Brasilgo hauteskundeak. Hautagaiak

BI EREDU KONTRAJARRI

Elkarrengandik ezin urrunago dauden bi indar dira Luiz Inacio da Silva 'Lula' eta Jair Bolsonaro. Zentro-ezkerrean bata eta eskuin muturrean bestea, aurrez aurre egongo dira gaur Brasilen egingo dituzten presidentetzarako bozetan.

Bolsonaroren jarraitzaile bat, auto batean. ANDRE COELHO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Lula da Silva. Herrialde egonkorrago baten esperantza

Burua zut zuela irten zen PT Langileen Alderdiko buru Luiz Inacio da Silva Lula 2010ean, bere bigarren agintaldia amaitu zuenean; %80ko babesa zuen orduan. Metaleko langile ohiak ondo baliatu zuen urte haietan herrialdeak izandako goraldi ekonomikoa. Ordea, 2018an haren izen onak kolpe gogorra hartu zuen ustelkeriaz akusatu eta espetxeratu zutenean. 580 egun egin zituen kartzelan. Tarte horretan heldu zen agintera Jair Bolsonaro.

Kartzelatik igaro izanak, ordea, ez du erabat itzali ezkerreko buruzagiaren argia, alderantziz baizik. Bolsonarok pandemian izandako jokabideak ere lagundu du horretan —gutxietsi egin zuen COVID-19a, eta baztertu egin zituen osasun jarraibideak—. Hala, hauteskundeen atarian, bozak irabazteko faboritoa izateaz gain, presidentetza lehen itzulian lortzeko aukera ere eskura du Lulak. Iraganeko garai hobeagoen ikur bilakatu da 76 urteko zentro-ezkerreko buruzagia.

Ikusi gehiago:Emakume beltzak: dena edo ezer ez

Bolsonaroren lau urteko agintaldiak, haren hizkera erasokorrak eta pandemiaren aurrean izandako jarrerak eta hartutako neurriek pazientzia galarazi diete herritar askori. Haren aurrean, gizon lasai gisa aurkezten du bere burua Lulak, herrialdeari egonkortasuna emateko gaitasuna duen buruzagi gisa, eta horren froga moduan aurkezten ditu bere bi agintaldiak. «Penatuta nago, nik agintea utzi eta hamabi urtera Brasil pobreago aurkitu dudalako. Langabezia handiagoa dago, jendea gosez, eta Brasilgo Gobernuak sinesgarritasun osoa galdu du, bai etxean, baita nazioartean ere», esan du behin baino gehiagotan.

Lulak alde batera utzi du garai batean askorentzat ezker muturrekoa zen diskurtsoa, eta zentrora jo du, boz moderatuagoaren bila. Horregatik aukeratu du Geraldo Alckmin presidenteorde gisa. Brasilgo Alderdi Sozialistako kidea da Alckmin —aurrez Alderdi Sozialdemokratako kidea zen, baina utzi egin zuen, Lularekin batera aurkeztu ahal izateko—, eta Sao Pauloko gobernadore izandakoa, baita Lularen aurkari ere 2006ko presidentetzarako bozetan.

Emakumeak, langileak eta ingurumenaren aldeko ekintzaile eta mugimenduak ditu bere alde Lulak; kontserbadoreak eta armen aldeko mugimendu eta taldeak, aldiz, Bolsonarok. Baina bada gizarte talde bat Brasilen gero eta garrantzi handiagoa duena: ebanjelistak. Horiek dira Brasilgo 210 milioi herritarretatik %30 inguru, eta 2018ko bozetan, hamarretik zazpik Bolsonaroren alde egin zuten. Hor ere, baina, ahalegin berezia egin du Lulak, eta lortu du bien arteko aldea 23 puntutik hamazazpira igarotzea. Horrek erakusten du gero eta gehiago direla talde horretan ere aldaketa egin dutenak, edo agian, aldaketa egin gabe, 2018an ez bezala bozkatzea erabaki dutenak. «Arrazoi lurtarrak daude boto horren atzean. Ez dute Lula bozkatzen ebanjelikoak direlako, pobreak direlako baizik. Proportzioan beltz eta txiro gehien duen talde erlijiosoa da, hau da, errenta apaleko jende gehien biltzen duena», azaldu du Vinicius do Valle politologoak.

Ingurumena da bi hautagaiak aurrez aurre jartzen dituzten beste gaietako bat. Lulak argi utzi du ez duela nahi Amazonia «natur babesleku» bilakatzerik. Hura ustiatzen jarraitu nahi du, baina «arduraz». Horrez gain, oihana herrialdeko beste eskualdeekin lotuko duten errepideak egitea aztertu nahi du, «ingurumena zainduz».

Hori baino gehiago nahiko lukete ekologistek, baina alternatiba zein den ikusita, kalte gutxien egingo duen hautagaiaren alde egingo dute haiek ere.

Jair Bolsonaro. Eskuin muturraren seme zintzoa


Brasilek inoiz ezagututako ustelkeria eskandalurik handienaren erdian aurkeztu zuen Jair Bolsonarok presidentetzarako hautagaitza. Ordurako, urte asko zeramatzan politikan, Kongresuan, baina, hala ere, lortu zuen bere irudia elite politikotik urruntzea. Militarren pribilegioen defendatzaile sutsua da Bolsonaro, eta ez du beldurrik pentsatzen duena hizkera zakarrez esateko eta, hala, bere burua hautagai «zintzo» gisa aurkezteko. Eskuin muturreko jarraitzaile leialak ditu, nahiz eta pandemia garaian egindako kudeaketaren ondorioz Brasil izan munduan hildako gehien zenbatu duten herrialdeetako bat: 686.000. Alde ditu, halaber, kristau ebanjelistak, militarrak, poliziak, enpresariak eta lur jabe handiak.

Duela lau urte, bere alde zituen ezkerrarekin desengainatutako milaka lagun, eskuineko koalizio handi baten babesa ere bazuen, eta garrantzitsuena: Lulak ez zion haren hautagaitzari itzalik egiten. Legealdia amaitu da, ordea, eta egoera irauli. PTko liderra kalean da berriz, ustelkeria salaketen pisua kenduta eta inkestak erabat alde dituela. Izan ere, lau urteok ez dira izan Bolsonarok espero bezalakoak. 2020an Amazoniako suteak kontrolatzeko ezintasunak —oihanaren %23 galdu zen— nazioartearen gaitzespena eragin zuen, eta bakartze hori areagotu egin zen Bolsonaroren aliatu nagusiaren, AEBetako presidente Donald Trumpen agintaldia amaitu zenean.

Ikusi gehiago:Desberdinkeriaren Brasil

Estatuburuak bere senideen aurkako salaketak geldiarazteko esku hartu izanak eta Brasilgo hauteskunde sistema bera zalantzan jarri izanak ez du lagundu haren sinesgarritasuna hobetzen. Aldiz, kezka sortu du bozak galduz gero zer jarrera hartuko ote duen. Adituek diote armada ez legokeela prest estatu kolpe bat babesteko, ezta epaitegiek edo komunikabideek bozen emaitza iraultzeko ahalegin bat ere. Baina bestelakoak dira eskuin muturreko haren jarraitzaileak. Ez da lehen aldia haien ekitaldietan ezkerraren aurka oldartzeko eskatzen dutena. Ez dago frogarik esateko eskuin muturreko milizia bat dagoela, baina inork ez du erabat baztertzen Lulak irabaziz gero Bolsonaroren jarraitzaileak kalera irtetea botere aldaketa eragozteko.

Muturreko diskurtsoa

Hein handi batean, boto moderatuak eraman zuen Bolsonaro agintera, PT zigortzeko. Baina, ironikoki, horrexek ahalbidetuko du, inkesten arabera, Lularen garaipena; besteak beste, ustelkeria salaketek Bolsonaro bera ere zipriztindu dutelako —Justizia ministro Sergio Morok dimisioa eman zuen Bolsonarok ikerketa bat oztopatu zuenean bere gertuko bat babesteko—.

Bolsonarok ez du aldatu presidentetzara eraman zuen jarrera oldarkorra. Pandemian, presidenteak manifestazio ugaritan parte hartu zuen Kongresua eta Auzitegi Gorena itxi zitzatela eskatzeko. Manifestariek eskatzen zuten hainbat diputatu eta epaile atxilotzeko, presidentearen zenbait ekinaldi blokeatu zituztelako —horietako bat izan zen boto paperak derrigorrezko bilakatzearena 2022ko bozetarako, argudiatuta bozkatzeko makinak ez zirela «fidagarriak»—. Militarrak agintera itzuli eta berriz ere diktadura ezartzearen aldeko oihuak ere entzun ziren manifestazio haietan.

Aldiz, enpresarien babesa lortzen jakin du presidenteak; besteak beste, pandemian itxialdia ezartzearen aurka agertu zelako, baita kutsatzeek goia jo zutenetan ere. Sokaren beste muturrean, herritar txiroenen artean ere jarraitzaileak irabazi ditu eskuin muturreko hautagaiak, batez ere azken hilabeteetan. Izan ere, Lularen agintaldian hasitako Bolsa Familia programako oinarrizko diru laguntzak handitu egin ditu Bolsonarok, hori bai, programari izena aldatuta —Auxilio Brasil da orain—, inork PTrekin lotu ez dezan. Laguntza horiek ez dira nahikoa pobrezia amaitzeko, noski; baina bai presidentearen babesa handitzeko. Azken azterketen arabera, txiroenen artean %63ko sostengua du Lulak, eta %23koa Bolsonarok.

Sare sozialak dira Bolsonaroren kanpainako beste zutabeetako bat. Presidenteak milaka jarraitzaile ditu sareetan, zehazki 50 milioi inguru Instagramen, Facebooken, Youtuben, Telegramen eta Twitterren —hamabost milioi ditu Lulak—. Arma indartsua da hori, inondik ere, hamar herritarretik zazpik informazioa sareetatik jasotzen dutela aitortzen duten herrialde batean. Adinez nagusiagoak eta sareen hain zale ez direnentzat, berriz, bestelako plataforma bat du estatuburuak: apaiz ebanjelistak. Horri gehitu behar zaizkio gobernuan egoteak eskaintzen dizkion tresna eta baliabide guztiak.

Azken aukera

Baina baliabideetan aberats izateak ez dio garaipenik bermatzen, eta argi uzten dute hori inkestek. Estu da oso Bolsonaro, ikusita Lulak espero gabeko abantaila atera diola kanpainan, berak ahalegin guztiak eginda ere. Lau urteko agintaldia garesti ordaintzear da estatuburua, baina ez dago amore emateko prest.

Beldurra hartu du orain aliatu, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak eskainitako bozgorailua baliatu du bere mezua zabaltzeko, ohartaraziz Lula agintera heltzen bada Eliza katolikoaren aurka joko duela, «Daniel Ortega presidenteak Nikaraguan egin moduan» —hainbat apaiz atxilotzeko agindu du Ortegak, indarkeria sustatzea egotzita—. Bide beretik jarraitu dute haren gertukoek ere, iradokiz Lula agintera heltzen bada «ezkerreko diktadura bat» ezarriko duela.

Ikusi gehiago:Aukera beste zailtasun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.