Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Estrategiak agintzen du

2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Duela ia lau urte, 2018ko urtarrilaren 15ean, pentsiodun talde bat Bilbon batu zen, pentsioen erosteko ahalmenaren galera salatzeko. Protesta horiek lehenik Hego Euskal Herrira hedatu ziren, gero beste leku batzuetara, eta ez dute etenik izan orain arte. Gauzak sinplifikatuz, esan daiteke ehuneko batek piztu zuela mugimendua, %0,25. Hura zen PPren 2013ko erreformak finkatu zuen gutxieneko kopurua pentsioak eguneratzeko, baina gehienekoa ere bilakatu zen, pentsioak hein horretan handitu zirelako 2014-2017an, Gizarte Segurantzak defizita zuelako. Protestek izan zuten ondorioa: 2018an ere %0,25 igo nahi zituen Mariano Rajoyren gobernuak, baina EAJrekin igoera handiagoa itundu zuen, aurrekontuak onartzeko botoak ziurtatzeko.

Orduz gero, paper bustia izan da PPren erreformaren atal hori, PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak ez baitute inoiz aplikatu. Gainera, ostegunaz geroztik, lege zaharkitu bat ere bada, haren ordezkoa onartu baitzuen Espainiako Kongresuak. Aurrerantzean, aurreko urteko batez besteko inflazioa adina handituko dira pentsioak, eta ez dute aldaketarik izango KPIa negatiboa bada.

Lege berriak ez ditu asebete pentsiodunak, ez behintzat astelehenero eta aldian aldiro manifestatzen direnei —mugimenduaren hastapenetan baino kopuru apalagoetan, dena esan behar bada—. Eta, aurrerapauso batzuk onartuta ere, hotz utzi ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren aldarrikapenak bere egin dituztenak, haien artean ELA eta LAB sindikatuak. Asteazkenean, pentsioen erreforma onartzearen bezperan, milaka lagun batu zituzten hiriburuetan eta herri nagusietan pentsioen eta lan erreformen edukien aurka. Data ikusita, manifestazioak euskal alderdi politikoei egindako ohar gisa uler daitezke, eta ELAk ez du ezkutatu helburua ez zela hori. «EAJk eta EH Bilduk aukera dute bertan behera uzteko pentsioetan planteatzen diren murrizketak. Hori da gaurko manifestazioan eskatu nahi duguna», aldarrikatu zuen Mitxel Lakuntzak. Hain modu garbian ez bada ere, presio egin zien Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ere, «botoak euskal langileen zerbitzura jar ditzaten».

Erantzuna agian izan da sindikatuek espero zutena, baina ez da nahi zutena. Erreformak aurrera egin baitu, EAJren aldeko botoarekin eta EH Bilduren «abstentzio kritikoarekin». Iñaki Ruiz de Pinedo diputatu independentistak keinua egin zion pentsiodunei mugimenduari; erreforma «aukera galdua» zela esan zuen, baina ez zuen aurkako botorik eman. Hortaz, uler daiteke haren botoa ezinbestekoa izan balitz agian erantzuna beste bat izan ahal zela. Azken finean, haren aliatu nagusiak, ERCk, erreforma babestu zuen, eta harekin batera negoziatutako zuzenketa batzuek aurrera egin zuten.

Aurrekontuak ere bai

Esanguratsua da ELAk euskal errepublikaren aldeko aldarrikapena egin eta astebetera, errepublika hori modu argi batean babesten duen talde politiko bakarrak—erakundeetan ordezkaritza dutenen artean, bederen— muzin egin diela sindikatuaren eskaerei. Eta ez behin, baizik eta gehiagotan: Lakuntzak Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak ez babesteko eskatu eta hiruzpalau ordura, EH Bilduk lehen aldiz egin zuen itun bat Iñigo Urkulluren gobernu batekin 2022ko kontuetarako. Eta ez da ahaztu behar Nafarroako Gobernuaren aurrekontuek ere koalizio independentistaren babesarekin egin dutela aurrera.

ELAk ez du aukera galdu EH Bilduk lorpen gisa saldutakoak gutxiesteko, «propaganda hutsa» direla esanez. Sindikatuak gogorarazi duenez, berritzat jotako partida asko aurreko urteetatik datoz edo 2022tik aurrera bideratuko dira, eta neurri batzuk politika publikoak aldatzeko «konpromisorik ez dakarten txostenak» izango dira.

Aho txikiagoarekin izan bada ere, LABek ere bere ezinegona adierazi du: «Aurrekontuok herri honetako gehiengo sindikal eta sozialak kalera ateraz egiten dituen aldarrikapenei erantzun egoki bat eman gabe jarraitzen dute».

Arnaldo Otegik modu nahiko diplomatikoan erantzun die kritikei: «Haien iritzia errespetatzen dut, [...] baina aurrekontuak bai ala bai izango ziren. Murrizketak bazeuden. Guk galga jarri diegu zati batzuei». Baina jakina da —edo jakina izan beharko luke— aurrekontuak arrazoi politiko hutsengatik onartzen eta baztertzen direla, ez hemendik hara milioi batzuk mugitzeagatik. Adosteko borondatea egonez gero, diru sail zehatzak moldatzea ez da hain-hain zaila, eta egun batean onartezina dela (neoliberala?), di-da batean bihur daiteke onargarria (aurrerakoia?). Hori EH Bilduk egin du orain, eta beste batzuek egin dute beste egoera batzuetan.

Azken finean, politika da, eta talde bakoitzak bere estrategia dauka. Eta EH Bildurenak nahiko garbia dirudi orain: Espainiako Gobernuari bidea erraztea Madrilen, gobernatzeko prest dagoen talde baten gisa azaltzea Gasteizen, eta PSNri Navarra Suma berriro besarkatzeko arrazoirik ez ematea Iruñean. Beste modu batera esanda: sindikatuen aurrean ongi geratzearen eta bere burua indar praktiko gisa aurkeztearen artean aukeratu behar zuen EH Bilduk, eta hala egin du. Ikusteko dago zer ondorio izango duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.