Albistea entzun

Hauteskundeak

EAJk eta PSE-EEk «gobernabidea» bermatzeko akordioa egin dute

Bi alderdiek koalizio gobernuak eratzen lagunduko dute foru aldundi eta udal guztietan. Itunak ez du aipatzen instituzio jakinik, eta ez du argitzen zer jarrera hartuko duten PPren babesa behar dutenean
Eneko Andueza, Andoni Ortuzar eta Idoia Mendia, aurtengo otsailean, Fernando Buesaren eta Jorge Diezen hilketaren urteurren ekitaldian, Gasteizen.
Eneko Andueza, Andoni Ortuzar eta Idoia Mendia, aurtengo otsailean, Fernando Buesaren eta Jorge Diezen hilketaren urteurren ekitaldian, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2023ko ekainak 3

EAJk eta PSE-EEk atzo goizean itxi zuten udal eta foru erakundeetan gobernatzeko akordioa. Erakundeetan «egonkortasuna» bermatzeko esparru orokorra da, eta ez du espresuki aipatzen udalerri edo foru aldundi jakinik. Bi alderdiek akordioan jaso dute foru aldundi eta udal guztietan koalizio gobernuak eratzen «laguntzea» eta «ahalbidetzea». Beraz, konpromisoa hartu dute posible den udal eta foru instituzio guztietan 2015eko akordioa berritzeko. Alderdi biek ohar bidez jakinarazi zutenez, «gobernabidea» eta erakundeen «egonkortasuna» bermatzea da itunaren xedea, baina bestelako erronka batzuei aurre egiteko helburua ere badute: aipatu dute xede dutela, besteak beste, zerbitzu publikoak babestea, «desparekotasun egoeren» kontra egitea eta «justizia soziala» sustatzea. Halaber, erronka klimatikoari, demografikoari eta ekonomikoari erantzun nahi dio itunak.

Komunikabideei igorritako orrialde bakar batean eman zuten akordioaren berri. Agirian, EAJk eta PSEk diote 2015ean bi alderdiek sinatutako akordioak nabarmen «asebete» dituela, eta haren jarraipena dela orain lortutakoa. Era berean, haien ustez, euskal gizartearen isla da maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen ondorioz sortutako mapa «plural» eta «zatikatua».

Lortutako akordioa testuinguru orokorrean kokatu dute jeltzaleek eta sozialistek. Hala, azaldu dute ezen, COVID-19aren pandemiatik aterata, Ukrainako gerrak ekonomian, energian eta egoera geopolitikoan eragindako ondorioek egoera «konplexua» sortu duela, eta horregatik erabaki dutela erakundeen gobernabidea bermatzen saiatzea. Ziur daude, gainera, «elkarren kolaboratzaile» gisa EAJk eta PSE-EEk bete ahal dituztela ondoen helburu horiek.

Hiru foru erakundeetan eta udal askotan gobernuak elkarrekin osatzeko akordioa da. Beste era batera esanda, jeltzaleen eta sozialisten artean zerrenda bozkatuena denari elkarri emango diote botoa. Akordioaren ondorioz, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundia jeltzaleen esku geratuko da. Gainera, EAJk eta PSEk udal askotako alkatetzak ziurtatuko dituzte. EAJrena izango da aginte makila, adibidez, udalerri hauetan: Bilbon, Barakaldon eta Zornotzan (Bizkaia); Donostian, Legazpin eta Zarautzen (Gipuzkoa); eta Amurrion (Araba). Eta PSErenak izango dira, besteak beste, Irun eta Eibar (Gipuzkoa) eta Ermua (Bizkaia).

Alta, akordioa ez da aski izango beste hainbat erakundetako lema hartzeko, PPren botoak beharko baitituzte, adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gasteizko Udalean. Izan ere, EAJk eta PSEk gehiengorik ez dute bi erakunde horietan, eta eskuinaren babesa edo abstentzioa behar dute EH Bilduri alkatetza kentzeko.

Akordioa eginda, mugimenduak sumatzen hasi dira zenbait instituziotan. Esaterako, Maider Etxebarria PSEren Gasteizko alkategaiak arratsaldean iragarri zuen alkate izateko hautagaitza aurkeztuko duela ekainaren 17an. Sare sozialetan idatzitako mezu batean, esan zuen Gasteizek «anbizio handiz aurrera egin» dezan egingo duela urratsa.

Bestalde, EAJren eta PSEren arteko akordioa «borondateen batuketa» dela azpimarratu zuen Eneko Andueza PSEren idazkari nagusiak, eta ziur agertu zen modua emango duela etorkizunari «berme handiagoz» aurre egiteko. Haren ustez, herritarren ongizatea hobetzeko balioko du, eta ezinbestekoa izango da «erronka askori» erantzuteko.

«Gogoeta» egiteko eskea

Igandeko hauteskundeei buruzko erreakzioak Eusko Legebiltzarreko kontrol saiora iritsi ziren. Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak Iñigo Urkullu lehendakariari esan zion herritarrek «mezu argia» eman dutela, baina ez dutela interpretazio ona egin «baztertzen dituzten itunak» egiten dituztenek. «Gauzak beste era batera egin behar ditugula esan digute herritarrek. Ziklo aldaketa batean gaude». Kortajarenaren hitzetan, «lidergo berri eta partekatuen» alde bozkatu dute herritarrek, eta horrek gogoeta eskatzen du.

Lehendakariaren ustez, ostera, EH Bilduk hauteskunde emaitzen inguruan egindako interpretazioa «alderdikoia» eta «arriskutsua» da. Adierazi zuen «errespetu handia» diela emandako hitzari eta hartutako konpromisoei, eta gogorarazi iazko politika orokorreko bilkuran berrogei neurri zehatz dituen estrategia bat aurkeztu zuela, eta hori dela, hain zuzen ere, Jaurlaritzak 2023an planteatutako erronkei erantzuteko erabiliko duen bide orria.

Elkarrekin Podemosek, ostera, «etsigarritzat» jo zuen jeltzaleen eta sozialisten arteko ituna, instituzioetan «aldaketa aurrerakoia» eragotziko duela iritzita. Ohar batean, koalizioak kritikatu zuen akordioa ez dela bi alderdien artekoa, baizik EAJren, PSEren eta PPren artekoa. «Alderdi sozialistak, aldaketa aurrerakoia aukeratu beharrean, eskuineko hirukoa aukeratu du». Koalizioak ohartarazi zuen politikan botoak ez direla «doakoak», eta herritarrei «iruzurrik» ez egitea galdegin zien hiru alderdiei. «PPk ez ditu bere botoak musu truk emango, eta politiketan eskuinera jotzea eskatuko du».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Zelaia eta Barbado, Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu dituzte Gasteizen

Unai Etxenausia

Gasteizko Gobernu Militarreko balkoian atxiki dituzte, eta jendearen babes zabala jaso dute

Euskal Hirigune Elkargoak atzo bilera egin zuen Baionan. ©PATXI BELTZAIZ

«Madrilen euskaraz egin daiteke, eta Baionan ez», salatu dute elkargoan

Ekhi Erremundegi Beloki

Frantziako Estatuari gehiago eskatzeko agindu du Xabi Thikoipe Bil Gaiten taldeko hautetsiak, Euskal Hirigune Elkargoaren bileran

Iñigo Urkullu, atzo, Bilbon, Nueva Economia foroan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Irudi katastrofista» hauspotzen dutenak kritikatu ditu Urkulluk

Gotzon Hermosilla

«Laino beltzez betetako Euskadi baten ideia» sustatzen dutenek «onura politikoa» lortu nahi dutela salatu du lehendakariak hitzaldi batean
Zaballako espetxea, artxiboko argazki batean. / ©Raul Bogajo, Foku

Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.