Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Guillen Carroza. Unidas Podemoseko bigarrena Nafarroan

«Estatuaren estoldek ez diote jazartzen alderdi bati hura erosterik badute»

Akatsak egin dituztela onartu arren, Carrozak argi du zein aldetan dauden eta nor defendatzen duten. «78ko erregimenak irtenbide zentrista gisa saldu nahi du PSOEren eta Ciudadanosen arteko ituna». Haren ustez, irtenbide hori eragozteko alternatiba da Unidas Podemos.

joxerra senar
Iruñea
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Guillen Carroza (Iruñea, 1979) sinetsita dago nabarmen hobetuko dutela inkestek iragartzen dietena. Unidas Podemoseko zerrendetan bigarren aurkeztuko da, Ione Belarraren atzetik, eta, Nafarroan lehia estua bada ere, Kongresuan bi ordezkari lortuko dituztela uste du. «Inkestek adierazten dute zalantzatiak %40 direla. Inkestek zer gertatuko den aurreikusi baino botoaren zentzua bideratu nahi dutela dirudi».

Nola aurre egiten diezu hauteskundeoi?

Duten garrantzia emanez. Hauteskundeok ia izaera konstituziogilea dute. Eskuina bere onetik aterata dago; beste mende batera itzuli nahi gaitu, eta erregimenaren irtenbidea da gobernu zentrista PSOEren eta Ciudadanosen artean egitea. Horren aurrean, konstituzioa eta beste lege batzuk berritzeko alternatiba osatzen dugu, eliteen interesetatik harago, herritarrek euren bizitza benetan goberna dezaten.

Aurreko hauteskundeetan ere aipatzen zen Espainiako Konstituzioa aldatzeko beharra. Zergatik ez da ezer egin?

Indar korrelazioaren ondorioz. 71 diputatuarekin, ez dugu indar nahikorik hainbat gauza egiteko, baina eman digu indar nahikoa PSOE nahi ez zuen tokietara eramateko: gutxieneko soldata 900 eurora igotzea, aitatasun eta amatasun baimenak parekatzea...

Zer esaten diezu barne krisien ondorioz zuekin haserre edo atsekabetuta direnei ?

Erra gaitezke eta akatsak egin, alderdi gaztea baikara, baina guk badakigu zer aldetan gauden. Hiru urteotan, estatuaren estolden jazarpena jasan dugu, eta estatuaren estoldek ez diote jazartzen alderdi bati hura er osterik badute.

Lehia handia dago Nafarroan. Zer deritzozu egoerari?

78ko erregimena hilzorian dago, baina ez da hil. Iraganean irudikaezinak ziren agertokiak ireki daitezke. Nafarroan, herritarrek ulertu dute eraginkorragoa dela beste Espainia batean sinesten duen alderdi baten alde apustu egitea. 71 diputaturekin, autogobernua defendatu dugu; inposizioen eta bestelako diskurtsoen gainetik, elkarrekin bizi daitekeen beste Espainia baten alternatiba gara.

Zer autokritika egiten duzue?

Pentsatu genuen beste alderdien gaitzek ez zigutela eragingo, berez alderdi ororen berezko ezaugarri direnean. Alderdiak boterea banatzen den eremuak dira, eta inozoegiak izan ginen hortik kanpo geundela pentsatuta. Asko ikasi dugu, eta ezin dugu zentzua galdu: boteretsuen menpekotasunetik libre gara, ez baitiegu dirurik eskatu bankuei.

Eskuinak bat egin du Nafarroan. Zeri erantzuten dio horrek?

UPN ez da gai izan lau urteotan diskurtso koherente bat osatzeko, eta konponbide erraz bat bilatu du, baina, botoak gehitu ordez behera egingo dute. Militante askok ez dute ulertzen aliantza egitea mugimendu antiforalista batekin edo alderdirik ustelenarekin. PPk Barne Ministerioa erabili du Ahal Dugu-ren eta beste indar politikoen aurka.

Kanpainaren aurretik jakin da Villarejo komisarioa eta beste polizia batzuk Pablo Iglesias zelatatzen aritu zirela. Hala ere, ez du izan oihartzun handirik.

Gai honen inguruan argirik izatea eragotzi nahi dute. PSOEk, PPk eta Ciudadanosek Kongresuan Villarejo ikerketa batzordera joatea eragotzi zuten. Azaldu beharko lukete zergatik, demokraziaren funtsari egin baitzaio eraso.

Ciudadanosek Navarra Sumaren akordioan dio Hitzarmen Ekonomikoa errespetatuko duela , baina bere programan Kontzertu Ekonomikoan kupoa kentzea proposatzen du.

Ciudadanos iaioa da gezurra esaten, gauza bat esan eta bestea egiten. Horregatik, oso kezkatuta gaude Nafarroako autogobernuarekin.

Zergatik ez da posible izan aldaketako indarren arteko batasuna Espainiako Kongresuan?

Senatuan eskuinak gehiegizko ordezkaritza zuen, eta horregatik beharrezko izan da Aldaketaren moduko erreminta berriro erabiltzea Nafarroan. Uste dugu Kongresuan sistema proportzionala dela eta sentsibilitate desberdinak hobeto ordezkatuak daudela. Gehiengoak hainbat modutan islatzen uzten du.

Zer eragin izango du Vox alderdiak hauteskundeotan?

Eskuin muturraren fenomenoa mundu osokoa da. Sistema kapitalistak dar-dar egiten duenean, munstroak agertzen dira, albokoaren aurkako irtenbideak proposatuz jendeari. Emakumeen eta etorkinen aurkako gorrotoa zabaltzen dute, herritarrek ez dezaten jo krisi honen benetako errudunengana.

Kalte egin diezaioke Navarra Sumari?

Vox-en arazoa da eskuina eskuin muturrerantz bultzatu dutela. Vox-ek botoak kenduko dizkien beldur, beste mende bateko mezua erabiltzen ari dira.

Nazionalismo espainiarra hauspotzen ari dira?

Bai, baina aurrean bestelako Espainia bat dago, mugimendu feministarena, pentsiodunena,M-15 mugimenduarena.

Nork bete du zentroko eremu hori?

Indar guztiek euren eremuko nortasuna indartu nahi izan dute, eta guztiek zentroari uko egin diote. Gakoa bestelakoa da: 78ko erregimenak irtenbide zentristatzat saldu nahi du PSOEren eta Ciudadanosen arteko ituna. Bi alderdion arteko gobernu bat eskuinekoa litzateke, argi eta garbi.

PSOEk ukatu du Ciudadanosekin bat egingo duela. Zenbakiek emanez gero, hori bilatuko du?

Hura zen lehen aukera Pedro Sanchezentzat 2016an, Pablo Iglesiasek zentsura mozioaren gehiengoa eraiki zion arte. Iglesias izan zen euskal nazionalisten eta kataluniarren solaskide; gehiengoa mahai gainean jarri zion.

Akordio horrek isla izan dezake Nafarroan?

Nafarrontzat beste atsekabe bat litzateke. 2007ko abuztuan edo 2014ko martxoan egindakoaren beste errepikapen bat. Horregatik, milaka boto emailek PSNri botoa emateari utzi zioten. PSNk asko du aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.