Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Guillen Carroza. Unidas Podemoseko hautagaia Nafarroan

«PSOEk PPrekin koalizio handia osatzeko asmoa du, krisia kudeatzeko»

«Sanchezek diskurtso bat du astelehenean, beste bat asteartean eta beste bat asteazkenean». Unidas Podemosen arabera, PSOEk ez du borondaterik izan eurekin negoziatzeko. Ciudadanosen gainbehera ikusita, Carrozak uste du Pablo Casadori eskua luzatuko diola.

joxerra senar
Iruñea
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Ione Belarraren ondoren, Unidas Podemosen zerrendan bigarrena da Guillen Carroza (Iruñea, 1979). Apirilaren 28an ez zuen bete helburua, baina hilabeteotan guztiotan Madrilen izan da aholkulari lanetan. Gertutik ezagutu ditu PSOEren eta UPren arteko nondik norakoak. Harrituta dago Pedro Sanchezekin: «Primarioak irabazi zituen ezkerreko diskurtso batekin, Espainiaren nazio aniztasuna aldarrikatuz, eta, orain, Susana Diazen eskuinean dago».

Zein da zuen helburua?

Nahikoa babes lortu nahi dugu PSOE ez dadin ausartu bere egitasmoa betetzera. Bere asmoa da, eta jada ez du ezkutatzen, PPrekin koalizio handi bat osatzea hurrengo krisia kudeatzeko. Aspalditik dute plana egina.

Non geratzen da Ciudadanos?

Inkesten arabera, ez du nahikoa babes lortuko PSOEk behar duen giltzarria izateko. Ematen du PSOEk Casadori eskua luzatu beharko diola. Mariano Rajoyk eta Felipe Gonzalezek urrian aurreratu zuten aukera hori. Azkenean gauzatzen bada, PSOEk herrialde honetan gobernatu dezakeen azken aldia izan daiteke.

Zergatik?

Bipartidismoaren fikzioari uko egin beharko lioketelako. Denok dakigu politika ekonomiko antzekoa dutela, baina beti aurkezten dira eskuineko eta ezkerreko alderdi moduan. Elkartuz gero, PSOEk ezingo luke hori egin.

Hala ere, lehen bi indar nagusiak dira oraindik ere. Ez al zegoen bipartidismoa hilda?

Krisian sartu zen, eta oraindik ez da atera. Podemos agertu zenetik ez dira gai izan boterean txandakatzeko behar zuten gehiengo oso hori lortzeko. Bipartidismoa zaurituta dago, baina bizirik irauteko borroka egingo du.

Nafarroan, 2015ean eta 2016an bi diputatu lortu zenituzten, eta apirilean, bakarra. Diputatu bat lortzea espero duzue?

Bi diputatu lortzea egingarri ikusten dugu. Jendearen egiazko arazoei aurre egiteko tresna erabilgarria garela ikusi behar dute.

Kezkatzen zaituzte herritar batzuek pentsatzea Espainian gobernu bat osatu ez izanaren oztopo nagusi izan zaretela?

Gogoratu behar da guk egin genuela Pedro Sanchez presidente zentsura mozioan, guk negoziatu genuen beste indarrekin. Sanchezek bakarrik gobernatu nahi du; baina ez baduzu gehiengo osorik, ezin duzu bakarrik gobernatu.

Zer gertatu da udan?

Zoritxarrez, ez da ezer gertatu. Sanchezek ez digu telefonorik hartu. Sekula ere ez zaigu iruditu negoziatzeko asmorik zuenik. Bozketa izan baino 48 ordu lehenagorako utzi zuen elkarrizketa. Gobernu bat ez da negoziatzen 48 orduan.

Zer nahi zuen?

Babesa lortu nahi izan du ezer eskaini gabe, botoak oparitu geniezazkion. Uste du bere zazpi milioi botoek gure lau milioiek baino gehiago balio dutela.

Zertan huts egin duzue?

Bozen aurretik eta ondoren, promes egin zigun behin eta berriz koalizio gobernua egongo zela. Haren hitzez gehiegi fidatu gara.

Sanchezek gobernuan hiru ministerio eskaini zizkizuen. Zergatik ez zenuten onartu?

Ez gara besaulkiak betetzera etorri, jendearen arazoak konpontzera baizik. Eskumenik gabeko ministerioak izatea eritasun baten diagnostikoa izatea baina ezin sendatzea bezala da. Zertarako nahi duzu Etxebizitza Ministerioa izan, etxe kaleratzeak eragotzi ezin badituzu? Ez du zentzurik.

Baina ez da al da oso zaila orduan ezin zena orain lortzea?

Hautetsontziek esango digute posible ote den. Indar bakoitzak nahi duen koalizioaren alde egingo du. Ona litzateke bakoitzak aldez aurretik esatea.

Zuek errudun gisa agertzea lortu nahi izan dute?

Ivan Redondoren estrategiak nahi izan du euren akatsak guri ordainaraztea. Zorionez, ez zaio ongi aterako.

Sanchezen estrategiaren ardura du Ivan Redondo donostiarrak. Haren menpe dago PSOE?

140 urteko alderdi batek errespetu handiagoa merezi du. Alderdian ezin dira pozik egon, PPrentzat lan egin izan duen aholkulari batek ezartzen badie ildoa.

Pedro Sanchezek bestelako presioak izan al ditu?

CEOEk argi utzi du Unidas Podemos gobernuan egotearen aurka zegoela. Argi dago oligarkiek nahi dutela hurrengo krisia austeritate bidez kudeatzea berriro.

Motelaldia hemen dago, eta krisi bihurtuko dela diozu. Duela hamar urteko egoerarekin alderatuta, Europa hegoaldeko herrialdeek ez dute tarterik kontu publiko bidez ekonomiatik tira egiteko. Zer dator gainera?

Bipartidismoaren formula zein den badakigu: austeritatea. Horrek porrot egin du. Badira krisiari aurre egiteko bestelako bideak. Enpresaburu txiki batek eta Ibex-35eko enpresa handiek ordaintzen dutenaren arteko aldea oso handia da. Europara hurbildu behar dugu, eta gehien dutenek lagun dezatela konponbidean. Ez dezatela betikoek ordaindu, murrizketa sozial eta ekonomikoekin.

Kataluniako auziak zer eragin izango du?

PP eta PSOE elkar lotzeko beharrezko itsasgarria eta aitzakia da.

Independentistek demokraziaren ikuspegitik planteatzen dute auzia, eta konstituzionalistek, legediaren ikuspegitik.Zuek zer proposatzen duzue?

Egoera konponduko da politikaren bidetik eta elkarrizketaren bidez. Berehala osatu beharko litzateke mahai politiko bat Kataluniako alderdien eta estatuko alderdien artean; lanean jar gaitezen, zerbaitegatik ordaintzen digute eta. Kataluniako gaia botoak irabazteko erabiltzea arduragabekeria erabatekoa da.

Voxen presentzia normalizatzen ari da. Noren ardura da?

PPk gobernu itunak egin dituVoxekin hainbat erkidegoetan, eta haren diskurtso xenofobo eta matxista normalizatzen ari da. Gainera, estrategia hau guztia diseinatu dutenek Voxen igoeraren gainean erantzun beharko lukete. Halako kalkulu akatsik ezin dezake egin agintari batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.