joxerra senar
GEURE KONTU

Magiak ez du balioko orain

2022ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Asteburu honetan hamar urte bete dira Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidente gisa bere hitzaldirik sonatuena eman zuenetik. Italiako eta Espainiako arrisku sariak borborka eta euroa amildegirako bidean, Draghik hitzaldi hartan esan zuen «behar zen guztia» egingo zuela diru bateratua salbatzeko. Hitz miragarri haiek balio izan zuten merkatuak baretzeko. Hamar urte geroago, amaitutzat jotzen zen istorio hark jarraipena izan du asteon, bere ukitu ironikoarekin. Izan ere, protagonista berberak, krisi hartako heroiak, Italiako lehen ministro kargua utzi du, eta, dimisioaren ondorioz, Italiako arrisku sariak nabarmen egin du gorantz: Alemaniako bonuaren eta Italiako bonuaren arteko aldea 3,6 puntukoa da.

Oraindik ere urrun jarraitzen du duela hamar urteko zorraren krisian ailegatutako sei puntutik gorako mailatik, baina inbertitzaileen arabera, 4 puntuko mailara iristeak jada izua eragin dezake. Gertatutakoa ohartarazpen argi bat da: gauzak are okerrago jar daitezke. Dagoeneko nahikoa buruko min ez bazuen, Europako Banku Zentralak badu kezkatzeko arrazoi bat gehiago. Italiaren zor publikoa barne produktu gordinaren %150eko mailara ailegatu da, eta EBZk azken hamar urteetan merkatuetan egindako esku hartzeari esker eutsi dio egoerari. Banku zentralaren koltxoi hori ez du baliatu bere gehiegikeriatan atzera egiteko, eta Italiaren zorrak gainditu egiten du egun Espainiakoa, Greziakoa, Irlandakoa eta Portugalgoa; hots, laurak batuta ere, handiagoa da.

Orain, testuingurua bestelakoa da. Uztail hasieran EBZk estatuen zor publikoa erosteari utzi zion. Behin aterki hori gabe eta tamainako zor publikoaren aurrean, Italiako hamaikagarren krisi politikoak mugak zeharkatu eta euroaren krisia errepikatzeko arriskua dago. Mehatxuaren jakitun, EBZk atzera egin eta azkar erreakzionatu du. Osteguneko bilera erabakigarrian, Christine Lagarde EBZko presidenteak mekanismo berri bat aurkeztu zuen: Diru Politikaren Transmisioa Babesteko Tresnaren bidez zorra erosiko da, eta haren bolumena «diru politika eraginkorra izateko dauden arriskuen araberakoa» izango da; hau da, herrialde batzuen arrisku sariak zenbat igo, halako erantzuna emango du EBZk.

Horrek erakusten du egungo egoeran azken 11 urteetako diru politika berezian atzera egiteko zailtasun bereziak dituela EBZk. Dena den, energia kostuen igoeraren ondorioz, inflazioa %2ko helburu historikotik oso goitik dago, eta interes tasak igotzeari ekin dio. %0,25ekoa espero zen, eta azkenean %0,5 igo du. Mezu argia eman die eragile ekonomikoei. Diru merkearen aroa amaitu da, eta zorraren interes tasak igo egingo dira datozen hilabeteetan. Ekain amaieran, Laboral Kutxak zioen aurten %1,25era eta 2023an %2,25era heldu zitezkeela.

Batetik, zorra; bestetik, inflazioa; tartean, ekonomia, eta, ostertzean, gerra. Zaila dirudi ur horietan nabigatzea eta tentsio egoerak ekonomiari eragingo ez diola pentsatzea. Errusiak gas hornidura etengo ote duen susmopean, asteon, Europako Batzordeak plan bat prestatu du estatu kideek %15erainoko murrizketa egin behar izateko. «Errusia xantaia egiten ari zaigu, eta energia arma gisa erabiltzen ari da», azpimarratu zuen Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak. Plan horren aurka irmo azaldu dira, besteak beste, Espainia eta Portugal. Iberiar penintsulara Errusiako gasaren %10 baino ez da iristen, eta Bruselaren asmoa «sakrifizio onartezina» dela esan du Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologikoko ministroak. Duela hamar urte, zorraren krisian Alemaniak eta Herbehereek erabilitako argudio berak erabili ditu Riberak, eta azaldu du energia arloan ez direla bizi «euren aukeren gainetik». Lerro artean uler liteke iparraldeko herrialde batzuek bai bizi izan direla.

Putinekiko menpekotasun energetikoa eta haren aurkako estrategia garesti atera daitezke. Gerraren lehen asteetan aise aipatzen zen mendebaldeak Errusiari ekonomikoki ordainaraziko ziola gerra hastea, baina erantzun haren zama batik bat Europak nabari du (ez AEBek). Gatazkak aurrera egin ahala, kolokan dago proiektu bateratuaren sendotasuna. 2012an bezala. Oraingoan, hitz magikoek ez dute balioko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.