Brasilgo hauteskundeak. Ekonomia

Desberdinkeriaren Brasil

Suspertu ezinik zebilen ekonomiak kolpe handia hartu du pandemiarekin, eta nazioarteko testuinguruak gauzak zaildu ditu. Pobrezia eta gosea handitu egin dira.

Janari banaketa Rio de Janeiroko kale batean. Gaur egun, 33 milioi pertsonak pairatzen dute gosea Brasilen. ANDRE COELHO / EFE.
Irune Lasa.
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
«Ezin da onartu munduko elikagai ekoizleetan hirugarrena den herrialdean 33 milioi pertsonak gosea pasatzea. Ez da posible». Lula da Silvaren hitzak dira, mitin batean esanak. Eta bai, posible da gaur egun nekazaritzaren negozioaren goraldia bizi duen herrialde berak, lerroburu handien arabera munduaren hamarren bat elikatzen duen nazioak, gosea pasatzen duten 33 milioi pertsona izatea bere herritarren artean.

Ikusi gehiago:BI EREDU KONTRAJARRI

Lularen agintaldiko urte gozoen ostean, Brasilgo ekonomiaren gainbehera 2014. urtean hasi zen, nazioarteko ekonomia uzkurtzen hasi zenean eta lehengaien prezioak amildu egin zirenean. 2015ean eta 2016an atzeraldia izanez geroztik, hazkundea modu esanguratsuan suspertu ezinik pasatu ditu urteak Brasilek, COVID-19a iritsi arte. Gaitzak 686.000 lagun hil ditu herrialdean, ekonomiari nabarmen kalte egin dio, eta desberdinkeria are gehiago handitu. Besteak beste, pandemiarekin, hamar milioi pertsona gehiago dira gosea pasatzen duten herritarrak, aipatutako 33 milioi pertsonako zenbateko horretaraino.

2022. urtean Brasilgo biztanleen %30 bizi dira pobrezian, hilean 95 dolar (97,6 euro) baino gutxiagorekin. Per capita errenta 2013. urtekoa baino %10 txikiagoa da orain. Eta, aldi berean, aberats gehien dituen munduko herrialdeetan zazpigarrena da Brasil.

Pandemia ostearekin susperraldi bat iritsi zen, eta 2021. urtea %5eko hazkunde nabarmenarekin ixtea lortu zuen Brasilek. Baina oraindik ez dira pandemia aurreko kopuruak itzuli, eta inflazioak, Ukrainako gerrak eta finantzaketa lortzeko gero eta baldintza zurrunagoek atzera moteldu dute ekonomia. OCDren arabera, barne produktu gordina soilik %0,6 handituko da 2022an, eta %1,2, berriz, 2023an. Testuinguru horretan, garai hobeak gogoratzea izaten da joera, eta garai haien sinboloa da brasildar askorentzat Lula da Silva, nahiz eta beste batzuek hautagaia gehiago lotu ustelkeriarekin.

Garai hobeak

Lula, metalgintzako sindikalista izandakoa, 2002 eta 2010 artean izan zen Brasilgo presidente, eta aparretan utzi zuen kargua, besteak beste 29 milioi brasildar klase ertainera igotzen ikusita. Atzerriko inbertsiogileentzat ere urte oparoak izan ziren haiek Brasilen, hazkunde handiak, gobernu ekonomikoki pragmatikoa... Lularen lidergoa herrialdean soilik ez, atzerrian ere foro guztietan goraipatzen zen. Egia da, halaber, haizea alde izan zuela Lulak. Urte haietan, munduko ekonomia bete-betean ari zen, lehengaien boom handia izan zen, biak ala biak Txinaren hazkunde ikusgarriak bultzatuta.

Abagunea desberdina da orain, nahiz eta azken hilabeteetan Brasilgo ekonomiak suspertze zantzuak eman —oraingoan ere lehengaien goraldiaren eraginez—. Geldialdia gero eta hurbilago ikusten du nazioarteko ekonomiak, eta inflazioak eta finantzaketa garestiak gauzak zailtzen dituzte.

Ikusi gehiago:Emakume beltzak: dena edo ezer ez

Gai izango al da Lula garai haien distira orainera ekartzeko berriz? Horretan daude herrialdeko klaserik pobreenak; batez ere haiei esker dago Da Silva Jair Bolsonaroren aurretik inkesta guztietan.

Hain zuzen, horregatik saiatu da Bolsonaro militar ohia gizarteko segmenturik txiroenak bereganatzen, printzipioz merkatuaren aldeko bere politikaren kontrakoa den jokaldi batekin: dirua emanez. Uztailean, kamioilarientzako eta taxistentzako erregai subsidioak onartu zituen, eta herritarrik txiroenentzako ordaina handitzea 600 errealetaraino (115 euro inguru) urte bukaerarako. Guztira, 7.800 milioi euroko gastua.

Hala ere, Bolsonarok ez du ezkutatzen hauteskunde hauetan presidente irteten bada orain arteko bere politikekin jarraituko duela, ekonomian ere. Besteak beste, lan erreformekin eta pribatizazioekin. Bolsonaroren gobernuak, adibidez, Eletrobras argindar konpainiaren pribatizazioa du abian.

Hain zuzen, Lulak dio pribatizazio hori geldituko duela presidentetzara iristen bada. Estatua ekonomiaren erdigunera ekarri nahi du sindikalista ohiak, hazkundea berpiztu azpiegituretarako inbertsio publikoarekin. «Estatuak hartu behar du lidergoa», esan du. «Estatuak bere eragin ahalmen guztiak erabili behar ditu herrialde hau garatzeko, negozioburuak eta atzerritarrak inbertitzera bultzatzeko».

Ingurumena

Bien bitartean, Brasilgo ekonomian indartsu daudenak nekazaritza eta hari lotutako negozio guztiak dira. Alor horrek dagoeneko herrialdearen BPGaren %25 baino gehiago hartzen du. Eta nekazaritzak pisu handien duen estatuetan du babesik handiena Jair Bolsonarok, azken urteak oparoak izan dituztelako, eta baita neurri handi batean bat egiten dutelako ere Bolsonarok Amazoniaz eta ingurumenaz pentsatzen duenarekin.

Ingurumena gai inportantea izango da hauteskunde hauetatik aterako den presidentearentzat. Hori azpimarratzen dute analistek, gogoratuz Bolsonaroren jarrerarekin Brasilek zaila duela erakartzea ESG inbertsioak —ingurumenarekin, gizarte gaiekin, eta gobernantzarekin zerikusia duten inbertsioak (Environmental, Social, and Governance Investing)—. Eta azken urteetan halako inbertsioek sekulako pisua hartu dute munduan.

Hauteskundeen emaitzak zalantzan jarriz Bolsonarok egindako adierazpenak ere ez dira lagungarri egonkortasuna eta arazorik gabeko onurak maite dituzten atzerriko inbertsiogileentzat.

Edonola ere, egungo testuinguruan ezer ez da erraza Brasilen. Ez da erraza, batez ere, desberdinkeria pairatzen duten milioika brasildarrentzat.

Ikusi gehiago:Aukera beste zailtasun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.