Bozak Euskal Herrian

Mendiak uste du «ezberdinen arteko» akordioek arrakasta dutela

Otegik dio «lehengo ereduekin» ezingo dela atera krisitik, eta« ziurtasuna» behar dela. Iturgaitzek Urkulluren «kaosa» kritikatu du

Idoia Mendia PSEko lehendakarigaia, ostiralean, kanpaina aurkezten. L.T. /EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
PSOEren Lurralde Batzordean parte hartu zuen atzo Idoia Mendia PSEko lehendakarigaiak, eta «adostasunaren» alde mintzatu zen. «Herritarren aurpegiei begiratu eta haien alde lan egiteko garaia da», nabarmendu zuen. «Ezberdinen arteko akordioa» defenditu zuen Mendiak, eta jakinarazi zuen PSEk herritarrentzat «onuragarriak» diren itunen bila jarraituko duela. «Euskadin betidanik arrakasta izan dute ezberdinen arteko akordioek, gehiengo osorik ez delako egoten». Hala, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari erabateko babesa agertu zion Mendiak, bere proiektua aurrera eramateko: «Aliantzabila ibiliko gara guztion artean Espainian proiektu plurala eraikitzeko, inor atzean utzi gabe».

Bestalde, EH Bilduren Mahai Politikoak bilera egin zuen atzo, eta, gero, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia mintzatu zen. Haren esanetan, izurriteak eta krisi egoerak zerbait erakutsi badute, burujabe izatea beharrezkoa dela erakutsi dute: «Euskal Herrian burujabetzarik ez badago, beste batzuek hartzen dituzte erabakiak gure partez». Otegik nabarmendu zuen eragile guztiekin osatutako elkarrizketa mahaiak eratzea ezinbestekoa delaizurriari eta krisialdi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko. Dena dela, Iñigo Urkullu lehendakariari egotzi zion adosteko borondaterik ez izatea.

EH Bilduko koordinatzaileak ohartarazi zuenez, batzuk «lehengo ereduei»eutsi nahi diete, hau da, «kapitalismoari eta neoliberalismoari», baina EH Bilduk bestelako eredu baten aldeko apustua egiten du: «Guk ezkerretik eraikitzen den ziurtasun berri bat eskaini nahi dugu».

PPk, Urkulluri deia

PP-C'S koalizioko lehendakarigai Carlos Iturgaitzen ustez, «inprobisazioa» eta «kaosa» dira Urkulluren eta Sanchezen kudeaketen ezaugarri nagusiak. Iturgaitzek Urkulluri eskatu zion argitu dezala norekin egin nahi dituen akordioak ekonomia suspertzeko, eta ohartarazi zion «kaosa» baino ez duela ekarriko PSErekin eta Podemosekin osatutako «ezkerreko fronte popularrak». Haren ustez, «alternatiba sendoa» eskaintzen duen bakarra PP-C's koalizioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.