Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Entxufeak

2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Ahots Baten sormen-egonaldietarako izen-ematea sustatzeko spam lanetan ari nintzen; hezkuntza formal nahiz informalean lanean ari diren lagunei bidali nien informazioa, inguruko gazteak xaxa zitzaten, eta horretan ari nintzela esan zidan haietako batek profil «friki samarra» zela hura, «lokalizatzen zaila». Harrituta begiratu nion: «Nola friki? Nola lokalizatzen zaila? Nire lagun guztiak holakoak dira-eta!», erantzun nion, eta jarraian ohartu nintzen bizitza honetan eduki dudan zorteaz.

15-16 urterekin izan nuen aukera ni bezalako beste friki batzuk ezagutzeko, esajeratu gabe nire bizitzako bidaiarik garrantzitsuenen artean sailka ditzakedan horietan. Orain, 11-12 urte geroago, beste gazte batzuen begirale-edo (beste izen bat asmatu behar da zure behar handiegirik ez duten gazteen bidelagun zarenerako) izan naizen honetan, gogora etorri zaizkit orduko abentura haiek, egun ere segida dutenak laguntasun urrun edo gertukoago baina beti estimatuetan: ordu txikitan idatzitako istorio kolektiboak, lehenengo mozkorraldi eta gaupasa epikoak, oroituko ez ditugun lekuak eta oroitu gabe ere gugan arrastoa utzi zuten elkarrizketak. Literatura guztia eta aldi berean literatura ez beste guztia zegoen han.

Baina ez naiz hona etorri ja-ez-naiz-horren-horren-gaztea-ere esatera, ezta duela hamarkada beteko (!) abenturak konfesatzera ere: halako espazioei publikoki sekula egin ez diedan aitortza egitera nator gaur. Eta, bide batez, halako espazio gehiago egon daitezen aldarrikatzera. Sortzea maite duten gazteen artean sareak sortuko dituzten espazioak, luze iraungo duten sare elektriko eta biziak, pertsonalak eta literario-antzerkilari-dantzari-abeslariak.

Sarritan esan dut niri bizi osorako lagunak eman zizkidala literaturak bidaia haietan. Orain, gazte horiei begira ikusi dut akaso ez nintzela Hogwartsera joatetik horren urrun ibili. Orduko hartan, ordea, Urruzuno sariketa irabazi behar zenuen joan ahal izateko, eta, beraz, ez irabaztea ez irabaztea baino askoz gehiago zen: drama bat. Ahots Baten-era etortzeko lehiaketarik ez dago, eta, ondorioz, interesa duen edonor etor liteke sormen-jolasera: plaza kopurua da muga. Hala ere, oraindik ere eskasa da eskaintza, beharra handiagoa delako.

Akaso bertsolaritzak (eta Bertsozale Elkarteak, noski) asmatu du egarri horri erantzuten, bertso udalekuen bitartez eta eskola nahiz eskolen arteko saretzearen bitartez. Baina... (eta hemen dator nire barneko bertso-haterraren bertsio bezatua) zer gertatzen da errimatzen jakin ez eta ikasi nahi ez dugunokin? Beste adierazpide batzuk (ere) landu nahi dituzten gazteekin? Hogwartsen analogiarekin jarraituz, dagoeneko badakigu bertsolariak direla gure kultur munduko Gryffindor (utzi arrazoitzen): zentralitatea dute kultur errelatoan, figura burutsu eta on gisa proiektatzen ditugu. Pertsonaia konkretuak lot litezke bertsolari konkretuekin, baina tentazio gaizto horri eutsiko diot. (Agian zenbait idazle ere badira pixka bat Gryffindor, ongi pentsatuta; nor da Harry Potter eta nor Dumbledore? Eta garrantzitsuena, nor da Hermione?). Baina utz dezadan dibagazioa, bestela friki deituko didate berriz.

Horrekin guztiarekin esan nahi nuena zera da: bertsolaritzak asmatu egin duela harrobia egin eta saretzen, eta akaso beste molde batzuek hori zailagoa duten arren (sormen-formatuagatik beragatik), nire amak bere 6 urteko ikasleei esaten dien bezala, ondo dagoena kopiatu egin behar da. Zergatik laguntzen ote dute lehiaketa eta txapelketek saretzea? Topagune bat direlako, ez besterik. Beraz, topaguneak sortzea da gakoa; diziplina asko elkarrekin nahasiko dituzten topaguneak izatea. Bestela, gorago baliatu dudan logikan eroriko gara: musikariak Slytherin, faranduleroak eta poetak Ravenclaw, itzultzaileak Hufflepuff. Orduak eman nitzake sailkapen-ariketa hori kolektiboki eztabaidatzen, baina, egia esanda, ondo pentsatzen badugu azkenean ez dago inori erabat egokitzen zaion etxerik.

Artikulu honen ildo serioari atzera helduta, infinituak dira halako topagune kolektibo eta pluralen onurak: egoari gehiegi ez puzteko elikagaiak ematen dizkiote, sortzaileari beste mundu batzuetara zabaltzen dizkiote begiak, beste interes batzuk (ere) jorratu ditzakeela erakusten diote. Eta, batez ere, lokalizatzen zaila den horri esaten diote ez dagoela bakarrik, ez dela friki bat: idaztea, abestea, antzerkia egitea ez dela arraroa (uste dut bertsolariak, beste behin, lanketa horretan aurreratuago daudela).

Konfesio batekin amaituko dut: Hogwartseko gutuna iritsi ez zitzaidanean sekulako disgustua hartu nuen, eta azken esperantza gisa, imajinatu nuen agian Marik Anboton sorgin-eskola bat zuela eta Eskoziatik ez baina Bizkaitik iritsiko zitzaidala gutun bat. Hori, noski, ez zen gertatu eta geroztik, nire muggletasuna onartzen ari naiz. Baina 5-6 urte geroago Eusko Jaurlaritzaren gutun batek ireki zidan mundu berri bat, eta 11-12 urte geroago beste batzuei mundu horiek erakusten jarraitu nahi nuke. Oraindik dena erretzeke duten horiei pospolo kaxetan paisaiak uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.