Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa. Mikel Buil. Nafarroako Ahal Dugu-ko zerrendaburua

«Ontziaren norabidea aldatu dugu, eta PSNk geldiaraztea arriskutsua da»

Builek atzean utzi du talde barruko krisia, eta aurrera begiratu nahi du. Haren ustez, hurrengo legealdian aurre egin beharko litzaieke lurralde, genero eta lan arloko desberdintasunei: «Zer egingo den da garrantzitsuena. Bi aulkiren truke ez gara salduko».
JAGOBA MANTEROLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2019ko maiatzak 22 - Iruñea

Aurreko legealdian, oso garai zailak bizi izan zituen Mikel Builek (Iruñea, 1979). Parlamentu taldeko krisia piztu zenean, eledun kargutik kendu zuten, eta, aldi berean, amari iragarri zioten hilabete gutxi geratzen zitzaizkiola bizitzeko. «Argi izan nuen non zegoen lehentasuna, eta nolabait ulertu nuen gauza batzuk norberak kontrola ditzakeela eta beste batzuk ezin dituela kontrolatu». Hala laburbiltzen du parlamentu taldean gertatutakoa. Orain, aurrera begiratu nahi du.

Aldaketaren zer irakurketa egiten duzue?

Metafora bat erabili ohi dut: ontziaren norabidea aldatu dugu, eta, orain, nabigatzea dagokigu. Arriskua da PSN indartsu batek ontzi hori geldiaraztea.

Ainhoa Aznarez eta zu zaudete zerrendan. Zer irizpideren arabera osatu duzue taldea?

Iraganeko kontuengatik, argi nuen lanerako gaitasunean eta proiektuarekiko leialtasunean oinarritu behar genuela zerrenda. Batzuek lanean jarraitu dute, Ahal Dugun-n sinesten duelako. Egindako akatsak onartu ditugu, eta konponbideak jarri. Barne kohesioa landu dugu.

Aldaketak nondik jo beharko luke?

Diagnostiko bat egin dugu egungo egoeraren eta etorkizuneko erronken inguruan. Egungo sistema ekonomikoak hainbat desberdintasun eragin ditu. Alde batetik, gure lurraldeak du generoan arrakala handiena. Emakumeek batez beste %30 gutxiago kobratzen dute. Bestetik, lurralde barruko arrakala dago. Produkzioa Iruñerrian kontzentratu da, eta ez UPNk ez PSNk ez diote arazo horri aurre egin: ondorioz, iparraldeko herrien aldean, pobrezia bikoitza da hegoaldekoetan. Azkenik, adinen arrakala dago: prekaritatea gazteen artean zabaldu da, eta 55 urtetik gorakoek, lan bila hasten direnean, arazo handiak dituzte aurkitzeko.

Eta zer proposatzen duzue?

Produkzio eredua aldatzea eta hustutako Nafarroa lehenestea. Herriak husten ari dira, eta, besteak beste, behar dugu lurraldea egituratuko duen tren sozial bat, bi geltoki izango dituen tren azkar baten ordez. Politikak eraldatu behar dira arlo ekonomikoan, produktiboan eta zerga sisteman.

Ingurumenaren arloan, lege berri baten beharra aldarrikatu zenuen. Zer proposatzen duzue?

Ingurumena zaintzea ekonomiaren erpin nagusia izatea nahi dugu, baliabideen kudeaketa egokia eginez, kutsadurari aurre eginez, auto elektrikoak bultzatuz... Datuek irmo diote klima aldaketak eragin handia duela, eta lege berri bat planteatu nahi dugu, aurreko proposamenak ez baitzuen nahikoa babesik lortu. Gure ur baliabideetan irizpide ekologikoak ezarriko dituen uraren agentzia bat behar dugu. Gaia hain da garrantzitsua, ezen ados jarri beharko genukeen. Aldaketa klimatikoa mehatxu bat da, eta Nafarroa erdiaren ur baliabideak zalantzan egon daitezke etorkizunean.

Igandeko bozei begira, zer rol jokatuko du PSNk? Apirilean emaitza onak izan zituen...

Pedro Sanchezek estrategia ona egin du bere interesen alde, eta horrek galarazi egin du PSNk egindakoaren gaineko oroimen lana egitea. Horregatik uste dut Sanchezen jokaldia ez dela oso demokratikoa. Tarte handiagoa utzi beharko lieke herritarrei gogoetarako. Argi utzi nahi dugu hemen aldaketa politiko eta soziala posible izan zela Ahal Dugu agertu zelako. PSNk 35 urtez izan du aukera hori, eta ez du baliatu. Alderantziz, UPNren makulu izan da. Lau urteotan ez du oinarrizko legerik edo aurrekontu bakar bat ere babestu. Alderdia hautatzerakoan huts egin du.

Egoera nahasia dago, baina aldaketak berriro lor dezake gehiengoa?

Bai. Eztabaida politikoa zabaltzeko gaitasuna izan dugu, eta horrek gizartea aberastu du. Sistema publikoa hobetu egin da.

Aldaketa ez errepikatzekotan, nola jokatu behar duzue?

Zaila da beste agertokiez hitz egitea. Gure proiektua eraldatzailea da, eta guretzat garrantzitsuena da zer egingo den. Ez dugu geure burua salduko bi aulkiren truke. Aipatutako hiru arrakalei aurre egingo dien gobernuaren alde egingo dugu.

Negoziazioetan zer irizpide erabiliko dituzue?

Ematen du jendea marra gorriez hitz egiten hastera ohituta dagoela. Guk nahiago dugu marra zuriez hitz egin. Gobernu akordio on bat lortzeko, mahai gainean jarri behar da nola aurre egin desberdintasun sozialei, nola babestu ingurumena eta bermatu eskubide sozialak. Eskubide murrizketa oro onartezina da guretzat, genero edo lurralde arrakalari aurre ez egitea onartezina den bezala.

Eta PSNrekiko zer jarrera izango duzue?

Beste alderdiekiko dugun bera. Emaitza hobea badute, ekinaldia hartuko dute.

PSNk bai, hitz egiten du marra gorriez.

Haren arazoa da. Ahal Dugu bestelako alderdi bat da. EH Bilduk duen arazoa da hori, eta, erne: PPk, Ciudadanosek eta UPNk ere badute, bakarrik geratu baitira.

Baina ez al da PSNren arazoa?

Bai, haren arazoa da. Bere buruari jartzen dizkio marra gorriak.

PSNren araberako agertoki batean, sozialisten aurrean laukoak batera jokatu dezake?

Gure ingurune naturala laukoa da, eta haren inguruan eraiki da alderdia. Egunerokoan lan handia egin dugu, eta batera jardun dugu. Gurekin ez da pauso bat bera ere atzera egingo.

Espainian, gobernua osatzeko dago, eta Unidas Podemosek PSOErekin negoziatuko du. Eraginik izan dezake Nafarroan?

Ahal Dugu ez da PSNren modukoa. Ferrazek hartzen ditu PSNren erabakiak, eta hori hamaika bider ikusi dugu. Ahal Dugu-n, berriz, Nafarroan erabakitzen dugu. Gure proiektua burujabea da. Lurraldean ahalduntzearen alde apustu egin du Podemosek, han bizi eta lan egiten duen jendeak ezagutzen baitu hobekien errealitate politikoa. Ahal Dugu indartsu bat gabe, ez da aldaketa sozialik gertatuko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jaurlaritzako kideak, atzo, Turtziozen. ©BERRIA

Jaurlaritzak gaitzetsi egin du gerra «gatazkak ebazteko bide gisa erabiltzea»

Gotzon Hermosilla

Turtziozen egin dute asteroko bilera, Agirre lehendakariaren gobernua han ezarri zenetik 85 urtera. Frankisten altxamendu militarra eta diktadura arbuiatu dituzte

Legutioko Zentro Sozialista hustean bi gazte atxilotu dituzte

Legutioko Zentro Sozialista hustean bi gazte atxilotu dituzte

Berria

Ertzaintzak desordena publikoak eta erresistentzia larria egotzi dizkie atxilotuei

EAEn etxebizitzek 35 metro koadro erabilgarri izan beharko dituzte gutxienez

EAEn etxebizitzek 35 metro koadro erabilgarri izan beharko dituzte gutxienez

Gotzon Hermosilla

Jaurlaritzak Etxebizitzen Bizigarritasun Dekretua onartu du. Bizitokiek izan beharko dituzten gutxieneko baldintzak arautu dituzte horren bidez

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Kongresuan, gaur goizean. ©Javier Lizon / EFE

Grande-Marlaskak defendatu egin du Poliziak Melillan izandako jokabidea

Julen Aperribai

Espainiako Barne ministroak Pedro Sanchez Espainiako presidentea babestu du, hark esan ostean Melillakoa «ondo konpondu» zutela segurtasun indarrek. 2.500 lagunek mugari «indarkeriaz eraso» ziotela esan du, eta ukatu Espainiako eta Marokoko poliziek muga igaro izana.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.