Ernaux: hitzik gabe geratzeko idaztea

Annie Ernaux idazleak irabazi du aurtengo Literaturako Nobel saria. Estu ulertutako fikziotik kanpo aritu eta hala literatura zabaltzeko egindako lana laudatu diote

Nobel saria jaso duen 17. emakumezkoa da Annie Ernaux. MARIA D. VALDERRAMA/ FOKU.
Inigo Astiz
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
«Aita protagonista zuen eleberri bat hasi nuen. Nazka sentimendua narrazio erdian. Handik denbora gutxira ohartu nintzen nobela ezinezkoa zela. Beharraren menpeko bizitza bat kontatzeko ez dut, printzipioz, artearen alde jartzeko eskubiderik, ez eta zerbait liluragarria edo hunkigarria egiten saiatzekoa ere. Aitaren hitzak, keinuak eta zaletasunak bilduko ditut, haren bizitzako gertakari garrantzitsuak, nik ere konpartitu nuen existentzia horren seinale objektibo guztiak. Oroitzapenen poesiarik ez, bozkario alairik batere ez. Xehe idaztea, hori da natural zaidana, garai batean gurasoei albiste nagusien berri emateko idazten nien bezala». Lekua liburuan dator Lekua liburua idazteari buruzko gogoeta hori, eta, aitaren memoria kontatu ahala, aitaren memoria kontatzeko moduari buruz tartekatutako pasarte horrek deskriba dezake Annie Ernaux idazle frantziarraren proiektu literarioa. Apustu horrek egin du ezagun nazioartean, eta apustu horrek eman dio aurtengo Literaturako Nobel saria.

Ikusi gehiago:Kontatzea zilegi

«Traizio egin duzunean, idaztea da geratzen zaizun azken baliabidea». Jean Genet idazlearen aipu horrekin abiatzen da ehun orriak justu-justuan gainditzen dituen liburu hori. Eta ez da debaldeko aipua. Ernauxek berak onartu izan duenez, irakurri ostean isilik gelditzea beste aukerarik uzten ez duten liburuak idaztea izan baitu beti amets. «Beti idatzi nahi izan dut besteen begiradari eustea ezinezko egingo lidakeen liburu mota bat; irakurri eta gero hari buruz esatekorik gabe uzten zaituena». Eta bultzada hori igar daiteke haren obren atzean.

«Autobiografia soziologiko garaikidearen ama» izendatu izan dute egilea inoiz, eta hark ere Marcel Proust idazlearen eta Alain Badiou filosofoaren zordun aurkeztu izan du bere burua. Eta jarrera eta joera hori laudatu dio orain Literaturako Nobel saria hautatzen duen batzordeak. Motibo horiengatik saritu baitute: «Memoria pertsonalak dituen muga kolektiboak, urruntasunak eta sustraiak azaleratzeko duen ausardiagatik eta zorroztasun klinikoagatik».

Idazle bilakatzeko egindako bide «luze eta zaila» nabarmendu dio Suediako Akademiak Ernauxi, eta haren literatura zeharkatzen duen joera analitikoa ere laudatu dute. «Bere idatzietan, Ernauxek etengabe eta angelu askotatik aztertzen du, besteak beste, generoak, hizkuntzak eta klaseak eragindako desberdinkeria latzek markatutako bizitza». Literatura «estu ulertutako fikzioaz harago zabaltzeko» garatu duen literatur proiektua ere nabarmendu diote.

Les armoires vides (Armairu hutsak) izan zen argitara eman zuen lehen lana, 1974an, baina laugarren liburuarekin heldu zitzaion aitortza, Lekua-rekin, zehazki, 1983an. Hamaika hizkuntzatara itzuli dute lan hori geroztik, eta horrek ireki zizkion Nobel saria jasotzera heltzeko lehen ateak. Horregatik, Nobel saria hautatu duen batzordeak ere lan hori jo du idazlearen lehen mugarritzat.

Bere ama hartu zuen ardatz Emakume bat liburuan (1987), eta berriz ere bere aitaren erretratuarekin jarraitu zuen La honte lanarekin (Lotsa, 1996). 2000. urtean ezarri dute haren ibilbideko hurrengo mugarri garrantzitsua. Orduan eman zuen argitara Gertakizuna, eta gazte zela legez kanpoko klinika batean egindako abortu baten nondik norakoak kontatzen ditu egileak bertan. 2008ko Les années (Urteak) liburua ere nabarmendu dute, bestalde, hura delako, akademiaren hitzetan, haren proiekturik «anbiziotsuena», «autobiografia kolektibo bat» egiteko saiakera bat den neurrian.

Idazlearen bost obra daude euskaraz irakurgai: Begira zenbat argi, maitea (Igela), Emakume bat (Txalaparta), Gertakizuna (Igela), Lekua (Igela) eta Pasio hutsa (Igela). Eta eragin handiko idazlea da euskal letretan ere. Euskal autore batek baino gehiagok aitortua du harekiko mira.

Ernauxen izenak urteak zeramatzan Nobel saria jasotzeko hautagaien kinieletan. Aurtengoan, ordea, apustu etxeek beste bi egile nabarmentzen zituzten haren gainetik: Salman Rushdie zen bata —abuztuan jasan zuen erasoak hauspotuta—, eta Michel Houllebecq zen bestea. Ernaux bezala, frantsesez idazten du hark ere, baina Ernauxek ez du batere maite, inoiz publikoki aitortu izan duenez.

Zor historikoak

Kritika zaharra da, baina Nobel sariek badituzte hainbat zor historiko, eta haietako bi konpontzeko urratsa egin du azkenaldian. Iaz, esaterako, Tanzanian jaiotako Abdulrazak Gurnah idazlea saritu zuten, eta Ernaux hautatu dute aurten. Eta aurtengo sarituaren izena emateko antolatutako prentsaurrekoan, ia hitzez hitz onartu du hori Anders Olsson saria hautatu duen batzordeko buruak: «Iaz egile afrikar bat saritu genuen, eta aurten emakumezko bat». Eta Europakoak ez diren eta emakumezkoak diren «saritu oso gutxi» dituztela ere esan du. Haren hitzetan, sariaren ikuspegia «zabaltzea» dute buruan orain, baina, esan duenez, «literarioa» izaten da beti euren «lehen kezka».

1901ean saria sortu zenetik 119 idazle saritu dituzte guztira, eta haietariko 16 izan dira emakumezkoak, orain arte. Orain Ernaux izango da saritutako hamazazpigarren andrea. Bestalde, Europakoak edo Ipar Amerikakoak dira saritutako idazleen %80, eta, gainerako hizkuntzekin alderatuz gero, gehiengo argia dira ingelesez idatzi duten idazleak: 31. 15 dira frantsesezko idazleak.

Koronabirusaren ondorioz, azken urteetan moldatu egin dute saria banatzeko ekitaldia, baina formatu klasikoan egingo dute aurten, Oslon, abenduaren 10ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.