Hungariako bozak

Herrialdea batu dezakeena

Fideszek ezin du sailkatu Peter Marki-Zay oposizioaren presidentegai kontserbadorea, Orbanen jarraitzaile sutsua izandakoa, bere profilari esker landaguneetako botoa zein hiri handietakoa erakarriko duelako. Herrialdean askatasuna berrezartzea agindu du.

Peter Marki-Zay presidentegaia, joan den martxoaren 15ean Budapesten egindako mitin batean. ZSOLT SZIGETVARY / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Politikagintzan eskarmentu handirik ez duen pertsona ahobero samar bat da Viktor Orban lehen ministro ahalguztiduna agintetik kentzeko Hungariak duen itxaropena. Ezkerretik eskuinerako sei alderdik osatutako oposizioko aliantzaren hautagaia da Peter Marki-Zay (1972), joan den urrian egindako hauteskunde primarioetan hautatua: kristaua, zazpi seme-alabaren aita, ideologikoki kontserbadorea, eta behinola Fideszen, Orbanen alderdiaren, jarraitzaile sutsua izandakoa. Hodmezovasarhely hiriko alkatea da 2018tik. Hiru alderdik egindako aliantza baten buru gisa aurkeztuta irabazi zituen hauteskunde haiek. Fideszen hautagaia zen faboritoa, alderdia 1990etik zegoelako boterean udalean, eta, besteak beste, hiri txikietan eta landaguneetan emaitza onak lortu dituelako historikoki. Baina Marki-Zayk ezustekoa eman zuen, eta orduko formula baliatuko du gaur bozak irabazi eta Hungariako lehen ministro bilakatzeko ahaleginean.

Fideszekoentzako sailkatzen zaila den profil bat dauka. Orbanen alderdiak leporatu izan die beste indar politikoei hiri handietan zentratzea eta landaguneak abandonatzea. Baina Marki-Zay, hain zuzen, landa gunean dagoen udalerri bateko alkatea da. Horrenbestez, eremu horietako bozkatzaile kontserbadoreei ez zaie arrotza egiten ez ordezkatzen duena, ez osatu duen ibilbidea. Establishment-ekoa ez denez eta lehen begiratuan jokabide espontaneoa duenez, litekeena da Fideszekin gustura ez dauden profil horretako herritarrak erakartzea. Kontrara, baliteke hiri handietako intelektualen botoa ere zakuratu. Ekonomialaria eta ingeniaria da, eta erraz hitz egiten du hungarieraz, ingelesez, frantsesez eta alemanez; finlandieraz, errusieraz eta espainieraz ere badaki.

2004 eta 2009 artean AEBetan lan egin zuen, eta adierazi izan du hango politikagintzari gertutik erreparatu ziola, eta 2008ko presidentetzarako bozetako kanpainan, esate baterako, bai Barack Obama hautagai demokrataren eta bai John McCain presidentegai errepublikanoaren mitinetara joan zela. Galdetu izan diotenean zeintzuk diren defendatzen duen proposamenaren ardatzak, adierazi izan du lehen ministro aukeratzen badute arlo ekonomikoan politika liberalak bultzatuko dituela, baina, aldi berean, esparru soziala zainduko duela.

Orban esaten ari da mitinetan «ezker politikoa» ordezkatzen duela oposizioak, baina Hungariagatik Batuta koalizioaren primarioetara aurkeztu ziren hautagaien artean baziren, bai, ideologikoki Marki-Zay baino askoz ere ezkerrerago daudenak. Horietako bat da Gergely Karacsony, Budapesteko alkate ekologista. Primario haiek irabazteko moduan zen lehen itzulia igarota, baina ez zen bigarren bozketa erabakigarrira aurkeztu, iritzita Hungariarentzat ez zela egokiena izango bera izatea hautagaia. «Marki-Zay da Hungaria batu dezakeen hautagaia», nabarmendu zuen, boz haiek egin eta gero. Izan ere, Orbanen gobernua baino liberalagoa da, baina ia oposizio guztia baino kontserbadoreagoa.

Ahoberokeriak

Lehen ministro aukeratzen badute, Hungarian askatasuna «berrezarri» asmo du oposizioaren hautagaiak, eta, haren esanetan, Orbanen agintaldia blaitzen duen ustelkeria amaitu. 2010az geroztik gehiengo absolutua eduki du Fideszek parlamentuan, eta, horren ondorioz, esaterako, nahieran eta gainontzeko indar politikoekin ados jartzen saiatu gabe erreformatu zuen konstituzioa, 2011n. Egindako aldaketen ondorioz, gobernuan ez egonda ere estatuko egituretan eragiteko gaitasuna izaten jarraitzea bermatu zuen Orbanen alderdiak. Testua atzera aldatzeko, bi herenen gehiengoa behar da parlamentuan. Oposizioak nekez edukiko du indar hori ganberan; hortaz, konstituzioa aldatzeko erreferendum bat egitea proposatzen du.

Gutxiengoen kontra egiteko eta zuzenbide estatua arrakalatzeko baliatu du gehiengoa Orbanek. Jomugan ditu, besteak beste, ijitoak. Eta, lehen ministroak alor horretan izandako jarrera salatzeko, ahobero jokatu du oposizioaren hautagaiak. «Beti izan naiz herrialde honetan ijitoen komunitatea babestu duen politikari bakarra», adierazi zion Le Grand Continent aldizkariari, abenduan. Lehen ministroak LGTBI komunitatearen aurka ere egin du, nabarmen. Jozsef Szajer Fideszen eurodiputatua orgia batean harrapatu zuten 2020ko azaroan, pandemia zela-eta talde handietan biltzea debekatuta zegoenean. «Mundu guztiak daki Fidesz dela gay gehien dituena», esan zuen, orduan, berriro ahobero, Marki-Zayk. Adierazpen hari buruz galdetu zion Le Grand Continent-ek. «Egia da, guztiz egia. [Fideszeko] Hainbat [gay] izendatu ditzaket! (...) Uste dut asko egin dudala gay komunitatearen alde». Agindu duenez, Orban ordezkatzen badu sexu berekoen arteko ezkontzak onartuko ditu, eta ez du gutxiengoen kontra egingo. Adierazpen probokatzaileak egitea egozten diote. «Kritikatzen naute, baina funtzionatu du», erantzun zuen aipatutako elkarrizketan.

Ikusi gehiago:Hungaria, bidegurutzean

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.