Osasunean eta hezkuntzan gastuak gutxi igoko direla salatu du ELAk

Sindikatuak uste du Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak ez dituela «beharrizan sozialak estaltzen». «Jaurlaritzak ez badu aurrekontua handitzen, hori da, sinpleki, ez duelako nahi»

MIkel Noval (ezkerrean) eta Mitxel Lakuntza ELAkoak, atzo, Bilbon. ELA.
Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu egitasmoak ez ditu «beharrizan sozialak estaltzen». Sindikatuak nabarmendu duenez, iazkoarekin alderatuta «%3 besterik» ez da igoko gastu publikoaren kopurua aurtengo proiektuan. Jaurlaritzak abenduaren erdialdean adierazi zuenez, 12.442 milioi euroko aurrekontua izango da, eta %5,7 handituko da 2020ko kontuekin konparatuta: 668 milioi gehiago. ELAk, horrenbestez, kritikatu egin du EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio gobernua, iruditzen baitzaio osasunean eta hezkuntzan gutxi gastatzea planteatzen duela. «Europa guztian gastu publikoa handitu denean, hemen euskal salbuespena dugu, gastua gutxien areagotu dutenak baikara», nabarmendu zuen Mikel Noval ELAren azterketa bulegoaren arduradunak, atzo, Bilbon, aurrekontu proposamena baloratzeko egindako agerraldian.

Datuak mahai gainean jarri zituen ELAko kideak. Haren arabera, EB Europako Batasunean, BGP barne produktu gordinaren portzentajea aintzat hartuta, batez beste osasunean gastatzen den diru publikoa % 7,1 da, eta EAEn, berriz, %4,8. Hezkuntzan, klubeko estatuek gastatzen duten portzentajea %4,7 da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hori baino puntu bat gutxiago gastatzea planteatzen dute, sindikatuak dioenez.

Mitxel Lakunza sindikatuaren idazkari nagusiak ezkerreko alderdiei eskatu die ez ditzatela aurrekontuak babestu. Sindikatuaren idazkari nagusiak uste du «errealitatetik oso kanpo» daudela aurrekontuak, eta COVID-19ak eragindako krisiari erantzuteko «kontsigna» bat eduki duela Jaurlaritzak: «Ahalik eta gutxien gastatu; ahalik eta gutxien inbertitu, eta ahalik eta propaganda gehien egin». Noval urrunago joan zen: «Eusko Jaurlaritzak ez badu aurrekontua handitzen, hori da, sinpleki, ez duelako nahi».

«Hanka sartuko du»

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak aurrekontuez hitz egiteko bilera saila egingo du datozen egunetan, eta gaur, hasteko, Maddalen Iriarterekin bilduko da, Bilbon (12:00). EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Herri Irratian atzo egin zioten elkarrizketa batean nabarmendu zuenez, EAJk eta PSE-EEk koalizioan osatutako Eusko Jaurlaritzak «hanka sartuko du», baldin eta gehiengo osoa baliatzen baldin badu «batera edo bestera egiteko une honetan», nahiz eta aitortu duen «bidezkoa» litzatekeela hori egitea.

EP-IU eta Azpiazuren arteko bilera hilaren 13rako dago deituta, eta Miren Gorrotxategi koalizioaren legebiltzarreko bozeramaileak atzo nabarmendu zuenez, «negoziaziorako prestutasunez» mintzatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.