Jaka Horiek urtebete. Romaric Godin. Mediaparteko ekonomia gaietako kazetaria

«Neoliberalismoak ez du promesa bete, eta erreakzio bortitzak eragin ditu»

Godinen iritziz, munduan diren altxamenduek kolokan jarri dute neoliberalismoaren egonkortasuna, eta, horri aurre egiteko asmoz, erregimen politikoen gogortze bat ikusten du. Indar neofaxista eta nazionalistekin bateratze bat dagoela dio.

BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Jaka Horien mugimenduaren lehen urteurrena heltzear zela, Gerla soziala Frantzian. Demokrazia autoritarioaren iturburu ekonomikoak liburua argitaratu berri du Romaric Godin Mediaparteko kazetariak. Azken hilabeteetan munduan zehar izan diren altxamenduen gibelean, arrazoi bera dagoela iritzi dio: neoliberalismoaren krisia.

 

Zer gertatzen ari da munduan?

Mugimendu bakoitzak bere logika du, tokian tokiko erabaki batzuei erantzuten diena. Baina gibeltasuna hartzen badugu, ikus dezakegu azken 40 urteetan mundializazio esaten diogun fenomeno bat dagoela. Funtsean, kapitalismoaren kudeaketa eredu baten mundializazioa da neoliberalismoa. Erran nahi baitu, estatuaren erabilpena, ekonomiaren finantzarizazioa eta haren merkantilizazioa garatzeko; hau da, merkatu mekanismoen garrantzia ekonomian. Hala da, urteak dira erraten digutela ez dugula mundializazio hori onartzea beste hauturik.

Zuk diozu krisian dagoela.

Ordena ekonomikoaren kontrako ihardukitze bat bada, garaikidea, lur globoaren leku batean baino gehiagotan. Ezin digute erran kasualitatea besterik ez dela, tokian tokiko gertakizunak direla. Ez da posible. Kapitalismoaren kudeaketa moldearen mundializazio bat baldin badago, tokiko kapitalismoen kontrako ihardukitze horiek, kapitalismoaren kudeaketa molde globalaren, neoliberalismoaren ihardukitzearekin lotura dute.

Neoliberalismoak dio lehentasuna kapitalari eta kapitalaren baliatzaileei eman behar zaiela; hau da, aberatsei. Haiek inbertsioak eginen dituztelako, ekonomia garatuko dutelako, eta horrek enpleguak sortuko dituelako. Hori guzia, egiazki, ez da existitzen. Sortuak diren enpleguak, gehienetan, prekarioak edo lansari apalekoak dira; eta, funtsean, neoliberalismoak egiten duen gauza bakarra da ezberdintasun soziala sakontzea. Mundu guzian zehar, ezberdintasun horien inguruko borroka dago erdigunean.

Uste dut interesgarria dela, halaber, ikustea altxamendu horiek garapen bidean direla erraten den herrialdeetan gertatzen ari direla. Erreformak egin eta finantzarizatu diren herrialdeak dira, neoliberalismoaren jokoan sartu direnak.

Zergatik?

Orain arte erraten ziguten ezberdintasun sozialen gaia herrialde aberatsen arazo bat zela, herrialde pobreetan lansarien hazkunde bat zegoela. Horrek erran nahi du neoliberalismoak sortzen dituen arazo ekonomikoak, garapen bidean liratekeen herrialde horiek ere ukitzen hasi direla. Orain arte, hazkundearen bidez lansariak emendatuz lasaitzen zituzten kexak, baina hazkundearen mugara iritsi dira, eta arazo sozialak lasaitzeko balio zuen motor neoliberalak ez du gehiago funtzionatzen.

Nola integratzen duzu Katalunia eskema horretan?

Badakit independentista katalanek haien mugimenduaren iturburu ekonomikoak errefusatzen dituztela; badakit mugimendua Espainiako Konstituzio Auzitegiak Kataluniako estatutu berria baztertu zuenean sortu zela, 2010ean. Baina ikusten duguna da, momentu berean, 2010 eta 2014 artean austeritate handia izan dela Espainian, polarizazio sozial biziki zorrotz batera eraman duena. Mugimendu katalanaren funtsa da erratea, independenteak izanez gero, ezberdintasunen kontrako politika sozial garatuagoak eraman ditzaketela.

Ezkerreko mugimendu bat da?

Mugimendu independentistan ez da zentro eskuina indartu; ERC indartu da —mugimendu sozialdemokrata bat, hain justu, independentziarekin gizarte berdinzaleagoa lor daitekeela dioena—, eta CUP indartu da. Independentismora batu den Kataluniako zentro eskuina ere, CiU baino posizio sozial aurrerakoiagoetan dago. Mugimendu independentista katalana ezkerreko edo zentro-ezkerreko mugimendu bat da.

Eta unionismoa?

Eskuineko mugimenduak, kontserbadoreak, Katalunian neoliberalismoa defendatzen dutenak, independentziaren kontrakoak dira: Ciudadanos, PP, Vox, eta baita PSC ere. 1980tik aitzina neoliberalismoaren jokoan sartu da PSOE, eta Katalunian, unionismoaren aldean da. Horrek ez du erran nahi desberdintasun sozialen kontra borroka egiten duten mugimenduek eta independentismoak bat egiten dutenik, baina independentismoa horretan ere oinarritzen da. Gainera, Espainia ezkerrerago izan den garaietan, Katalunian independentismoaren atzerakadak ikus ditzakegu. Bada hautesleriaren zati bat independentismoaren eta Espainiako ezker erradikalaren artean zalantzak dituena.

Diozu neoliberalismoak ez duela bete bere promesa.

Promesa hau da: langile klaseari esaten dio bere lansariak ez direla emendatuko, edo gutxi. Denak lehian ezarri nahi ditu, eta lanaren kostua apaldu. Lansariak gutxi emendatuko dira, gizarte segurantza okertuko da; baina, horren ondoan, truke mundializatu batean gaudenez, ondasunak eta zerbitzuak merkeago izanen direla hitzematen du, eta, beraz, herritarrek gehiago kontsumitzen ahalko dutela. Enplegua izanen duzu, prekarioa segur, gutxi pagatua segur, baina prezio merkean kontsumitzen ahalko duzu.

Hori argiki ikusten da: garraioetan prezio apalaren garapena, Lidl edo Hard-Discount gisako supermerkatu kateak... Horregatik liberalizatzen ditu ondasunen eta zerbitzuen merkatuak, lansari apalak dituztenentzat prezio apaleko zerbitzuak behar dituelako.

Horrek ez du funtzionatzen.

Anitzetan, prezio apaleko zerbitzu horiek kalitate apaleko zerbitzuak dira, ez dituzte lansari apalak konpentsatzen. Eta denak lehian direnean, eta hazkundea eta produktibitatea leuntzen ari direnean, etengabe eragin behar da lanaren kostuan, eta zerbitzu publikoak murriztu behar dira, langileen prestakuntza ahuldu behar da, babes sozialak apaldu... Hortik aitzina, enpresek ezin dituzte prezioak etengabe apaldu. Eta, gaur egun, egoera horretan gaude. Inflazioa biziki apala da, baina herritarrak egoeraz biziki kexu dira.

Funtsean, neoliberalismoak bere misioa bete du: inflazioa historikoki apala da. Alta, arras ongi ikusten dugu jendearen bizitzak ez direla hobetzen. Eta okertzeko joera ere badute. Ororen buru, lehiakortasuna irabazten segitzeko ahulenei galdetzen diegularik aberatsenentzako laguntzak diruztatzeko —hori gertatu da Frantzian, Ekuadorren, Txilen, Libanon...—, erreakzio biziki bortitzak agertzen dira.

Gerla soziala esamoldea erabili duzu.

Azaro eta otsail artean Frantziako Gobernuak armadari dei egitea pentsatu zuen ordena atxikitzeko. Bere doktrina are gehiago gogortu du, manifestarien kontra nahitara bortizkeriak eragiteko, eta manifestazioak egiteko xedea burutik kentzeko. Orduan, beldur handia izan zuen. Abenduaren 1ean eta 8an, kasik matxinada baten egoeran geunden. Gerla sozialaren heineko zerbait ikusi dugu.

Hitzak gogorrak dira, baina nire hautua berresten dut Txilekoa ikustean. Hor zinezko gerla da, eta, gainera, Piñera presidenteak berak hala aipatu zuen. Mugimendu sozialak ez dira gerla klasikoak bezala, ez dituzte 50 gudu bata bestearen atzetik. Mugimenduak dira, beren jarioekin. Gatazkaren bihotzean gaudenean, ikusten da gerlaz ari garela. Quito [Ekuador] erdialdean gertatu denari so egiten badiogu, Hong Kongekoari edo Kataluniakoari so egiten badiegu, gatazka betean gaude.

Gerla horretan, neoliberalismoaren eta indar neofaxista eta nazionalisten bateratzea ikusten dituzu. Frantzian ere bai?

Bai. Badugu sistema menderatzaile bat, neoliberalismoarena, menderatzailea baita ez duena alternatibarik. Baina era berean, ez da gai 1980ko hamarkada hasieran hitzemandakoa betetzeko. Eta are gaitasun gutiago du momentuko larrialdiari, klima larrialdiari erantzuteko. Ondorioz, altxamendu batzuei aurre egin behar die; haserre altxamenduak, ez direnak bereziki egituratuak, ez direnak bereziki alternatibak proposatzen dituzten altxamenduak. Baina bere egonkortasuna kolokan jartzen duten altxamenduak dira. Horri aurre egiteko, aukera bakarra erregimen politikoa gogortzea da, ihardukitze maila apaltzeko. Hori da, tipikoki, aurten onartu duten Bazter nahasleen kontrako legea-ren helburua. Jendeari manifestazioetara joateko ideia burutik kentzea, manifestazioak inguratzea, manifestatzeko eskubidea mugatzea. Hau da, ordena publikoaren beharra emendatzea, neoliberalismoak gerla sozial horretaz axolarik izan gabe bizitzen segitu ahal izateko. Arlo horretan, zenbait mugimendu neofaxistaren lehentasun berak dituzte, ordenaren gaia adibidez.

Atentzioa desbideratzeko saiakera ere aipatu duzu.

Hori ikus dezakegu gaur egun Frantziako Gobernuarekin, baina gauza bera izan da Ekuadorko beste gobernu batzuekin ere: aker pekatzaileak aurkitzea; migranteak, atzerritarrak... Ekuadorko presidenteak atzerriko konplot bat aipatu du; Emmanuel Macronek Eztabaida Handiaren bukaeran, immigrazioari buruzko polemika bat abiatu zuen, gaur egungo islamaren inguruko erokeria, obsesio honetara ekarri gaituena. Hori, mugimendu neofaxistetan tipikoa den zerbait da: arazoa ez dela soziala, etnikoa baizik. Iruditzen zait beste bateratze bat badela, krisian izanik ere menderatzailea izaten segitzen duen neoliberalismoa, eta momentu batean neoliberalismoaren alternatiba gisa agertu nahi izan duen mugimendu neofaxistaren artean. Funtsean, osagarriak dira.

Kolore anitz haserre horian

Errepresioak itoa

«Ez dute ulertu lortu arte segiko dugula; ez garela geldituko»

Hurrengo borroka: pentsioak

Azaroan sartu da indarrean langabezia sari berritua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.