Albistea entzun

Tokio 2020. ESKUBALOIA. Nerea Pena. Eskubaloi jokalaria

«Jokoak oso gogorrak izan dira; hustuta amaitu dut»

«Triste eta hustuta»: halaxe amaitu ditu Tokioko Olinpiar Jokoak Nerea Penak, multzoko fasean kanpoan geratu eta gero. Aitortu du etxera itzuli eta gertukoen babesa sentitzeko beharra duela.
Nerea Pena, aurkari batekin lehian.
Nerea Pena, aurkari batekin lehian. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon - Berriemaile berezia

2021eko abuztuak 5 - Tokio

Gosaldu berri dago Nerea Pena (Iruñea, 1989). Ez du ohikoa duen alaitasuna. Ahots serioa du, eta batzuetan hunkitu ere egin da.

Bi egun pasatu dira Jokoetatik kanpo geratu zinetenetik. Lo gutxiko egunak izango dira, ezta?

Bai. Ez dut lo askorik egin. Bagenekien multzo zaila genuela, baina helburua gutxienez final-laurdenetarako sailkatzea zen. Triste eta desilusio handiarekin nago. Dolu egunak dira, gogorrak. Batetik, bakoitzak egin behar du dolu hori, eta, bestetik, taldean. Eta horretan ari gara: elkarrekin hitz eginez eta babesa emanez.

Zuri egokitu izan zaizu halakoak bizitzea. Errazago eramaten da?

Badakizu zer den, baina horrek ez du arintzen tristura eta desilusioa. Baina dolu hori bizi egin behar da, sentitu, eta gertatutakoaren inguruan hausnartu. Badira hausnarketa batzuk unean egin beharrekoak, bestela, ahaztu egiten dira. Horrek kolpea gainditzen laguntzen dizu, ikasten, eta, baldin badu, alde onak ateratzen. Egiten ez baduzu, arantza hor geratzen da.

Zer ondorio atera duzu?

Asko aipatu dute galdu ditugun baloiak erabakigarriak izan direla Hungariaren eta Errusiaren kontrako partidak galtzeko. Baina uste dut ez dugula horretan jarri behar arreta. Gure jokatzeko era bizkor eta zuzenagatik ohikoa izan da hori, eta urruti iritsi izan gara txapelketetan. Uste dut gakoa izan dela Hungariaren aurka ez genuela gure maila eman. Horrek kondenatu gaitu. Izan ere, irabazita, final-laurdenetan ginen. Bagenekien gero beste aukera bat genuela, Errusiaren kontra. Oso harro nago Errusiaren aurka erakutsitako jarrerarekin, baina askoz zailagoa zen irabaztea, multzoko bigarren izateko lehian zegoelako. Hausnartu egin behar dugu zer gertatu zen Hungariaren kontra.

«Hanka sartze handia egin dugu», esan zenuen partidaren amaieran.

Dudarik gabe. Jokoan genuena kontuan hartuta, hasieratik intentsitate handiz irten behar genuen, partida erabakitzera. Baina ez genuen egin. Ez dut esango erlaxatuta irten ginenik, baina ez genion partidari behar bezala heldu. Eta, hain zuzen, gure indargunea beti izan da aurrean zegoen selekzioa edozein izanda ere beti lehiatu garela. Beti topatu izan ditugu baliabideak horretarako. Baina oraingoan ez genuen lortu.

Azalpenik baduzu?

Egia esan, ulertezina da. Gertatzen denean, etsipena handia da. Gogoa eta energia duzu, baina halako batean blokeatu egiten zara, eta amorratuta amaitzen duzu. Izan ere, ez duzu ulertzen zergatik. Kirola horrela da.

Hala ere, oso ondo aritu zara partida batzuetan: Brasili zazpi gol sartu zenizkion. Horrek ez dizu aho zapore txarra gozatuko?

Ez. Partida hori ondo joan zen, baina uste dut oro har ez dudala nire maila eman. Jokoen aurretik nioen bezala, azken urtea ez da erraza izan niretzat. Aurrena, itxialdia izan zen, eta gero, talde aldaketa. Ez dut ohiko erregulartasuna izan. Jokoetan gauza bera gertatu zait. Oso gogorrak eta zailak izan dira, eta hustuta amaitu dut, fisikoki, baina batez ere psikologikoki. Nire onena ematen ahalegindu naiz. Beti esaten dut badudala arantza Jokoekin. Izan ere, lesio batengatik huts egin nuen aldian domina lortu zuten.

Zer behar duzu indarberritzeko?

Etxera joan, eta senideen eta lagunen babesa jaso [hunkituta]. Berez, hilabete beharko nuke. Baina ez dakit bi astera ere iritsiko den oporraldia. Jendea askotan ez da jabetzen, baina hau da goi mailako kirola. Gero sasoia hasten dut klubarekin, Vipersekin. Herrialdez eta taldez aldatuko dut. Energia beharko dut, exijentzia handia izango baita. Goi mailako kirola oso konplexua da. Berdin dio une zail batetik etorri edo ez, hor egon behar duzu. Hori da gogorrena.

Zer da Jokoek utzi dizuten gauzarik onena?

Gai izan gara talderik indartsuenen aurrean buruz buru lehiatzeko. Urte asko ziren Frantziari irabazi ez geniola, eta lortu dugu. Errusiaren aurka ere oso ondo lehiatu ginen. Horregatik geratzen zait horren arantza handia Hungariaren kontrako porrotarekin. Gainera, pertsonalki multzo oso polita osatu dugu, eta ederra izan da esperientzia multzo honekin partekatzea. Murrizketak murrizketa, olinpiar hiriko giroa ere oso polita izan da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Realeko jokalariak Madrilen, gaur, Isaken gola ospatzen, Realaren bigarrena. ©Mariscal / EFE

Lidertzari eutsi dio Realak

Paulo Ostolaza

Neurketa ikusgarria jokatu dute bi taldeek. 0-2 aurreratu dira txuri-urdinak, baina sufritzen bukatu dute. Sorloth eta Isak izan dira golegileak.

Bera Berako jokalariak, entrenatzailea eta zaletuak, gaur, Parisen, garaipena ospatzen. ©Super Amara Bera Bera

Bera Bera Europako Ligako hirugarren kanporaketarako sailkatu da

Paulo Ostolaza

Itzulerako neurketa 21-26 irabazi dute donostiarrek Parisen, bigarren zati gogoangarri bat eginda. Hurrengo kanporaketan Errumaniako Ramnicu Valcearen aurka jokatuko dute.

Joselu Mato Alaveseko aurrelaria, partidako lehen gola ospatzen, atzo, Cadizen. ©ROMAN RIOS / EFE

Altxorra itsas hondoan

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek sasoiko bigarren garaipena lortu du Cadizen, Joseluren bi goli esker. Berehala jarri da aurretik, eta, latz sufritu ostean, lehia erabakita utzi du amaieran

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zuzendaritzara iritsi ginenerako, taldearen %85 ez zegoen»

Mikel O. Iribar

Santurtziren egoera administratibo eta ekonomikoa «zaila» zela ikusita, Salgadok klubeko gidaritza hartzea erabaki du, «zulotik ateratzeko» xedez. Argi du luze gaberako helburua: «TKEn plaza ziurtatzea».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.