Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Non sortu da?

2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
SARS-CoV-2 izeneko koronabirusa gure artean dagoenetik, hainbat hipotesirekin azaldu nahi izan da haren sorrera. Horietariko batzuek diote laborategian sortutako birusa dela. Baina ikertzaile batzuek Nature Medicine aldizkarian argitaraturiko artikulu batean zera diote: «Birusaren genomaren konparaketa-analisiak egin ondoren, argi eta garbi geratzen da hipotesi hori guztiz gezurra dela».

Alde batetik, birusak, arnasbideko zelula epitelialetara lotzeko, berak duen S proteina erabiltzen du, eta zelula horietan dagoen ACE2 (angiotentsina 2 bihurgailu-entzima) hartzailera lotzen da. Nahiz eta lotura hori afinitate handikoa izan, egindako analisi konputazionalek diote lotura hori ez dela guztiz ideala, eta, horregatik, ziur aski, giza edo giza ACE2 antzeko batean egindako hautespen naturalaren emaitza dela. Laborategi batean sortu izan balitz, elkarrekintza hori ahalik eta antzekoena izateko moduan manipulatuko litzateke. Horrek erakusten du SARS-CoV-2 ez dela nahita egindako manipulazioaren emaitza.

Bestalde, bigarren arrazoi bat ere ematen dute ikertzaileek; koronabirus berri honek beste betakoronabirusek duten alderantzizko genetika-sistemaren bat erabiliko lukeela infekziokortasuna emateko. Baina ikusi da berriak diren egiturak dituela, eta «datu genetikoek argi eta garbi erakusten dute SARS-CoV-2 ez dela aldez aurretik erabilitako birus-eskeletoetatik eratortzen».

Beraz, koronabirus berri hau laborategian ez bada sortu, nondik etorri da? Ikertzaileek jatorria azaltzeko hiru teoria dituzte. Lehenengoa, hautespen naturala gordeleku animalia batean gertatu izana, transferentzia zoonotikoa pairatu baino lehen, hau da animalia horretatik gizakira pasatu aurretik; bigarrena, hautespen naturala gizakietan gertatzea, transferentzia zoonotikoa gertatu ondoren. Eta hirugarrena, hautespen hori animalietatik gizakira salto horretan gertatu izana.

Oraingoz ez da identifikatu SARS-CoV-2ren zuzeneko guraso gisa balio izateko animalia-koronabirusik, baina badirudi saguzarretako betakoronabirusen bat izan daitekeela hori. Horren ondoren hautespen naturala pairatzea eta benetan non gertatu den ez dago hain argi.

Ikerketa horiek guztiek lagundu ahal digute etorkizunean zoonosien prebentzioan. Adibidez, SARS-CoV-2 beste animalia-espezie batean aurrez egokituta badago, etorkizunean berriz larrialdia gertatzeko arriskua dago. Aitzitik, egokitze-prozesua gizakiengan gertatu bada, orduan, transferentzia zoonotiko errepikatuak gertatzen badira ere, litekeena da mutazio horiek gabe gertatzea. Gainera, animalietan dabiltzan SARS-CoV-2aren birus-ahaide hurbilenak identifikatzeak izugarri lagunduko du birusaren funtzio ezberdinak aztertzen.

Zientziak oraingoz badu zer esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.