Sakabanaketaren amaiera. Erreakzioak

Jaurlaritza: «Sakabanaketaren amaiera kapitulu baten itxiera da»

Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramailearen esanetan, «behar-beharrezkoa» zen sakabanaketa amaitzea elkarbizitzarako

Iñigo Urkullu lehendakaria Joseba Azkarraga Sareko ordezkariarekin, bilera batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Ostiralean iragarri zuten Espainiako Espetxe Erakundeek azken bost euskal presoen Euskal Herriratzea, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak atzo adierazi zuen urte askotako lanaren emaitza dela. Haren berbetan, gaia «beti» egon da jasota EAJ eta PSE-EEren gobernu hitzarmenetan ETAk «jarduera terrorista» utzi zuenetik. Zupiriaren arabera, Jaurlaritzak eta lehendakariak «ahalegin etengabea» egin eta egingo dute elkarbizitzan «aurrerapausoak» emateko. «Bide horretan, behar-beharrezkoa zen sakabanaketa amaitzea», esan zuen.

Ikusi gehiago:DISTANTZIAK ZAILDUTAKO BIZITZAK

Sakabanaketa politikaren amaiera «kapitulu baten itxiera» dela deritzo Zupiriak: «Euskal presoen sakabanaketa amaitzea eta haiek gure inguruko kartzeletara hurbiltzea bortizkeriaren bukaeraren ondorio logikoa da».

Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen esanetan, alderdiak begi onez hartu du sakabanaketaren amaiera, «dagoeneko ez zeukalako zentzurik», baina uste du oraindik «hainbat pauso egiteko daudela».

«Presoek eta euren inguru sozial eta politikoak biktimei eta gizarteari onartu behar diote bortizkeriak eragindako mina bidegabea izan zela», adierazi zuen atzo, Iruña Okan egindako mitin batean.

Ortuzarren arabera, egin beharreko aitorpen hori «urrats oso garrantzitsua» izango litzateke «euskal herritarren arteko bizikidetzaren bidean», baita «Euskadi eta munduaren arteko bizikidetzarentzat» ere. «Gutxika-gutxika terrorismoaren eta bortizkeriaren iragan beltza zarratzen ari gara», esan zuen Ortuzarrek.

Ikusi gehiago:Pozak blaitutako aldarria

Tonu berdintsuan egin zuen berba PSE-EEko legebiltzarkide Ekain Ricok Radio Euskadiko tertulia batean, autokritika eskatuz, eta ezker abertzaleari dei egin zion «arrazoi bako mina onartzeko». Ricoren arabera, azken Euskal Herriratzeak «espetxe politika adimentsu eta guztiz legalaren» ondorio dira, baina esan zuen «urruntze politiken defendatzaile sutsua» dela, «indarrean egon behar ziren momentuan», «ETA kartzelan berrantolatu ez zedin».

«Gainera, legea aldatu barik egin dugu, koma bakar bat aldatu barik», gehitu zuen. «ETA amaitu zen hari trukean ezer eman barik; ordutik beti defendatu dugu hurreratzea tresna erabilgarri moduan».

Hurbilketak, «ordainketak»

Muriel Larrea Gipuzkoako PPko buruak esan zuen legea bete egin behar dela, «gehiago ala gutxiago gustatu arren». «[Presoak] legeari esker hemen badaude, bada legezkoa da», azpimarratu zuen, baina gogora ekarrita ETAren biktimetako batzuek ezin dituztela euren senideak ikusi, hilda daudelako.

Bestelakoa izan da Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko buruaren erreakzioa. Alonsotegiko mitin batean kritikatu zituen Euskal Herriratzeak atzo. Haren arabera, «moral politikoaren iraintze gorena» izan zen ostiraleko iragarpena. Gonzalezek azaldu zuenez, «bigarren hitzarmen» bat dago martxan orain, eta «beste jokalari» bat dago auzian: EAJ. Presoen Euskal Herriratzeen atzean, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak euskal alderdiei egin beharreko «ordainketak» daudela esan zuen: «Presoak hurreratzea Otegiri egindako ordainketa zen, askatzea EAJri egingo diona izango da, bere gobernuarentzako sei botorengatik».

Maria Jauregik, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alabak, sarean egin dio aipamena Euskal Herriratzeen notiziari, bizikidetzarako beharrezko pauso gisa hartuz: «Gaur elkarbizitzarako beharrezkoa zen pausoetako bat eman da: sakabanaketaren amaiera».

Ikusi gehiago:Kontsentsuak traben kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.