Hungariako bozak

Hungaria, bidegurutzean

Orban ultrakontserbadorearekin segitu edo Marki-Zay europazalearen alde egin erabaki beharko dute gaur bozetan. Inkestek lehen ministroa jotzen dute garaile

Oposizioaren kartel bat lurrean botata, Budapesten. Putin eta Orban azaltzen dira, eta esaten du Putin eta Europa artean aukeratu behar dela. LUIS LIDON / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Hungariako herritarrek hautu argi bat egin beharko dute gaur parlamenturako bozetan: Viktor Orban ultrakontserbadorearen bosgarren agintaldiari bide eman —laugarrena jarraian litzateke—, edo joera hori guztiz hautsi eta Peter Marki-Zay oposizioaren lehen ministrogai europazalearen alde egin. Hori dela eta, bidegurutze batean dago herrialdea.

Azkeneko inkesten emaitzak askotarikoak dira. Horietako batzuen arabera, Orbanen alderdi Fideszek eta Hungariagatik Batuta aliantzak —oposizioko sei alderdi nabarmenenak bateratu ditu— ia-ia puntu kopuru bera aterako dute gaur bozetan. Beste inkesta batzuek diote Orbanek irabaziko duela berriro, baina ezingo diola ganberan gehiengo osoari eutsi.

Gehiengo oso hori ezinbestekoa izan zen 2011n konstituzioan bere gustuko aldaketak egiteko, eta testuaren erreforma horri esker, horrenbestez, erabateko kontrola du estatuko egituren gainean. 1998tik 2002ra lehen ministro izan zen, eta 2010etik dago karguan, atzera. Hungariako politikagintza ezin da ulertu Orban gabe. 1990-1991n Sobietar Batasuna desegin zenetik —haren eraginpeko herrialdea zen Hungaria—, parlamenturako egin diren hauteskunde guztietara aurkeztu da Fideszekin, berak sortutako indarrarekin.

Europazalea zen hasieran Orban, baina azkeneko hamarkadan EB Europako Batasunarekin etsaituta dago. Bruselak leporatzen dio zuzenbide estatua urratzen duela; izan ere, adierazpen askatasuna kamusten, sistema judizialean esku hartzen eta, besteak beste, gutxiengoen eskubideak murrizten dituzten legeak onartu ditu. Gertuko harremana du eskuin muturreko liderrekin: Santiago Abascal Voxeko buruarekin (Espainia), Matteo Salvini Legakoarekin (Italia), eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearekin; baita Vladimir Putin Errusiako presidentearekin ere.

Hain zuzen ere, Hungaria da Kremlinek EBn daukan aliatu nagusia. Hungariak kontsumitzen duen gasaren %80 eta petrolioaren %64 Errusiatik inportatzen du. Putinek eta Orbanek otsailaren 1ean sinatu zuten gasaren bueltako azken akordioa, Moskun. «Errusiako gasa badugu, ez da murrizketarik egongo gastuan; Errusiako gasik ez badugu, orduan murrizketak izango dira», ohartarazi zuen Orbanek.

Hiru aste pasa geroago, Errusiako armadak Ukraina inbaditu zuen, eta orduz geroztik ekilibristarena egiten dabil Orban. Ez die betorik jarri gatazkaren testuinguruan Bruselak hartutako erabakiei, eta ez da Putinen aurka mintzatu. «Hungariarrek ez dute gerraren prezioa ordainduko», adierazi izan du kanpainan. Haren esanetan, Hungariaren interesak lehenetsi behar dituzte, ez AEBek, ez eta EBk ere ez dituztelako hungariarrak gogoan.

Ukrainako gerra kanpainan sartu da bete-betean, eta Orbanek bakezalearen rola hartu du, neutralarena. Izan ere, laguntza humanitarioa bidaltzen ari da Ukrainara, bai, baina ez du armaz hornitzen; eta, gainera, debekatu egin du bi herrialdeen arteko mugatik armak pasatzea.

Oposizioarentzat, baina, Orban Putin babesten ari da. Mezu hori plazaratu du lehen ministrogai kontserbadore eta katoliko Marki-Zayk. Paisaia politikoaren ezkerrean eta eskuinean dauden sei alderdik osatutako aliantzaren hautagaia da, primario batzuetan aukeratua: DK Koalizio Demokratikoa (liberala); Jobbik (kontserbadorea); LMP Hungariako Alderdi Berdea (ekologista); Momentum Mugimendua (liberala); MSZP Hungariako Alderdi Sozialista (sozialdemokrata); eta PM Hungariarentzako Elkarrizketa (ekologista).

Azkeneko asteotan tirabirak izan dituzte, alderdien arteko mesfidantzak agerian geratu dira, baina batuta iritsi dira hauteskunde egunera. Parlamentuko 199 eserlekuak aukeratzeko bozak plebiszitu baten gisara ikusten dituzte.

Nazioarteko 200 begirale

Oposizioak salatu du ezin izan dutela kanpaina baldintza beretan egin. Gobernuz kanpoko zenbait erakundek osatutako txosten batek dioenez, oposizioak gastatutako dirua halako zortzi gastatu du Fideszek publizitatean; eta kopuru horrek legeak ezarritako mugak gainditu ditu, gainera.

Hedabideak, publikoak eta, aldez edo moldez, pribatu gehienak ere, kontrolpean ditu Orbanek. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak, hain justu, Hungariako komunikabideen partzialtasuna seinalatu du txosten batean, orain gutxi. Horregatik, «albiste independenteak» jasotzen dituzten koadernotxoak banatu ditu oposizioak herrialdeko landaguneetako hainbat etxetan.

Testuinguru horretan, eta Bruselak Orbani leporatzen dizkion eskubide urraketak aintzat hartuta, ESLAk erabaki du hauteskundeetara 200 begirale bidaltzea. Ezohiko neurria da, EBn behin soilik hartutakoa: 2013an, Bulgarian.

Ikusi gehiago:Peter Marki-Zay, herrialdea batu dezakeena

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.