotarikoak direlako.

Batzuentzat, eredugarria da Suitzako sistema ; beste batzuentzat, banalizatu egiten du erreferendumaren tresna.

Herritarrei hitza emateak joera populista baten arriskua izan dezake, baina horrek ez du lotura demokrazia zuzenarekin, kontrakoa baizik. Jendeak zenbat eta aukera gutxiago izan iritzia emateko, orduan eta gehiago joko du haserrea edozein modutan adieraztera. Suitzan, herritarrak burujabeak dira, eta inork ezin die egotzi ongi edo gaizki bozkatzea. Iritzia emateko herritarrak ezjakintzat jotzea demokraziarekiko mespretxu handia da.

Erabaki batzuek eztabaida piztu dute. Sistema bera zalantzan jartzeraino?

Erabaki polemikoak ez dira arazo bat, azken batean zilegitasun handi bat dutelako oinarrian. Suitzak luzaroan itxaron du emakumeen boto eskubidea izateko, baina badu. Berdin Nazio Batuen Erakundearekin: kide izaten azkenetakoa izan da, baina bada; gainera, bakarra da erreferendum bidez onartu duena.

Sistemari egin dakiokeen kritika bakarra da gogoeta lan handia egitera behartzen dituela herritarrak, bozketa kopurua eta konplexutasuna aintzat hartuta. Bale-Campagne kantoiko herritarrek 11 gai izango dituzte bozkagai, ekainaren 5ean. Arazoa da ez dagoela beste aukerarik: ezin dugula herritarren eskumena dena aginte baten esku utzi.

Suitzako ereduak zer du oinarrian: kultura politiko bat edo sistema hala egiteko borondatea?

Lotuta daude. 1291n, Alpeetako komunitateak txiroak ziren, eta, ez zutenez errege moduko bat izateko dirurik, elkarrekin erabakitzen zuten dena. Gobernu kolegiatuaren eta demokrazia zuzenaren jatorria da. Baina badago borondate elementu bat herri ekimenaren figuran.

Erreferendumak egiteaz gain, horiek egiteko erraztasunak ordezkari politikoen kontrol gisa jokatzen du?

Erreferenduma Damoklesen ezpata da diputatuen buru gainean, jakin bai baitakite lege bat onartuz gero erreferenduma egiteko arriskua dutela. Beraz, babes parlamentarioa eta soziala zabaltzera behartuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.