Hezkuntza eta LGTBI komunitatea

Olga Alarcon, Mikel Colomo, Blas Olasagasti eta Joselu Sanchez
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Bizitzen ari garen salbuespen egoeraren aurrean, eskolak hezkuntzan duen garrantziaren kontzientzia handiagoa hartu dute herritarrek. Kontzientzia hori beti egon da hor LGTBI komunitatean, eta etengabeko exijentzia izan da maila guztietan eduki espezifikoak gaineratzea, oro har aniztasunaren alde, eta, bereziki, sexu-orientabideen eta genero identitateen aniztasunaren alde.

Ikasleak beren etxeetan konfinatuta geratu diren salbuespenezko egoera honetan ere bullying kasuak, baita zibereraso kasuak ere, desagertu egin direla dirudi. Horrek, beste behin, erakusten digu ikastetxea ez dela gune segurua desberdina denarentzat. Jarrera horien aurka azken urteotan neurri uzkur batzuk hartu direla egia bada ere, batez ere ikastetxe jakin batzuetan eta berdinen arteko eraso argiko bullying deitutako egoeretan izan da hori. Horren aurka borroka egiteko, kasu horietan jarraitu beharreko protokoloak onartu dira. Protokolo horiek ez dituzte ikastetxe guztiek aplikatzen, (gaizki) ulertzen baitute ikastetxe batek bullying kasuak dituela dioen informazioa hedatzen bada hori kaltegarria izango litzatekeela ikastetxearen beraren irudiarentzat, eta eragina izan dezakeela etorkizuneko matrikulazioetan.

Haatik, ikastetxe seguruenak ez dira kasu horiek estali edo ezkutatzen dituztenak, baizik eta edozein abusu, irain edo diskriminazio zantzuren aurrean prebentzio lan edo esku hartze lan sistematikoak egiten dituztenak. Eta zerbait argi badugu, zera da: ikasgela eta eskola berean dauden guzti-guztien errespetua eta aniztasunaren ulerkera ikasgelan lantzea dela prebentziorik onena.

Zoritxarrez, zeharkako edukien kasuan oro har, eta adingabeen garapen afektibo-sexualaren garapenarekin lotutakoetan bereziki, esperientziak erakutsi digu, kasurik onenean ere, gai hauetarako sentsibilitate berezia duten irakasle eta hezitzaileek lan egiten dutela soilik.

Horregatik, legeak exijitzen digunez, ikasleen garapen integral egokia da hezkuntzaren funtsezko helburua, hainbat alderdi barnean hartuta, hala nola garapen afektibo-sexual egokia ikasleen aniztasun guztiarekiko ikuspuntu integratzaile eta errespetuzkotik begiratuta.

Horretarako, ezinbestekoa da eduki horiek hezkuntza maila guztietan modu sistematikoan lantzea. Hori horrela, irakatsi beharreko gutxieneko edukien barruan sartu beharko lirateke, eta, horrenbestez, ebaluatuak izan. Gainera, hezkuntza komunitateko gainerako partaideen prestakuntza egoki eta etengabea bermatu beharko litzateke: irakasleak, irakasle ez diren langileak eta familiak. Jardun hori ofizioz modu integralean egiten ez den bitartean, adabakiak jarri beharko ditugu berriz ere gure gizartean betikotzen diren jarrera fobiko eta matxista guztien aurrean.

Aspalditxotik, autonomia erkidegoetan zein estatu osoan, parlamentuak legislatzen ari dira LGTBI pertsonek beren eskubideak bizitzaren esparru guztietan betetzeari dagokionez bermeak izan ditzaten.

Une honetan, Euskadi dugu LGTBI+ lege integral bat garatu ez duen erkidego bakarretako bat. Egoera horren aurrean, LGTBI kolektiboen kopuru garrantzitsu bat Zuzenbide Fakultateko Klinika Juridikoarekin, sindikatuekin eta alderdi politikoekin batera ari gara lanean lege horren idazkuntza bultzatzeko. Lege horretan, hezkuntzarekin jarraituz, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak egitura bat sortu beharko du beharrezkoak diren programak martxan jartzeko ardura bere gain nork hartuko duen zehazteko. Ikastetxeak izan daitezela proposatzen dugu, Berrikuntza Pedagogikoarekin eta Hezkuntza Ikuskaritzarekin koordinatuta (edo erakunde baliokideekin). Horrela, alde batetik, sentsibilizazioa, prestakuntza eta dibulgazioa bermatu ahalko ditugu, eta bestetik, berdinen arteko erasoen kasu sarriei erantzun eraginkorra eman. Irakasleek erakunde horien babesa eta inplikazio instituzionala izango dute gerta daitezkeen kasuak detektatzeko eta haien jarraipena egiteko.

Trans langile eta ikasleei dagokienez, hautatutako izenaren arabera deituko zaiela bermatuko da, eta horrela agertuko da ikastetxeko dokumentuetan. Jantziak libreki aukeratzea errespetatuko da, eta gizabanakoaren adierazpen askatasunerako eskubideak babestuko luke aukeraketa hori.

Esparru guztiak gaian eskudunak direla adierazten digute lege horiek, LGTBI errealitateak zeharkakotasunez gertatzen direlako gizartean. Betidanik gay, lesbiana, trans, intersexual eta abarrak toki guztietan gaude presente, eta gainerako herritarrekin inolako murrizketarik edo diskriminaziorik gabe egin nahi dugu bat. Ez da pribilegio bat, baizik eta batzuk eta besteak gehitzea guztiak aberastuko dituen errealitate askotariko eta ugaria lortzeko. Askotariko printzipio eta neurriak biltzen dira lege horietan, hala nola osasun esparrua, lan arloaren esparrua, hezkuntza esparrua, kultur esparrua eta abar.

41 urte daramatzagu jada LGTBI Harrotasunaren Eguna Euskal Herrian ospatzen. Egungo egoeran, lehen aldiz 1979az geroztik, ez ditugu kaleak ortzadar banderekin beteko; bai, ordea, sare sozialak, irratiak eta prentsa. Kaleko absentzia da bizitza erdigune kontsignari egiten diogun ekarpena. Osasuna eta animoak guztioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.