Manu Aierdiren dimisioa

Agur esan dio gobernuari

Manu Aierdik dimisioa aurkeztu dio Maria Txibiteri, argudiatuta politikoki eta mediatikoki ez dela ona egoera luzatzea. Haren ustez, Auzitegi Gorenak oraindik ez du adierazi 'Davalor auzian' ikertua dela

Manu Aierdi, atzo, prentsa aretoan, eta, hari begira, babesa emanez, Jose Mari Aierdi, Yolanda Blanco eta Maitena Ezkutari. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
«Bizitzak aurrera jarraitzen du. Aro bat itxi da niretzat». Manu Aierdik agur esan dio Nafarroako Gobernuari. Atzo, komunikabideen aurrean egindako agerraldian, euskaraz eta gazteleraz adierazpen bat irakurri zuen, eta, amaitutakoan, dimisio gutuna helarazi zion Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariari. Aierdik argudiatu zuen Davalor auzian oraindik ere Gorenak ez duela argitu ikertua izan ote den, eta ondorioz, ez zegoela behartuta kargua uztera. «Hala ere, sortutako egoera politikoa eta mediatikoa ikusita, uste osoa dut egoera hau luzatzea ez dela ona niretzat, ez nire inguruarentzat, ez eta une konplexu honetan Nafarroak behar duen egonkortasunarentzat ere». Horregatik, erabaki du dimisioa aurkeztea.

Irakurri gehiago: Nafarroako ekonomiaren lemazaina

Ikusmin handia zegoen. Aierdiri babesa emanez, aretoan izan ziren Jose Mari Aierdi presidenteordea eta Yolanda Blanco Industria zuzendaria. «Ez dira une atseginak» esanez hasi zuen bere adierazpena, eta galderarik ez zuela onartuko argi utzi zuen. Ahotsa urratua nabari zitzaion, eta, eskerrak emateko unea heldu zenean, familia aipatzean hunkitu zen bereziki: «Haiek sufritu dute batez ere neuk denborarik ez izatea eta komunikabideen aurrean azaldu beharraren ondorioa».

Urtarrilaren 21ean, Gorenak diligentziak ireki zituen, eta, biharamunean, gobernuak bere egoerari buruzko txostena pasatu zion Aierdiri. 14/2014 foru legeko 68. artikuluak zehazten duenez, kargudun publiko bat ikertua izatea ez da bateragarri ardura horrekin. Larunbatean, Aierdik Javier Remirez presidenteordeari erantzun zion oraindik ez zela bete foru legeak jasotako baldintza. «Nire egungo egoera prozesalean ikertua ez naizela sinetsita, abokatuek argibide eskaera bat erregistratu zuten Gorenean, auzitegiak berak ezar zezan nire egoera ikertuarena den edo ez. Orain arte, erantzunik ez dut jaso».

UPNk jarritako kereila «oinarri gabekotzat» jotzen du Aierdik, eta argitu du «erabat lasai» dagoela auziaren funtsari dagokionez. «Bost urte baino gehiago iragan ondoren, UPNk gai honetan duen obsesioa ia patologikoa da. XXI. mendeko Nafarroa gidatu nahi duen indar politiko bati buruz ez du batere ondo hitz egiten».

Eskerrak eman zizkien Uxue Barkosi, Maria Txibiteri eta 2015etik bere alboan lan egin duten guztiei. Mikel Irujok ordezkatuko du, eta «arrakastarik onena» opa dio. 2015eko abuztutik gobernuko kontseilari izatea «ohorea» izan dela azpimarratu, eta azken gogoeta bat eginez amaitu zuen agerraldia: «Bidaltzen diren seinaleekin, jarduera politikoa ez da erakargarria kanpotik begiratzen gaituzten pertsona askorentzat, baina, gaur eta egoera honetan, politika ona inoiz baino beharrezkoagoa dela esaten dizuet».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.