Etorkinen kontrako polizia presioa salatu du eragile andanak Baionan

Giza eskubideak errespetatuko lituzkeen harrera politika duin bat ezartzeko eskatu diote 32 eragilek Frantziako Barne ministroari

Dozenaka herritar elkartu dira Baionako suprefetura aitzinean. I. MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Mamadou, Aziza, Nasser... izen horiek zeramatzaten pankartak eskuan elkarretaratu ziren atzo eguerdian Baionako suprefetura aitzinean dozenaka herritar, etorkinen kontrako polizia presioa indartzen ari dela salatzeko. «Ipar Euskal Herrian bizi diren etorkinak sinbolizatu nahi izan ditugu, erakusteko gure artean direla», azaldu du Amaia Fontang Etorkinekin elkarteko kideak. 32 eragile politiko, sozial eta sindikalek izenpetutako idatzi bat aurkeztu dute, Frantziako Barne ministroari helaraziko diotena

Berriki, azken urtean Hazparnen (Lapurdi) bizi ziren bi etorkin atxilotu, eta Frantziatik alde egiteko agindua eman diete; Baionatik Parisera bidean zihoan autobus bat gelditu dute Landetan, eta 19 etorkin atxilotu, eta Frantziatik alde egiteko agindua eman diete—horien artean, haurdun den emazte batek zortzi orduko ibilbidea egin du oinez Baionara itzultzeko—; Hendaia eta Irun arteko mugan ere kontrolak areagotu dituzte, «giro gaizto bat sortuz». Frantziako Poliziaren presioaren azkartzearen eragina da hori, Barne ministroari idatzi diotenen arabera.

Etorkinen «kontrako» politika hori «bereziki bihozgabea», «garestia» eta «alferrikakoa» dela salatu dute: «Haien jatorrizko herritik ihes egiteko haien bizia arriskuan eman dutenak ez ditu geldituko; etorkinak are prekarioago bilakaraziko ditu, eta pasatzaileen esku utziko ditu».

Frantziako Gobernuari eskatu diote «elkartasunaren hautua» egin dezala, eta giza eskubideetan oinarritutako harrera duin bat ezar dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.