Txamorroaren berpizkundea

Guam uhartea AEBen menpeko bihurtzearekin batera hasi zen desagertzen txamorro hizkuntza. Azken urteetan, ordea, berreskuratzeko urratsak egiten hasiak dira.

urtzirrutikoetxea
Hagatna
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Pandemiaren aurretik, Hagatnako kafetegi alternatibo batean jarri zuen hitzordua Michael Lujan Bevacquak. Txamorrozko mintzapraktikak egiteko erabiltzen zituen taberna horiek, unibertsitateko eskolez gain. Hark txamorro hizkuntzarekin daukankonpromisoak lotura berezia dauka Euskal Herriarekin.

Uhartean berehala nabari da ondare hispanikoa, txamorro hizkuntzak gaztelaniaren eragin handia baitu hiztegian. Filipinetan legez, hango biztanleen izen-abizenak ere Iberiar penintsulatik datoz, eta euskal jatorrikorik ez da falta. Uhartearen izena ere Guajan izan zen Guahan txamorro hizkuntzan, eta AEBen menpe hartu du Guam izena.

Lehen lau hamarkada kolonialak oso gogorrak izan ziren; No Chamoru arauak ingeles hutsezko politika basatia inposatu zuen. 1900eko urtarrilean, lehen militarrak iritsi eta urte erdira, ingelesaren zabalkundea ezarri zuten lehen helburu gisa. Guamen txamorroa zen nagusi orduan. «Aberatsek bazekiten espainolez, baina biztanle gehienak eskolatugabeak ziren. AEBek eskolak egin zituzten, eta txamorroa debekatu zuten. 1917an are neurri gogorragoak hartu zituzten, txamorroa-ingelesa hiztegiak erretzeraino», azaldu du Bevacquak.

Politika gogor hori indar betean zela iritsi zen uhartera misiolari nafar bat. Roman Dornaku Olaetxea, Frai Roman, bigarrenez zen misioetan: Filipinetan egondako lehen aldiaren ostean, Berako etxera itzuli eta Zenbakiztia aritmetika liburua eta Lutelestia geografia liburua idatzi zituen euskaraz. Handik joan zen Guamera; hurrengo mende laurdena Mikronesian eman zuen. Frai Romanek txamorroa ikasi eta goitik behera eraberritu zuen: aurreko mendeetan argitaratu ziren liburuak baino gehiago itzuli zituen berak bakarrik. Guamera apaiz zihoazenei txamorroa ikasarazten zien. «Elizak espainiera sustatzen zuen; frai Romanek, aldiz, txamorroak euren hizkuntza erabiltzera bultzatu zituen. Espainieraren eragina gutxitzeko, hitz zahar asko berreskuratu zituen, jende nagusiarekin ibili zen hitz zaharren bila. Ateari porta esaten diogu, espainierazko puerta-tik; baina berak fandhaluma hitz zaharra berreskuratu zuen».

II. Mundu Gerraren atarian, lau biztanletik hiruk bazekiten ingelesez, baina txamorroa zen oraindik kalean gehien erabiltzen zen hizkuntza. Gerra ostean, urte gutxian transmisioa eten, eta nabarmen egin zuen atzera txamorro hizkuntzak. «Elebakartasunaren ideia AEBek ekarri zuten, eta une batez onartu ere egin zuten txamorroek. Eskoletan debekatu egin zuten. Gaur ez dago zigorrik orduan bezala, baina dagoeneko ez dute txamorroz egiten hurrengo belaunaldiarekin», dio Bevacquak.

Iraultza txiki bat

«Biztanleen %20 inguru lirateke hiztunak, hau da, txamorroen erdiak. 65 urtetik gorakoek badakite; hortik behera, agian ulertu bai; eta gazteek, hori ere ez. Nire umeak dira txamorroz dakiten bakanetakoak», dio, harro. 70eko hamarkadan txamorroa eskoletan sartu zen, oso baldintza eskasetan sarritan. «Sistemak ez ditu ondo tratatzen irakasleak: hainbat mailatan eman behar dituzte eskolak, leku propiorik ere ez. Irakasle beharra sortu zen, eta interes handia piztu zen gazteen artean hizkuntza ikasteko». 2005ean ireki zuten lehen murgiltze eskola, eta, iazko ikasturtean, eskola publikoetan ere murgiltze ereduari ekin zioten.

Bevacqua itxaropentsu dago. Pandemiak berak iraultza txiki bat ekarri du: ordura arte kafetegietan ematen zituen eskolez gain, Internetez hasi zen txamorroa irakasten. Hogei bat lagunentzat zena hamar aldiz gehiago zabaldu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.