Hezkuntza itunerako bidea (III). Hizkuntza.

Ikasleak nola euskaldundu

Hezkuntzako eragile eta aditu gehienak bat datoz: azken hamarkadotan ikasle anitz euskaldundu ditu eskolak, baina ez nahikoa. Euskara ardatz lukeen eredu bakarra proposatu dute eragile nagusiek, baita ikastetxe bakoitzeko egoerara egokitzea ere.

Euskaraldiko ekitaldi bat, 2018an, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Euskal herritar ugari euskaldundu dira azken hamarkadotan hezkuntza sistemaren bidez. Halaxe diote datuek, eta horixe adierazi dute Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean hizkuntzen ikuspegitik ekarpena egin duten eragile eta aditu gehienek ere. Jasone Cenoz EHUko hizkuntzalariak, adibidez: «Gure hezkuntza sistema erreferentzia da Europan eta beste leku batzuetan. Azken urteotan euskararen gaitasuna handitu baldin bada, faktorerik handiena hezkuntzarena da». Abenduaren 10ean legebiltzarrean egindako hitzaldian Cenozek nabarmendu zuen gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleen %70 baino gehiago ari direla D ereduan ikasten: alegia, ikasteko hizkuntza nagusia euskara duen ereduan. «Baina badakigu arazo batzuk daudela eta nahiko larriak direla: ikasle batzuk hasierako mailan daude, ez erdi mailan eta ez aurreratuan, ez euskaraz eta ez gaztelaniaz. Eta badaude ikasle asko erdaldun elebakarrak direnak. Badago arazo bat».

Euskalgintzaren Kontseiluak eta hezkuntzako eragile nagusiek abenduaren 16an egin zuten agerraldian ere «aitortza» egin zioten «azken hamarkadotan hezkuntza sistemak egin duen ekarpenari, milaka eta milaka herritar euskaldundu» dituelako. Baina eragileek ere azpimarratu zituzten sistemaren gabeziak: «Oraindik ezagutzaren unibertsalizaziotik urrun gaude». Berdin Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ere: «Argi dago egungo A eta B ereduetan ez dela lortzen gaitasun maila nahikoa hizkuntza gutxituan». Ane Ortega Begoñako Andra Mari irakasleen unibertsitate eskolako irakasleak uste du «diagnostikoan nahiko bat datozela» eragile eta aditu gehienak: «Bidegurutze batean gaude, eta benetan aukera daukagu hezkuntza sistema sendotzeko». Berdina edo antzekoa da denek ateratzen duten argazkia, beraz. Ikasle guztiak euskalduntzeko bidean, ordea, marrazki ezberdinak proposatzen dituzte batzuek eta bertzeek. Ikasle guztiak eta zenbateraino euskaldundu behar diren ere zalantzan jartzen dute batzuek. Edo egin ote daitekeen, eta nola.

Eredu bakar bat?

Abenduaren 16an Gasteizen eginiko agerraldian proposamen bateratu bat egin zuten Euskalgintzaren Kontseiluak, Ikastolen Elkarteak, EHIGEk, Hik Hasik, Kristau Eskolak, EHIZEk, ELAk, LABek eta Steilasek: A, B eta D ereduak alde batera utzi, eta eredu bakar bat jar dadila, ikasle guziei euskara gaitasun «egokia» bermatuko diena. Paul Bilbaok «historikotzat» jo zuen proposamena, lorturiko «adostasun» zabalagatik, eta azaldu zuen eredu bakar horrek ikasleen arteko «berdintasuna» duela xede: «Jatorriak, egoera sozioekonomikoak, egoera soziolinguistikoak edota bestelako irizpideek ezin dituzte baldintzatu ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak, ez hizkuntzaren arloan, ezta beste ezagutza arloetan ere». Horretarako bidea «gutxien duenari gehiago ematea» litzateke, eragile nagusien ustez: «Horregatik diogu aukerarik justuena eta berdinzaleena oinarrizko euskara gaitasuna belaunaldi berri guztiei bermatuko dien eredu berri orokortua ezartzea dela».

Denek ez dute berdin ikusten, ordea. Cenozek, erraterako: «A eta B ereduak D ereduan sartzen badira, euskarazko errendimendua jaitsi egingo da». Haren ustez, «eleaniztasun helburu errealistak» jarri behar dira, eta ez da hala pentsatzea euskaldun guztiak eskolan euskaldunduko direla. Haren iritziz, A ereduan euskararen «ahozko eta idatzizko ulermenean zentratu» beharko litzateke, «belarriprest-ak» sortzeko: «Horrekin lortuko genuke euskaldunek aukera izatea euskaraz hitz egiten jarraitzeko, nahiz eta A eredukoek erdaraz hitz egin ulertuko lieketelako».

Ez da eragile nagusien proposamena, baina haiek ere erran dute eredu bakarraren ezarpenak «progresiboa» izan beharko duela, eta egoera bakoitzera egokitu beharko direla hizkuntza proiektuak. Dobaranek berak ere proposatu zuen hizkuntza proiektuak «eskolaz eskola» egokitzea, «ingurune soziolinguistikoa eta ikasleen profila» aintzat hartuta. «Ikusita zer profil duten ikasleek, hori irakurri, eta ordenatu beharko da nola emango den hizkuntza bakoitza. Eskolari autonomia emanez, eta eskoletako klaustroak egonkortuz eta sendotuz». Ortegak ere nabarmendu du irakasle taldeak egonkortzea behar dela: «Egiturazkoa da urte batetik bestera irakasle asko, batzuetan %40, aldatzea». Eta hizkuntza proiektuen garrantziaren alde egin du hark ere, baina azpimarratuta autonomiak «informatua» behar duela, zuzendaritzetako kideak ez daitezen «bakarrik» egon.

Andra Mari unibertsitateko irakaslearen ustez, ordea, eskolatik eta klasetik harago ere egin behar da lanketa: «Begiratu behar dugu jantokian zer gertatzen den, autobusean zer gertatzen den, eskolaz kanpoko jardueretan... Eta eskolak bakarrik ezin du». Dena den, eta oro har, ikasleak euskalduntzea lortuko bada, gaiari buruzko ikerketa gehiago eta eragile guztien arteko «lankidetza» beharko direla uste du Ortegak. Hala diote hezkuntzako eragile nagusiek ere: «adostasuna» nahi dute.

Bihar: Ikastetxe txiki eta handien ekarpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.