Abortu eskubidea. Epaia AEBetan

Biden: «Muturreko ideologia baten ondorioa da»

AEBetako presidenteak ohartarazi du amen heriotza tasa igo egingo dela herrialdean, Auzitegi Gorenak hartu duen erabakiaren ondorioz

Joe Biden AEBetako presidentea, atzo, Etxe Zurian, hedabideen aurreko agerraldian. OLIVIER CONTRERAS / EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Etxe Zuritik hurbil, Auzitegi Goreneko atarian jendetza bildu zen atzo. Haserre eta suminduta gehien-gehienak, abortuaren aurkako elkarteetako kide ugari zaratatsu ospatzen ere ari ziren arren. Baina tristura eta etsipen giroa ziren nagusi 1. kaleko eraikinaren atarian. «Lur jota gaude. Auzitegiak esan digu ez dagoela berdintasunik, ez dugula gure gorputzen kontrolik. 50 urteko aurrekaria kentzea izugarria da; milioika emakumeri eragingo die», esan zuen malkoei eutsiz Alexis McGill Johnson Planned Parenthood elkarteko zuzendariak. Baina argi utzi du: «Jo eta su borrokatuko gara gure pazienteek behar bezala artatzeko eskubidea dutela bermatzeko». Planned Parenthoodek salatu duenez, «erabakia abortutik harago doa: osasun eskubideen kontra doa». Botere kontu bat dela nabarmendu du. «Nork har ditzakeen zure erabakiak, nork kontrola dezakeen zure etorkizuna». Edozelan ere, gogora ekarri dute lehen ere borrokatu direla. «Gure aurreko belaunaldiek etengabe egin zuten borroka gure eskubideak irabazteko eta haiei eusteko. Orain, gure txanda da».

Emakumeen osasunaz arduratzen den erakundeak eta haien kliniketako langileek inork baino hobeto dakite nola okertu den egoera azken urtean: «Hamar hilotan emakumeak ikusi ditugu milaka kilometro bidaiatzen euren estatutik kanpora, pandemia baten erdian. Zertarako horrelako zama ezarri emakumeen bizkarrean?», salatu zuen Planned Parenthoodeko zuzendariak.

Joe Biden presidenteak esan zuen abortu eskubiderik gabeko estatuetako emakumeek beste estatu batzuetan eten ahalko dutela haurdunaldia, eta botikak eskueran izatea ere babestuko duela erantsi zuen, «bai abortuetarako, bai antisorgailuetarako». Hala ere, Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondorioetako bat «amen heriotza tasa igotzea» izango dela aitortu zuen. «Muturreko ideologia» baten ondorio zela esan zuen Bidenek: «Inoiz egin ez dena egin du auzitegiak. Berariaz kendu du estatubatuar askorentzat oinarrizkoa den eskubide konstituzional bat».

Emakumeen erabakitzeko eskubidea defendatzen dutenen esaerak dioenez, abortua ez dago galarazterik; debekatzen den gauza bakarra abortu seguru eta legala da. Horretarako aukerarik ezean, bestelako irtenbideak bilatzea da debekuen ondorioa. Halaxe salatu zuen Alexandria Ocasio-Cortez kongresista ezkertiarrak. «Abortuak legez kanpo uzteak ez ditu ezabatuko: arriskutsuago baino ez ditu bihurtuko, pobre eta baztertuentzat batez ere. Jendea hilko da erabaki honen ondorioz. Eta ez dugu etsiko abortu eskubideak AEBetara itzuli arte». Beste ordezkari politiko eta sozial askok ere salatu zuten Gorenaren erabakia. Besteak beste, Kamala Harris presidenteordeak. Azken egunetan alderdi demokratako fiskalekin batzartu da Harris, iristear zen erabakiaren inguruan hartu beharreko neurriak adosteko.

Errepublikano gehienen bozkarioaren ondoan, nabarmentzekoa da Donald Trump AEBetako presidente ohiaren jarrera. Hark izendatutako epaileek eman dute modua abortu eskubidea bertan behera uzteko. Hala ere, TheNew York Times egunkariaren arabera, txartzat dauka erabakia: «Kontserbadoreek aspaldi bilatutako garaipena ahalbidetu dien Auzitegi Gorenaren osaketaren arduradunak asteak daramatza esaten erabaki hori ez dela onuragarria izango alderdiarentzat», besteak beste, emakume asko urrunduko dituelako Alderdi Errepublikanotik azaroko bozetan. Hala, Mike Pence presidenteorde ohiak berehala txiokatu zuen «bizitzak irabazi du» esaldia, eliza protestante eskuindarretako kide askok egin zuten gisan. Trump newyorktarra, berriz, abortu eskubidearen alde egon zen luzaroan, azken urteotan bere alderdian nagusi zen jarrerarekin bat egin arren.

Alderdikide gehienek, baina, «eskerrik asko, presidente» esan diote Trumpi. Mitch McConnell Senatuko errepublikanoen buruak Gorenaren erabakia «ausarta eta zuzena» izan dela adierazi zuen, eta 1950eko hamarkadan eskoletan beltzen aurkako segregazioarekin amaitu zuen epaiarekin alderatu zuen: «Auzitegiak akats legal eta moral izugarri bat zuzendu du». Egia esan, Trumpek izendatutako Neil Gorsuch eta Brett Kavanaugh epaileek—haien aurkako askok atzo gogora ekarri zuten legez— abortu eskubide konstituzionala errespetatuko zutela esan zuten beren izendapenak berresteko Kongresuan egindako saioetan. Atzo argi geratu zen gezurretan ari zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.