Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Upela, upela, jokoa da ustela

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Beste fase batera igaroko da bihar gerra. Ez Ukrainaren eta Errusiaren artekoa, baizik eta haren ondorioz Errusia eta Mendebaldea maila ekonomikoan borrokatzen ari direna. Gaur gauerditik aurrera, Europako Batasuneko enpresek debekatuta izango dute Errusiako petrolio gordina erostea. Salbuespen batzuk badaude, ordea: Druzhba petroliobideak irekita jarraituko du Hungaria, Eslovakia eta Txekiarentzat, eta Bulgariara iritsiko dira petroliontziak Errusiatik. Baina hori Errusiatik iristen den petrolioaren zati txiki bat besterik ez da. Bahimenduak bigarren urrats bat egingo du otsailean, gasolioa eta petrolioaren beste eratorriak erosteko debekua indarrean jartzen denean.

Baina EBtik kanpokoentzat ere egoera berria zabalduko da bihar. Izan ere, EBk, AEBek eta haien aliatuek erabaki baitute gehienez 60 dolar ordainduko dutela Errusiako petrolio upela.

Eta hori nola egingo dute? Bada, ahal dutelako, edo, neurri batean behintzat, ahal dutela uste dutelako. Mundu osoko petrolio konpainiek eta beste inportatzaileek Greziako,Zipreko eta EBko banderapeko itsasontziak baliatzen dituzte Errusiatik beren helmugara petrolioa garraiatzeko. Eta petrolio horri asegurua egin behar zaio, inork ez baititu hamarnaka milioi munduko mutur batetik bestera eramaten aseguru bat egin gabe. Petroliontzi handienek bi milioi upel garraia ditzaketenez, dirutza jarri behar da aseguruetan, eta gehien-gehiena EBko eta Erresuma Batuko konpainiek egiten dute.

EBri egokitu zaio Errusiako petrolioari gehienezko prezio bat jartzea, eta 60 dolar hautatu ditu. Handiegia, Mosku kosta ahala kosta zigortu nahi duten auzo mesfidatientzat (Polonia eta Baltikoak), baina neurrikoa AEBentzat. Haiena izan zen ideia, beldur zirelako EBk Errusiako petrolioa mugitzea erabat oztopatuko ote zuen. 60 dolarreko prezioarekin, AEBak ziur dira Errusiak jarraitu ahal izango duela bere petrolioa saltzen, ez dela hutsune handirik sortuko nazioarteko merkatuetan, eta upelaren prezioa ez dela asko igoko. Berez, azken asteotan petrolio gehiena prezio horretatik behera saldu behar izan du Errusiak, Europak erosi nahi ez dizkion upelak deskontuarekin eskaini behar dituelako.

Ontziak Indiara doaz

Ikusteko dago prezio muga eraginkorra izango ote den. Errusiak ez du besterik gabe onartuko Mendebaldeak bere diru iturri nagusia murriztea. Moskuk behin eta berriro esan du ez diola upelik salduko prezio muga onartzen duenari, eta horretarako bide bat aurkitu duela dirudi: itzalpeko ontziak. Hau da, ohiko itsas konpainietatik kanpo lan egiten dutenen petroliontziak. Financial Times-ek atzo argitaratu zuenez, azken asteetan ehunen bat petroliontzi zahar eskuz aldatu dira. Erosleek ez dutenez izenik eman, pentsatzekoa da horietako gehienak Errusiaren petrolioa garraiatzeko erabiliko direla.

Nahikoak izango al dira? Nekez, diote adituek, estali beharrekoa handia baita: 2021ean, Europara joan zen Errusiak esportatutako petrolioaren %58. Rystad aholkularitza etxeak kalkulatu du 60-70 petroliontzi faltatuko zaizkiola. Arrazoietako bat da orain baino bidaia luzeagoak egin beharko dituztela helmugara iristeko; India bilakatu da orain Errusiako petrolioaren erosle nagusia, egunean milioi bat upel erosten dizkiolako, baina urrunago dago Errusiako putzuetatik Europa baino, eta horrek esan nahi du ontzi horiek karga gutxiago hartu ahal izango dutela.

Hilabete batzuk barru ikusiko da bahimenduak eta mugak Errusiako makina militarraren finantzaketari kalte egin ote dion, orain arte ez baitu halakorik egin. Urteko lehen hamar hilabeteetan heren bat ugaldu dira Errusiak gas eta petrolio esportazioengatik lortutako dibisak, gerrak prezioak igo izanak konpentsatu baitu galdu duen apurra: azaroaren lehen erdian 10,85 milioi upel ekoitzi ditu egunean, gerraren aurretik egiten zuena baino 200.000 upel gutxiago besterik ez (-%2).

Baina horrek ez du halabeharrez esan nahi Errusiak luzaroan eutsi ahal izango dionik. Itsasontziak eta erosleak aurkitu behar ditu, kargamentuei aseguruak egiteko dirua, baina arazo teknikoak ere izan ditzake, Mendebaldeko teknologia erabiltzen duelako erregai fosilen industrian.

Luze doa gerra Ukrainako frontean, baina luze joko du upelen inguruko joko ustelak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.