Torturaren biktimen aitortza eskatuko dute Iruñean

Manifestazioa 18:00etan abiatuko da, autobus geltokitik. Kultur arloko 200 norbanakok baino gehiagok babestu dute protesta

Manifestaziora deitzeko egindako agerraldia, apirilean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Nafarroako Torturatuen Sareak deituta, manifestazioa egingo dute gaur Iruñean. Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunaren bezpera baliatuko dute protestarako, eta lurraldeko tortura kasuen gaineko ikerketetan urrats gehiago egin daitezela eskatzeko. Deialdiak eragile ugariren babesa jaso du, baita kultura arloko berrehun norbanako baino gehiagorena ere. Manifestazioa autobus geltokitik abiatuko da, 18:00etan.

Sarea otsailean jarri zen martxan, erakunde publikoei eskatzeko biktimak «ofizialki aitortzeko urrats sendoak» egin ditzatela: 1960tik 1978ra arteko torturekin egin bezala, ikertu ditzatela ordutik gaur egun arte egindakoak ere, «hainbeste hamarkadatako inpunitatea amaitzeko». Nafarroako Gobernuaren Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak hilabete hasieran adjudikatu zuen lan hori, eta EHUko Euskal Kriminologia Institutuak egingo du ikerketa, Paco Etxeberriaren gidaritzapean.

Torturak jasandako nafarren errolda bat egiten ere hasi da sarea, eta maiatzean aurkeztu zituen lehen datuak, Nafarroako Parlamentuan. 1960tik 2014ra bitarte torturak jasandako 822 lagunen testigantzak bildu zituzten ordurako, eta 990 tortura kasu egiaztatu. Kopuruak gora egingo duela abisatu zuten, ordea: «Zoritxarrez, datu hori handituz joango da datozen asteetan».

Aurkezpenean, gogora ekarri zituzten Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiaren aurka ezarritako zigorrak. Batetik, Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatzeagatik; bestetik, lau herritarren kasuak ez ikertzeagatik. Torturen eraginez bi lagun hil direla ere nabarmendu dute: Mikel Zabalza eta Antonio Goñi Igoa.

Sareak deitutako manifestazioan parte hartzera deituz, Tortura, demagun epe hori amaitu dela manifestua sinatu dute, besteak beste, Sarai Robles, Montxo Armendariz, Aitor eta Amaia Merino, Garazi Arrula eta Dora Salazar artistek. Nazioartean, berriz, Noam Chomsky eta Slavoj Zizek pentsalarien atxikimendua jaso dute. Norbanakoak soilik ez, alor ugaritako eragileak ere batu dira protestara: tartean, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezker Batua eta Batzarre indar politikoak eta gehiengo sindikala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.