Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna

Espainiako Estatutik kanpoko bozek ez dute diputatu banaketa aldarazi

EH Bildurentzat izan da Araban jokoan zegoen azken eserlekua, eta PSNrentzat Nafarroakoa

jon olano
2019ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzek lehia estua azaleratu zuten Araban EH Bilduren eta PPren artean. Koalizio subiranistak popularrek baino 383 boto gehiago eskuratu zituzten, baina Espainiako Estatutik kanpoko botoak falta ziren zenbatzeko. Atzo zenbatu zituzten horiek, eta ez zuten herrialdeko diputatu banaketan aldaketarik eragin: EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk ordezkari bana izango dute Espainiako Kongresuan; Mikel Legarda, Isabel Zelaa, Juantxo Lopez Uralde eta IƱaki Ruiz de Pinedo, hurrenez hurren. Eserlekurik gabe geratu da Javier Maroto PPko diputatugaia, eta 30 urtean lehen aldia da PPk herrialde horretan ordezkaritzarik lortzen ez duena.

Izan ere, Araban, Elkarrekin Podemos izan da Espainiako Estatutik kanpo botoa eman dutenen artean babes gehien jaso duen indarra, PSE-EErekin berdinduta: 123na. EAJ izan da hirugarrena (97), eta PP laugarrena (78). EH Bilduk 59 jaso dituenez, hemeretzi botoren aldearekin nagusitu zaio PP EH Bilduri, baina behar zituen 384etatik urrun. Horiez gain, Ciudadanosek 43 boto lortu ditu, eta Voxek, 21.

Nafarroan ere tarte estua izan zen azken diputatua lortzeko. PSNk 400dik gora botoren aldearekin lortu zuen azken diputatua, eta alde hori indartu egin dute Espainiako Estatutik kanpo jasotako botoek: 1.543 bozetatik 507 jaso ditu Navarra Sumak, 377 PSNk, 234 Unidas Podemosek, 133 Voxek, 119 EH Bilduk eta 97 Geroa Baik.

Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, diputatu banaketak apenas utzi zuen ezustekoetarako tarterik; hiru erdietsi zituen EAJk, bina PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek eta bat EH Bilduk. Azkena Elkarrekin Podemosek lortu zuen, eta laugarrena lortzeko 7.134 botora geratu zen EAJ.

Epea, etzi arte

Gipuzkoan ere EAJ izan zen nagusi, bi ordezkari eta 119.106 boto bilduta. Beste hainbeste eserleku izan zituen EH Bilduk ere, baina koalizioaren bigarrena izan zen herrialdean jokoan zegoen azken diputatua. PSE-EE izan zuen gertuen azken ordezkari hori lehiatzeko, baina koalizio subiranista 18.774 botoren aldearekin nagusitu zitzaien sozialistei. Probintzietako hauteskunde batzordeek larunbatera arteko epea daukate Espainiako Estatutik kanpoko botoak zenbatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.