Erkorekak esan du Ertzaintzako lan gatazkak ez duela Tourra baldintzatuko

Uztailaren 1etik 3rako «segurtasun publikoaren gida plana» aurkeztu du Segurtasun sailburuak: 1.700 ertzainek parte hartuko dute egunero. Ertzainak Borrokan plataformak, berriz, Urkulluri leporatu dio gatazkari konponbide bat bilatzeko aukera galtzea

Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkoreka, Tourrarekin lotutako plana azaltzen. IREKIA.
Iosu Alberdi.
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak Frantziako Tourreko lehen hiru etapetako «segurtasun publikoaren gida planaren lerro nagusiak» aurkeztu zituen, atzo, Bilboko, Gasteizko, Donostiako eta Zornotzako (Bizkaia) udal ordezkariekin batera. Ertzainen protestekin batera iritsi da aurkezpena, baina, sailburuaren esanetan, lasterketako segurtasuna «bermatuta» dago. Argudiatu du Ertzainak Borrokan plataformaren «ustezko bozeramaileek berek» adierazi dutela Tourrari «min egiteko» asmorik ez dutela, eta, beraz, ez dagoela aurkakoa esateko ziorik: «Inork ez du hain zorrotz prestatutako proba bat galarazteko borondaterik. Inor ez dago ondo egingo ez dela esateko moduan».

Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzako sindikatuen arteko negoziazioetan ez da agenteek nahi adinako urratsik egin. Hala, Ertzainak Borrokan plataformak deituta, polizia agenteek zenbait protesta egin dituzte azken asteetan; besteak beste, 1.100 euroko soldata igoera bat eskatzeko. Tourreko lehen hiru etapak arriskuan egon daitezkeela ere esan dute, eta Jaurlaritza haiekin izaten ari den jarrera kritikatu. Ertzaintzako buru Josu Bujandari leporatu diote haiek «terroristekin alderatzea», eta Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri, gatazkari konponbide bat topatzen ez saiatzea: «Segurtasunaren alde egin balute, ez lituzke milaka ertzain izango bere kontra».

Urkulluk eta Bujandak herenegun hitz egin zuten, lanean hildako ertzainak omentzeko ekitaldi batean, Arkautin. «Inongo erakundek, Ertzaintzak ere ez, ezin du onartu gizartearen errespetua galtzeko luxua», esan zuen Urkulluk. Gainera, «kezka» adierazi zuen «bizikidetza eta bizitza demokratikoaren garapena baldintzatzen saiatzen diren esku hartze antolatuen inguruan».

Eredua aldatzeko nahia

Lehendakariak ez zien erreferentziarik egin Ertzainak Borrokan plataformaren protestei, baina gogoratu zuen erakundearen «lehentasuna» dela gizartearen segurtasuna: «Euskal herritar guztiek erakunde honi emandako misioa da». Hala, Ertzaintzaren eta gizartearen arteko «konfiantzaren zubia zutunik» mantentzeko eskatu zuen.

Ertzaintzako buru Bujandak, berriz, adierazi zuen Ertzaintzaren «eredua aldatzen» saiatzen ari direla. Haren hitzetan, iraganean «kanpotik» saiatu ziren aldaketa hori egiten, eta erakunde barrutik ari dira orain. Gaineratu zuen ez dutela lortuko halakorik egitea.

Bide beretik, EAJren Espainiako Kongresuko eledun Aitor Estebanek atzo adierazi zuen ertzain izatea «ordenagailu aurrean dagoen funtzionario bat» izatea baino gehiago dela. Radio Euskadin egindako elkarrizketan, egoera «kezkagarritzat» jo eta protestetan legea ez betetzea kritikatu zuen jeltzaleak, ez diolako erakundearen «prestigioari» mesede egiten.

Izan ere, ertzainek egindako protestetako bat ikertzen ari da Segurtasun Saila. Ostegunean, Gasteizko tranbia geldiarazi zuten ordubetez, lanean ari ziren agenteek ezer egin gabe. «Arrazoiak daude pentsatzeko jarrera hori ordenamendu juridikoaren kontrakoa dela», adierazi zuen Erkorekak orduan.

Egoeraren bestelako analisi bat dute Ertzaintzako sindikatuek. Ernek, Esanek, Euspelek eta Sipek adierazi dute lan balditzen inguruko negoziazioan ez dagoela ertzainen «borondate faltarik», baizik administrazioaren «enpatia eta konpromiso falta». Sailari «harrokeriaz» aritzea leporatu diote, eta polizien aurkako diskurtsoak hauspotzea.

Tourreko operatiboa

«Segurtasun operatibo integrala» izango da Tourrekoa. «Inoiz ez bezalakoa», Erkorekaren hitzetan. Denera, 1.700 ertzain eta ehunka udaltzain arituko dira egunero, baita dozenaka suhiltzaile eta larrialdietako langile, Arkautiko (Araba) «euskal poliziako» azken promozioko 500 ikasle eta 1.800 «tour lagun» ere. Denak Ertzaintzaren aginduetara egongo dira, eta hark BECen izango du zentro logistikoa.

Aipatutako udalerrietan eragingo du nagusiki —Bilbon, baita hasi aurreko egunetan ere—, baina lasterketa 108 udalerritatik igaroko da uztailaren 1ean, 2an eta 3an, eta haietan ere errepideak itxiko dituzte. Txirrindulariak iritsi baino lau ordu lehenago itxiko dituzte lasterketa igaroko den errepideak. Denera, Ertzaintzak 2.190 tokitan etengo du trafikoa, eta horietako 66 «kritikotzat» jo dituzte. Hain zuzen, ikusle gehien elkartuko diren eremuak hartu dituzte kritikotzat —mendi igoerak, esprintak eta anoa postuak.

Tourraren hasiera soilik ez:oporretako irteerako operazioa ere martxan egongo da egun horietan. Beraz, hiru «eskakizun» egin nahi izan dizkie herritarrei: joan-etorriak «denborarekin planifikatzea»; informazioa «behar besteko denborarekin» bilatzea; eta «garraio publikoa» erabiltzea. Informazioa helarazteko, herritarrei arreta eskaintzeko telefono zerbitzuak indartuko dituzte, eta aplikazio bat jarriko eskura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.