Brasilgo hauteskundeak. Emakume beltzak

Dena edo ezer ez

Emakume beltzak gutxiengoa dira Brasilgo Kongresuan, baina gehiengoa pobreziaren, desberdintasunaren, bazterketaren eta errepresioaren inguruko datuetan. Lularen garaipena beren eskubideak hobetzeko aukeratzat daukate.

Emakume beltzek Lularengan dute jarria itxaropena. BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Historian lehen aldiz, Brasilgo hauteskundeetara hautagai beltz gehiago aurkeztu dira, zuriak baino —biztanleen %56 beltzak dira—. Emakumezko eta gizonezko beltz gutxi daude erakunde federaletan eta udal erakundeetan, eta, politikan gero eta gehiago parte hartzen duten arren, berez legozkiekeen baino ordezkari gutxiago dituzte oraindik ere. Kongresuan, 513 diputatuetatik 124 dira beltzak, eta Senatuan, berriz, 81 senatarietatik 13. Arlo ekonomikoan, zurien batez besteko errenta beltzena halako bi da gutxienez oraindik ere, Ikerketa Ekonomiko Aplikatuko Institutuak 2021eko uztailean argitaratutako ikerketa baten arabera. Arrakala handitu egiten da emakumezkoen kasuan; izan ere, biztanleen %28 dira emakumezko beltzak, baina diputatuen %2,5 bakarrik dira, hau da, 513 dira emakume zuriak eta 13 beltzak. Hitz gutxitan: gutxiengoa dira Kongresuan, baina gehiengoa pobreziaren, desberdintasunaren, bazterketaren eta errepresioaren inguruko datuetan.

Ikusi gehiago:BI EREDU KONTRAJARRI

Hala ere, azken lau urte hauetan, biztanle asko gehiago kontzientziatu eta sentsibilizatu dira gai horien inguruan, eta berdintasun handiagoa lortzearen alde daude; hori are garrantzitsuagoa da kontuan hartuz gero Jair Bolsonaroren gobernuaren ondorioz ia arlo guztietan izandako errepresioa eta atzerakada. «Herrialde honetan, ez da guri dagokigun ezer egingo gu gabe. Beltzekin bakarrik da posible herrialde hau, Brasil herrialde beltz bat baita», adierazi zuen Vilma Reis soziologoak joan den ekainean, Quilombo ekinbidea parlamentuetan aurkeztu zutenean.

Eskubideen Aldeko Beltzen Koalizioa jarri zuen martxan egitasmo hori; gizarte zibileko 250 erakundek osatzen dute, eta beltzen mugimenduari lotutako ehun hautagaitza baino gehiago babesten ditu, denak ezkerreko eta zentro-ezkerreko zortzi alderditakoak —PT, PSOL, PSB, PCdoB, Rede, PDT, UP eta PV—. Hautagai horiek alderdi desberdinetakoak dira, baina helburu bera dute: Luis Inacio da Silva Lula presidentegaiari babesa ematea.

Erika Hilton eta Carmen Silva ordezkaritza instituzional handiagoa nahi duen ekinbide horren barruan daude. Hilton diputatu federal izateko hautagaia da, eta, Time aldizkariak argitaratu zuenez, hurrengo belaunaldiko hogei liderretako bat izango da. Inkesten arabera, gainera, baliteke Brasilgo historiako lehen diputatu transgeneroa izatea. Silva, berriz, San Pauloko estatu diputatu izateko hautagaia da, Uztailaren 9ko Okupazioa mugimenduko kidea —etxebizitza bat izateko eskubidearen alde Brasilen eta munduan egiten den borrokaren ikurretako bat—, eta MSTC etxegabeen mugimenduaren erreferenteetako bat.

Silva

Silva Bahian jaio zen, 62 urte ditu, eta 35 urte zituenetik Sao Paulon bizi da. Hirira iritsi zenean, Silvak kalean bizi behar izan zuen, beste askoren moduan. Gauzak asko aldatu dira orduz geroztik, eta egun hauetan, diputatu izateko hautagaitza dela eta, Silvak aztoratuta dauzka Uztailaren 9ko Okupazioko kide guztiak (120 familia).

Izan ere, Silva lehenetarikoa izan zen Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalarena izandako eraikin hori okupatzen, 1997an, eta luzaroan aritu da borrokan MSTC taldearekin batera; mugimendu horren helburua da etxebizitzarako eskubide konstituzionala bermatzea, baita erreforma politiko eta sozial bat ere, hirirako eskubidea ondasun komun gisa demokratizatuko duena. «Nirea hautagaitza beltz bat da, eta etxebizitza eskubidearen aldeko mugimendua ordezkatzen du», adierazi du. «Baina emakumeen, indigenen eta beltzen mugimenduei dagokienez oro har, esan dezaket nekatuta gaudela; Brasil da lider sozial gehien hiltzen duen herrialdea. Horregatik erabaki dugu bat egitea eta besteek ez ordezkatzea, baizik eta gu geu izatea gure ordezkariak».

Hauteskunde Auzitegi Nagusiak joan den abuztuan argitaratutako estatistiken arabera, gaurko hauteskundeetarako izena eman duten 28.116 hautagaietatik 14.015ek adierazi dute afrikarren ondorengoak direla (%49,57k), eta 13.914k, berriz, zuriak direla (%48,86k). Emakumezko hautagaien kopurua ere inoizko handiena da aurten, nahiz eta hautagaien %33,4 baino ez diren, eta, hala, gizonezkoen erdia baino ez —gizonezkoak %66,6 dira—.

Azken urteotan ezarritako kuota politiken ondorioz aurkeztu dira emakumezko eta beltz gehiago hauteskundeetara. Legediaren arabera, alderdien hautagaien %30ek gutxienez emakumezkoak izan behar dute; 2014an baino ez zen bete baldintza hori.

Hilton

Hiltonek 29 urte ditu, eta beltzen eta LGTB kolektiboaren eskubideen aldeko aktibista bat da, baita politikaria ere. Sao Pauloren kanpoaldean jaio zen, eta, nerabe zenean, gertutik bizi izan zuen sexu esplotazioa; arrazakeriaren askotariko aldeak ere gertutik ikusi ditu bizitza osoan. Pedagogia eta gerontologia ikasi zuen, Sozialismoa eta Askatasuna alderdian (PSOL) afiliatu zen, eta, 2020ko hauteskundeetan, Sao Pauloko herritarrek aukeratutako lehen zinegotzi transgeneroa bihurtu zen, baita herrialdean boto gehien eskuratu zuena ere.

Hiltonen ustez, gauza batzuk aldatu egin dira 2020ko udal hauteskundeetatik hona: «Erakutsi dugu indartsu gaudela eta antolatzeko gaitasuna dugula. Oinarrietatik eta hainbat sektoretatik lortu dugu antolakuntza hori, faxismoari aurre egiteko, eta komunitate beltzak, feminismoek eta LGTB komunitateak falta dituzten politikak eta eskubideak lortzeko. Eustea ere lortu dugu, indar hori proposamen bihurtzea, eta borroka fronte bat antolatzea. Ziur nago fronte hori oso erantzun garrantzitsua izango dela gaur».

Brasil munduko herrialderik desorekatuenetako bat da, eta pandemiak eta egungo gobernuaren kudeaketak handitu egin dute desberdinkeria hori. Rio de Janeiroko Unibertsitateak egin berri duen ikerketa baten arabera, beltzek politikan gehiago parte hartzea lortu zuten aldi berean handitu zitzaien indarkeria politikoa jasateko beldurra ere. Alde horretatik, Marielle Francoren hilketak mugarri bat ezarri zuen —2018ko martxoan hil zuten—. 2021ean, Brasil izan zen munduan trans gehien hil zituen herrialdea, hamahirugarren urtez jarraian. «Indarkeria politikoa izugarria da herrialde honetan, eta areagotu egin da Marielle hil zutenetik», esan du Hiltonek.

«Mehatxatu egin ninduten nire agintaldiaren hasieran, eta horregatik dauzkat bizkartzainak. Transen bizimodua zeharo prekarioa, krudela eta ankerra da. Kalean lan egiten duten emakumezko gehienak beltzak, trabestiak eta transexualak dira, eta egunero egin behar diete aurre indarkeriari, arrazakeriari eta transfobiari. Iseka egiten digute, jazarri egiten zaizkigu, eta torturatu egiten gaituzte, askotan egun argitan, eta eraso horiek filmatu eta sare sozialetan jarri ere egiten dituzte. Etxetik botatzen gaituzte, eta ez daukagu eskubiderik ez erlijiorako, ez afekturako, ez maitasunerako, ezta babestuko gaituen estatu baterako ere. Hori da gure errealitatea, aniztasuna onartzen ez duelako modu koldar eta gaiztoan hiltzen gaituen Brasil honetakoa».

Arrazakeria

Askoren ustez, arrazakeriaren inguruko kontzientzia eta sentsibilizazioa ez da handitu bakarrik beltzen artean: zurien artean ere bai, eta hori ere berria da. Duela egun batzuk, Sueli Carneiro filosofoa eta Geledes Emakume Beltzaren Institutuko zuzendariak hau adierazi zuen, Charles W. Mills O Contrato Racial liburuaren egilearen hitzak ekarrita: «Zuri oro da, bere borondatea gorabehera, arrazakeriaren onuradun, baina zuri guztiek ez dute sinatua arrazakeriak ezartzen duen arraza kontratua».

Bolsonarok neurri berean ukatzen eta erabiltzen du arrazakeria. 2018ko kanpainan, adierazi zuen Brasilen ez zegoela arrazakeriarik, baina, orain egun batzuk, erakutsi zuen baietz, elkarrizketa baten erdian elkarrizketatzaile bati zera esan zionean: «Zu erdi iluna zara. Hori krimen bat da?».

Ikusi gehiago:Desberdinkeriaren Brasil

Silva, berriz, bat dator datu guztiek adierazten dutenarekin, baina ez du horien beharrik bere historia berresteko: «Desberdinkeriak askoz gehiago eragiten die beltzei. Eta aldirietan bizi diren gazte beltzak dira biztanlerik zaurgarrienetakoak. Liluratu egiten dira telebistan ikusten dutenean zer aurki dezaketen hirian, eta, hona etortzen direnean, ikusten dute ez daukatela ezertarako aukerarik».

Azken hamarkadan, %139 hazi da kalean bizi behar duten brasildarren kopurua. 2012an, 92.550 etxegabe zeuden; 2020an, 222.000 ziren. Sao Paulok hamabi milioi biztanle ditu, eta etxegabe gehien duen hiria da: 66.000 ditu gutxienez, Movimento Estadual da Populaçao em Situaçao de Rua gobernuz kanpoko erakundearen arabera.

Hala eta guztiz ere, Silva baikor dago Lularen gobernu berri baten aukeraren inguruan: «Uste dut oso garrantzitsua izango dela Lulak gobernu bat eratzea, hau da, gobernu aurrerakoi bat eratzea. Bolsonarok etxebizitzarako laguntzen %90 kendu zituen. Nire etxea, nire bizitza programa zoragarria izan zen —herrialdeko etxebizitza programarik handiena, Bolsonarok 2019an baliogabetu zuena—, baina, orain, estatuak guztiz abandonatu gaituen errealitate batean pentsatu behar da, eta ditugun hezkuntza eta osasun arazo larriak konpondu behar dira. Lulak oinarri bat behar du gobernatzeko: gu gara oinarri hori».

Maiatzaren 12an, Eskubideen Aldeko Beltzen Koalizioaren egitasmo bati esker, oposizioko alderdiek Auzitegi Federal Gorenari eskatu zioten, batetik, Brasilgo Estatuak onar dezala beltzei egindako genozidioa, eta, bestetik, gobernuak azalpenak eman ditzala.

Dokumentu horrek nabarmentzen du Poliziak gero eta pertsona gehiago hiltzen dituela, eta bertan behera geratu direla osasun publikoko politikak eta aberastasunaren banaketa; horren ondorioz, herritarrek ez daukate bizi baldintza duinak izateko aukerarik.

Plataforma horrek, gainera, jakinarazi zuen hil dituztenen %75,5 beltzak direla. Erakundeak aurkeztutako beste datu baten arabera, 2018an elikadura falta larria zuten etxeen %58an beren burua belztzat edo beltzarantzat zeukatenak bizi ziren.

Demokrazia edo faxismoa

Gerardo Alckmin kontserbadorea presidentetzarako aliatu gisa hartu izanak —hautesle gehiago erakartzea helburu— erremina piztu zuen herritar askorengan. Halere, askoren ustez, bozetan dena irabaztea edo dena galtzea dago jokoan, baita Lularen aliantzan parte hartzen duten eta babesten duten gizarte mugimendurik ezkertiarrenen ustez ere.

Hau da, lehenengo helburua eta premiazkoena da Bolsonaro gobernutik ateratzea. «Lula da bolsonarismoari aurre egiteko hautagairik indartsuena», ondorioztatu du Hiltonek. «Gauden egoera honetan, erabaki estrategikoak behar ditugu. Ezin dugu galdu aukera hau, Bolsonaro boteretik atera eta Brasilgo herriari itxaropena eta poza itzultzeko, eta, gaur egun, Lula da horretarako gai den bakarra».

Bolsonaro Lularen oso azpitik kokatzen dute inkesta guztiek —hamalau puntu gutxiagorekin, azken inkesten arabera—, eta hura boterean betikotzeko beldurrak ekarri du hauteskunde hauek Brasilgo historiako garrantzitsuenetakoak bihurtzea, eta lehiaren funtsa gehiago izatea estrategia —«demokrazia edo kolpea»—, programa politikoen eztabaida baino.

Brasilen, faxismoaren mehatxua ez da mehatxu bat bakarrik, ezta eztabaida akademiko bat edo telebistako eztabaida bat ere, baizik eta azken lau urteotan bizi eta sufritu duten errealitate bat.

Ikusi gehiago:Aukera beste zailtasun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.