Espetxe eskumena

Jaurlaritzarena da lema

Sistema «humanitario» baten alde egin du Beatriz Artolazabal sailburuak: «errehabilitazio soziala» bultzatuko duena. Gernikako Estatutuan aurreikusten ziren eskuduntza transferentzietako bat da

MIGUEL TOÑA / EFE.
Javi West Larrañaga.
Basauri
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Hormaren kanpoaldean «egun historikoa» izan zen atzokoa. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Eusko Jaurlaritzaren armarri berria estalgabetu zuen Basauriko espetxean (Bizkaia), eta Gernikako Estatutuan aurreikusita zegoen eskuduntza baten transferentzia irudikatu. Harekin egon ziren hango zuzendaria eta Martuteneko eta Zaballako kartzeletako zuzendariak, hemendik aurrera Jaurlaritzaren menpe egongo diren hiru espetxetakoak, hain zuzen.

[YouTube]https://youtu.be/8DXQiF9osRA[/YouTube]

Egun historikoa izanagatik ere, presoentzat egun normal bat gehiago izan zen. Hura izan zen behintzat Artolazabalen helburua, haien egunerokoan desberdintasunik ez eragitea. «Dagoeneko lanean jarri gara trantsizio ordenatua egiteko, jarraitutasun irizpide batetik abiatuta», azaldu zuen sailburuak. Goiz hasi zuen aurkezpena Artolazabalek, kaleko jantzita ilaran itxaroten zeuden langileak ukabilarekin banan-banan agurtu eta gero. «Ba, ongi etorri», esan zion azken-aurrekoak.

Sarreraren aurrean zeuden mikrofonoak, burdinazko ate erraldoi baten aurrean. Espetxeetako zuzendariak ondoan, Artolazabalek garaipen bat zela azaldu zuen: «Berrogei urte geroago, Gernikako Estatutuaren eskumen garrantzitsu bat gauzatu da». 1979tik transferitu gabeko eskumenetako bat da, azken urteotan Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin adostutako bat. Kudeaketa «hurbilago» batek hobekuntzak ekarriko dituela adierazi zuen, «hamarkada askotako autogobernuak» erakusten duen moduan. «Errehabilitazio soziala» bultzatuko duen espetxe sistema «humanitario» baten alde egin zuen Artolazabalek, eta esan zuen justizia «modernizatzea» dela haien helburuetako bat. Sailburuaren arabera, genero ikuspegia, biktimentzako arreta, talde ahulenekiko hurbiltasuna eta giza eskubideen defentsa izango dira sistemaren ardatza. Eusko Legebiltzarrean adostasun handiz onartutako oinarriak zirela gogorarazi zuen, eta lehenagotik Jaurlaritzarena zen arlo batetik abiatuko direla esan: «Badakigu nora iritsi nahi dugun. Harrotasunez begiratzen dugun ispilua Gazte Justiziaren euskal sistema da».

Ikusi gehiago.Julen Guaresti, Salhaketako kidea: «Askatasunaz gabetzen ez duen eredu bat behar dugu»

Artolazabalek hiru zuzendariei eskertu zien emandako laguntza, kartzelen kudeaketa «lan konplexu» bat izanda, «lehorreratzen laguntzeagatik», eta haien erantzukizunak berretsi zituen, Eusko Jaurlaritzaren menpe ere postuan jarraituko dutela azalduz.

Ia 600 dira hiru kartzeletako langileak, bostetik bat emakumeak. Presoak, aldiz, ia 1.400. Erdiak baino gehiago Zaballan, eta laurden bana Martutenen eta Basaurin. Plastiko zuri batek estaltzen zuen Eusko Jaurlaritzaren armarria eta kartzelaren izen berria. Artolazabalek kendu zion estalkia soka batetik tiratuz, eta zuzendariek eta langileek txalo egin zioten. Bizkaiko espetxea jartzen du kartelak. Martutenekoa eta Zaballakoa Gipuzkoakoa eta Arabakoa izango dira, hurrenez hurren.

Aukera berriak

Herenegun onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Aukerak izeneko Gizarteratzearen Euskal Elkargoa sortzeko legea, eta preso ohiak gizarteratzea eta lana aurkitzen laguntzea izango du helburu. Artolazabalek hura ere goretsi zuen: «Ikusten duzuenez, izena bera da asmoen adierazpen bat».

Sailburuaren arabera, bestelako metodoak erabiliko dituzte espetxeetan. «Segurtasun neurrien aplikazioan jarrera defentsiboa saihestu nahi dugu, neurri terapeutiko eta hezkuntzakoen alde eginez».

Eusko Legebiltzarrean izandako kontrol sesioan, Artolazabalek transferentzia gauzatzeko egindako lana defendatu zuen, eta, beharginen lan baldintzengatik galdetuta, «mantendu eta, kasu batzuetan, hobetu» egingo dituztela azaldu. Soldatei buruz, Eusko Jaurlaritzako administrazioko gutxienekoa kobratuko dutela bermatu du: «Batzuentzat soldata igoera bat izango da».

Horren harira gogorarazi zuen Eusko Jaurlaritzak akordio bat sinatu duela Acaip-UGTrekin, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzeletan gehiengoa daukan sindikatuarekin, hain zuzen ere.

Beste aldetik, ELAk protesta egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, ez duelako Acaip-UGTren eta Jaurlaritzaren arteko akordioa onartzen. Sindikatuaren arabera, akordioak espetxe eredu berria «hipotekatzen» du, eta Espainiako modeloaren jarraipena dakar, ez duelako aurreikusten enplegu publikorako eskaintza baten bidez handitzea langile kopurua.

Pribatizazioa

Gainera, sindikatu abertzalearen aburuz, akordioak pribatizaziorako aukerak handiagotuko ditu, eta ez du kontuan hartzen ez euskalduntze planik, ez berdintasun planik, ezta formakuntza egitasmorik ere. Arrazoi horiek zerrendatu ditu «espetxe sistema propio» baten alde egiteko, «iraganeko hipotekarik» ez duena izango, eta presoen gizarteratzea oinarri izango duena.

Labur joan zen Bizkaia espetxearen aurkezpena, sailburuak kontrol saioa zeukalako Eusko Legebiltzarrean. Ondoren, txaloak, eta Coldplay bozgorailuetatik. «Nobody said it was easy», eta «back to the start», hasiera berriak iragartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.