'Intimidad', Netflixen gehien ikusi den telesaila, ingelesez bestekoetan

Txintxua Filmsen fikzioa 58 herrialdetan sartu da Top10ean. IMDB-ko lehen 50etan kokatu da

Itziar Ituño aktoreak Malen Zubiri politikariarena egiten du Intimidad telesailean. DAVID HERRANZ / NETFLIX.
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Oihartzun oso zabala izaten ari da munduko herrialde ugaritan, ahoz aho dabil telesaila, eta Euskal Herriko ekoizpen bat inoiz hautsi gabeko mugak ari da hausten. Gipuzkoako Txintxua Films ekoiztetxearen Intimidad fikzioa ingelesezkoa ez den Netflixeko telesailen artean gehien ikusi zena izan zen mundu osoan, ekainaren 13tik 19rako astean: 30,2 milioi orduz ikusi zuten Netflix plataformaren erabiltzaileek. Bigarrenak —Our blues— izandako orduak halako bi.

Marian Fernandez Txintxua Filmseko eta telesailaren ekoizlea pozik dago Intimidad lortzen ari denarekin. Zera aitortu du: «Ezin dezaket esan zer espero genuen, guretzat lehen proiektua baita horrelako plataforma global batentzat. Ezin nuen neurtu zein izango zen zabalkundea eta oihartzuna».

Datuak ez dira nolanahikoak. Intimidad munduko 58 herrialdetan sartu zen aurreko astean Netflixen Top-10ean: Amerikako hogei herrialdetan, Europako beste 21etan, Afrikako bostetan, Asiako 11tan, eta Ozeaniako Kaledonia Berrian. «Libanon, Sri Lankan eta halako beste herri batzuetan Top-10ean sartzea sekulakoa da».

Fernandezen arabera, lan prozesuan sumatzen ditu sarri erreakzioak zein diren. «Postprodukzioan, adibidez, jende askorekin egiten da lan, eta jende guztia oso motibatuta zegoen. Lankideak konektatu egiten ziren fikzioarekin». Alde horretatik, pentsatu zuen telesailak funtziona zezakeela, baina ez zuen uste halako oihartzunik izango zuenik.

Badira datu gehiago telesailaren arrakastaren seinale: Uruguain eta Venezuelan lehen tokian egon dira ia hasieratik. Bestalde, IMDB atari espezializatuan munduko lehen 50 telesailen zerrendan sartu da —ez da batere ohikoa hori ingelesezkoak ez diren telesailen artean—.

Ituñoren eragina

Euskal Herriko aktore ugarik parte hartzen dute Intimidad telesailean. Itziar Ituñok Malen Zubiri politikariarena egiten du. Ekoizleak argi du Ituño fikzioan egoteak lagundu duela izandako oihartzunean. «La casa de papel-en aritu ostean, Ituñok izen bat du nazioartean. Ziur nago horrek ate batzuk zabaldu dituela». Hala ere, Basauriko (Bizkaia) aktoreak egin ditu beste lan batzuk ez dutenak hainbeste arrakasta izan. «Ez da bakarrik Ituñoren interpretazioa izango. Telesailak bere osotasunean aurkitu du bere bidea». Ikusle askok esan diote gaia «gertukoa» dela —bideo intimo baten zabalkundea—, eta ez dituztela halakoak aurretik ikusi.

Netflixek erabakiko du telesailak bigarren denboraldia izango duen ala ez. «Gustatuko litzaidake bigarrena egitea, baina ondo. Beti dago jarraitzeko aukera, pertsonaiak interesgarriak dira eta gai potoloak daude». Erabakia ez dago Txintxuaren esku, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.