Suediak mugimendu kurduaren aldeko akordioei eutsiko die

Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Suediako Parlamentuak atzera bota zuen atzo oposizioko alderdi kontserbadoreek Morgan Johansson Suediako Justizia eta Barne ministroaren aurka aurkeztutako zentsura mozioa, azken hilabeteetan kriminalitate tasa igo dela eta. 175 boto behar zituzten mozioak aurrera egiteko, baina bakarraren faltan geratu ziren. 174k mozioaren alde bozkatu zuten; 97k, aurka, eta 70ek abstentziora jo zuten. Esperotako emaitza izan zen, gobernuak Amineh Kakabaveh diputatu independentearekin akordio bat lortu zuelako azken orduan. Jatorri kurdua du Kakabavehk, eta abstenitu egin zen, Suediako Gobernu sozialdemokratak mugimendu kurduaren aldeko akordioei eustearen truke.

Baldintza hori betetzea, gainera, funtsezkoa izan zen iazko azaroan parlamentuak egungo gobernua izendatzeko. Eta lehen ministroaren gobernuak kondizio hori betetzeagatik, besteak beste, Suedia eta Finlandia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko negoziazioak korapilatuta daude, Turkiak jarri baitie oztopoa. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak «terroristatzat» jotzen ditu PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta YPG Herriaren Babes Unitateetako kideak, eta haiek «babestea» leporatzen diete bi herrialdeei. NATOko 30 kideek guztiek batera eman behar diete oniritzia eskaera horiei.

Erdoganen jarrera zein zen ikusita, Suediako eta Finlandiako ordezkariak Ankaran izan ziren maiatzaren amaieran. Turkiako Gobernuak Helsinkiri eta Stockholmi eskatu zien, PKK-ko eta YPGko kideei babesa emateari uzteaz gain, 28 pertsona Suediatik estraditatzeko, eta beste hamabi lagun Finlandiatik.

Lituania eta Letonia

Lituaniako eta Letoniako gobernuek atzo eskatu zuten NATOren azpiegitura militarra «indartzeko» herrialde baltikoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.