Denak mahai gainean

Agerraldien fasea amaituta eta proposamen guztiak jasota, heldu den asteazkenean ekingo dio Autogobernu lantaldeak testua adosteari

enekoitz telleria sarriegi
2017ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Adosteari bainoago adostu nahiari ekingo dio. Zeregin horretan ari baita izen bereko lantaldea duela hamasei urtetik. Eta oraingoan ere urrun baitaude batzuen eta besteen jarrerak, nahiz eta Katalunian gertatuak eman beharko lituzkeen elkarrengana batzuk hurbildu edo elkarrengandik batzuk erabat bereizteko argudioak.

Jada tradizio bihurtutako agerraldien fasea irailaren 20an amaitu zen. Lantaldeak eskatutako bi txostenak —Gernikako Estatutuan jaso bai baina oraindik transferitu ez diren eskumenen zerrenda eguneraturi buruzkoa da bata, eta autogobernuaren ebaluazioari eta politika publikoak ezartzeko dituzten mugei buruzkoa da bestea—, irailaren 22an igorri zituen Eusko Jaurlaritzak. Lantaldean bere proposamena egiteko falta zen alderdi bakarrak —Elkarrekin Podemos koalizioak—, herenegun erregistratu zuen legebiltzarrean berea. Asteazkenetik aurrera, beraz, azken txanpari ekingo diote. Ateak itxita.

Legealdia amaitu aurretik testu egituratu bat adostea. Estatus politikoari buruzko akordio bat izatea. Hori du helburu 2017ko martxoan Eusko Legebiltzarrean sortutako Autogobernu lantaldeak—enegarrenak—. Eta oraingo honetan ere, ez daude jarrerak gertu.

Katalunian erreferenduma egin aurrekoak dira lantaldera eramandako proposamen ia denak —Elkarrekin Podemosena ez beste guztiak—, eta ikusi beharko da han gertatutakoak eta Espainiako Gobernuak emandako erantzunak zertan eta nola baldintzatzen duen taldearen jarduna —baldintzatzen badu—. Hasi aurretik zen ezaguna EAJ eta PSE gobernukideek askatasuna emana ziotela elkarri talde horretan euren ideiak eta asmoak aldezteko —hala jasotzen du koalizio akordioak—. EAJk bere proposamenean ez du erabakitzeko eskubidea jasota, baina horren ordez proposatzen du legebiltzar taldeak «hitzematea» euskal herritarrek etorkizun politikoari buruz erabakitzen dutena errespetatuko duela estatuak.

PSE-EE gobernukideak argi adierazi du ez duela babestuko erabakitzeko eskubidea jasotzen duen testurik. Eta norbaitek horren zalantzarik balu, are argiago adierazi dute zenbait sozialistek azken egunetan, Katalunian 155. artikulua ezartzearen alde agertuta —horietako bat, Andoni Unzalu, Eusko Jaurlaritzan zuzendari kargua duena—.

EH Bildurentzat ezinbestekoa da estatus berriak erabakitzeko eskubidearen aitortza jasotzea. Areago, eskubidea jasotzeaz gain, hura gauzatzeko «mekanismo demokratikoak» ere zehaztu behar ditu lortutako akordioak, haien ustez. Eta Espainiako Gobernuak EAEko herritarren eta erakundeen erabakiari emango dion erantzunaren arabera, jokaleku ezberdinak prest izan—koalizioak Madrilen ezezkoa baino ez du aurreikusten—.

PP Autogobernu lantalde horretako kide da, baina ez dago lanerako —eta talderako—. Ez baitu ikusten estatus politiko berri baten beharrik. Hori bai, «eztabaidan» parte hartzeko prest dago.

Elkarrekin Podemos izan da proposamena egiten azkena. Espainia «plurinazional» eta «eleaniztun» baten barruan, «subiranotasun partekatua» proposatzen du koalizioak. «Federalismoaren eta konfederalismoaren» arteko eredu bat, non EAEk aitorpena izango lukeen «nazio» gisa. Lander Martinez eledunaren hitzetan, EAJk egindako proposamenetik «hurbil samar» lurraldetasunari dagokionez, baina «distantzia handira» politika ekonomikoak eta sozialak kontuan hartuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.