jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Zaintzaileak

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Greba egunak Gipuzkoako zahar etxeetan, beste behin. 2017an hasitako borroka lan baldintzak hobetzeko. 5.000 langile. Ia guzti-guztiak emakumeak. Nor bestela, zaintzaile. Zaintza lanak, sektore feminizatua eta, beraz, lan baldintza kaskarrak. Nola bestela, negozioa.

Zahar etxeetako erabiltzaileen senideek agerraldi publikoa egin dute, egoeraren aurrean duten kezka eta haserrea plazaratzeko. Izan ere, haien gertukoek jasaten dituzte zaintzaileen lan baldintza kaskarren eta grebaren ondorioak. Senideek ulertzen dituzte langileak. Nola ez ba, ezagutzen baitituzte pastel-koloreko uniformeek berdindutako pertsonak. Nork zaintzen baititu, nork goxatzen baititu, nork egiten baitie errieta, nork tratatzen baititu pertsona gisa zahar etxeetan bildutako edadetuak. Senideak Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzendu zaizkio, egoera konpon dezan, erakundeak erantzukizun zuzena baitu zerbitzuan, lan baldintzetan eta gatazkaren konponbidean. Enpresekin egindako hitzarmenek ezin dute, ez urrundu, ez ezkutatu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura. Zerbitzua ematen duena, era batera edo bestera, erakundea baita.

Zaintzaz arduratzea ez baita zahar etxeak edota eguneko zentroak zabaltzea bakarrik. Zaintzaz arduratzea ez baita edadetuen zaintza enpresen esku uztea bakarrik, hitzarmen edo kontratu orokorren bidez. Zaintzaz arduratzea zaintzaileez arduratzea ere bai baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.