joxerra senar
GEURE KONTU

Iraganekoen errima bera du

2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Iragan asteazkenean, arrandia handiz, Nafarroako Gobernuak bosgarren enplegu plana aurkeztu zuen. Aurkezpenaren argazkian, Maria Txibite lehendakariaren alboan, Nafarroa ofizialaren hiru protagonista nagusiak agertu ziren: CEN patronaleko presidente Juan Miguel Sukunza, CCOOko idazkari nagusi Chechu Rodriguez, eta UGTko idazkari nagusi Jesus Santos. Pandemiak ondorio sozioekonomiko larriak ekarri ditu, eta, aldi berean, Europatik datorren joerari jarraikiz, agerian utzi du ekonomiaren eraldaketa sakon baten erronka bizkortzeko beharra. Eta plana testuinguru horretan kokatu zuen Txibitek. Elkarrizketa sozialaren gorazarrea entzun zen lau protagonisten ahotan; hainbestekoa, ezen propaganda kutsu handia hartu baitzuen ekitaldiak. Baina hitzen atzean datuak daude, eta lau urtean 700 milioi euro inbertitzeko helburua jarri dute planean, eta nork egingo die uko 700 milioiri?

Ekitaldia Nafarroako Jauregi zaharrean egin zen. Hasi aurretik, jazz melodia lasai baten erritmoan mugitu ziren batzuen eta besteen jantzi dotoreak. Eszenografia horrek kutsu moderno bat eman nahi zion ekitaldiari, baina jauregiko patio zaharreko murruek islatzen zuten iraganaren itzal luzeari ezin diola izkin egin planak. Izan ere, aste honetan izenpetu den plana Nafarroan onartu den bosgarrena da, eta, UPNren agintaldietan, 1999tik 2009ra bitartean onartu ziren beste lau planek ere 1.200 milioi euroko inbertsio handia ekarri zuten. Sinatzaileak erakunde berberak ziren, eta orduan ere aldarrikatzen zuten Nafarroaren hobe beharrez jarduten zutela; egiazki, baina, onuradun nagusiak sinatzaileak eurak ziren: CEN, CCOO eta UGTk euren jarduera finantzatzeko modua zuten, eta UPNk eta PSNk bake soziala lortzen zuten trukean. Gatazkarik gabeko ekonomia.

Aurreko lau enplegu planek Nafarroa lau erakunde horien zerbitzura kudeatzeko eredua betikotu zuten. Funtzionamendu hura kontzeptu bakar batean laburbiltzeko atrebentzia izan zuten haren aurka egin zuten alderdiek eta sindikatuek: erregimena. Aurreko gobernuak erakunde horiei finantzaketa iturriak moztu bazizkien ere, PSNren gidaritzapean, oraingo planak agerian utzi du erregimen horrek bizirik jarraitzen duela, diskurtso eta forma berriak erabili arren.

Beste behin sinadura ekitaldian ez ziren ELA eta LAB izan. Bi sindikatuak ez datoz bat eredu horrekin, eta, aldi berean, akordioaren sinatzaileak deseroso leudeke bi sindikatuen aldarrikapenekin. Txibite gutxien-gutxienez bi sindikatuekin bildu izan da, baina hor amaitzen da dena. Lehendakariak asteazkenean aldarrikatu zuen «egon nahi ez duten sindikatuak» ez daudela, eta ez dutela inor baztertu.

Aitzakia ELA eta LAB saihesteko

Hori irudikatzeko formula egokia topatu dute. Barcinaren agintaldiaren amaieran, 2014aren amaieran, CCOOri, UGTri eta CENi finantzaketa bermatzeko, Gizarte Elkarrizketaren Kontseilua sortu zuten UPNk eta PSNk. Nahiz eta Uxue Barkosen gobernuak kontseilu horri finantzaketa oro kendu, ez zuen organoa desegin, eta orain Nafarroako etorkizuneko auziak eztabaidatzeko foro gisa aukeratu dute. ELArentzat eta LABentzat iraingarria da organoa bera, eta, horren jakitun, gobernuak aitzakia topatu du haien presentzia saihesteko.

Baina larriena ez da hori. Larriena da sindikatuen artean CCOO eta UGT gain behera doazela egun, eta jada ez direla iristen Nafarroako langileen ordezkaritzaren %50 izatera. Ba al dute zilegitasunik eurak bakarrik agertzeko langileen ordezkari gisa?

Bestalde, irudi luke Nafarroako enpresa guztiak CEN elkartean bilduta daudela. Patronal horren jatorrizko bekatua da ez duela ematen ekonomian duen pisu errealaren daturik. Aldi berean, ANEL eta beste enpresa elkarte batzuk ez dira aintzat hartzen. Hori al da Txibitek saldu nahi duen gobernantza eredua?

Horrek guztiak ez du esan nahi Nafarroaren eraldaketa ekonomikoari aurre egin behar ez zaionik. Txibitek asteazkenean adierazi bezala, bere larrian, oraingo unea baliatu egin behar da egitura ekonomiko eta sozialean aldaketa sakonak egiteko. Haatik, enplegu plan hori nola gauzatuko den ikusi zain, halako kontzeptu nahasketa bat antzematen da egitasmoaren atzean. Batetik, enplegu eta lehiakortasun planizendatu beharko lukete. Izan ere,diskurtsoetan, genero berdintasunari eta lan segurtasunari garrantzi berezia eman bazitzaion ere, egiazki, diru kopuruei dagokienez, enpresen lehiakortasun alorrak hartuko du pisurik handiena, enplegu politika aktiboekin batera.

Bestetik, enplegu planaren finantzaketaren iturri bat Europako funtsak izango dira, eta hori, aldi berean, pandemiaren ondorioei aurre egiteko Suspertu Planarekin nahasten da. Ezin jakin non hasten den bata eta non amaitzen den bestea. Ezin jakin nafarrek zenbat diru jarriko duten eta EBtik zenbat iritsiko den. Ezin jakin, era berean, ea planak adierazten dituen asmo oneko ekintza horietako batzuk erakunde sinatzaileek kudeatuko ote dituzten, hori baitzen iraganeko enplegu planen akats nagusia. Inbertsioen nondik norakoek markatuko dute egiazki eraldaketa baterako palanka ote den, ala kontzeptu nahasketa hori sinatzaileen intereserako baliatu nahi den.

Maiz esaten da historia ez dela errepikatzen baina errima bera izan ohi duela. Eta hori gertatzen zaio bosgarren plan honi: iraganekoen errima bera duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.