Nafarroako inbestidura saioa. Hautaketa

Barkos, lehen presidente abertzalea

Inbestidura saio historikoan gehiengo osoz hautatu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak; PSN abstenitu egin da.Uxue Barkosek adierazi du ez duela mendekurik nahi

Uxue Barkos, presidente hautatua izan ostean. Lehen planoan, Yolanda Barcina presidente ohia. IDOIA ZABALETA / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2015eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
«Gobernu honek ez du mendekurik eta herrarik nahi». Uxue Barkosek inbestidura saioan argi utzi zuen UPNk hogei urtean ezarritako politikak zein inposatutako bazterketa gainditzeko asmoa duela. «Garai politiko berri baten aurrean gaude, aldaketa sakon baten eta erreforma sakonen denbora da», iragarri zuen. Inbestidura saioa 09:30ean hasi eta 17:50ean amaitu zen, eta EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak bere babesa eta leialtasuna ziurtatu zioten Barkosi. Akordio programatikoa gertutik zainduko dutela ohartarazi zioten, era berean. Bozketan ez zen ustekaberik izan, eta, hartara, lau alderdietako 26 parlamentariek Barkosen izendapena babestu zuten. PSN abstenitu egin zen, eta PPk zein UPNk bere aurka bozkatu zuten. Txalo artean, Uxue Barkos Nafarroako presidente izendatu zuten, historiako lehen abertzalea.

Ikusmin handia piztu zuen osoko bilkurak. Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak ganberatik bertatik eman zuten saioa, eta, oro har kazetari ugari elkartu ziren legebiltzarrean. Gonbidatuen harmailetan pertsona ezagun asko ikus zitezkeen ere. Tartean, han ziren Amaiurko Sabino Cuadra, Sortuko Txelui Moreno, PPko Amaia Zarranz, Jose Antonio Urbiola EAJko Napar Buru Batzarreko presidente ohia, Itziar Gomez Geroa Baiko Iruñeko hautetsia, Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilari izango dena, Kontuz elkarteko Patxi Zamora eta Alfonso Karlosena NUPeko errektorea.

Barkosek ordubete inguruko diskurtsoa egin zuen hasieran, etagobernuaren gidalerro nagusiak laburbildu zituen ele bitan. Euskaraz ekin zion baina gaztelera gehiagotan erabili zuen. Alta, PPko Ana Beltranek parlamentuari euskaraz mintzatzeagatik, hizkuntza hori gehiengoaren aurka ezartzea leporatu zion. Barkosek euskara Nafarroako hizkuntza badela oroitarazi zion. «Euskarari tratamendu bat ematea inposizioa bat da? Euskara ez da hizkuntza gutxitu bat Nafarroako beste hizkuntza baizik». Lehen hitzaldia irakurri bazuen ere, gainerako alderdietako eledunei emandako erantzunetan irakurri gabe hobeto moldatu zen.

Lehen presidente abertzalea izango bada ere, gehiengoa ez dela abertzalea aintzat du: «Gehiengoa abertzalea ez den erkidegoko presidente abertzalea izango naiz, eta kontuan hartuko dut. Hala ere, era berean, lehen aldiz gobernu hau abertzaleena ere izango da, makina bat hamarkadatan mespretxatuak eta gutxietsiak izan baitira». Argi utzi nahi izan zuen gobernuak ez duela mendekuz jokatuko. «Denboran irauteko borondatea du. Denontzako gobernu integratzailea da, nahiz eta batzuk amets egin akatsak egingo ditugula, eurek egindako akats berberak». Hala, Nafarroa poliedrikoa dela azpimarratu zuen,eta horren arabera gobernatuko dutela.

Bere asmoei begira, Barkosek Parlamentuari bultzada eman nahi dio eta «Nafarroako bizitza politikoaren erdigunean jarri». Hartara, lau alderdien akordio programatikoan ezartzen denez, lehen aldiz parlamentuan gobernuaren kontrol saioak egingo dira, eta hala presidenteak nola kontseilariek gehienez bi legealdiko agintaldia izango dute. Parlamentu taldeek nahiko informazioa jasotzeko mekanismoak ezarriko dira. Ohiko legeen aurreproiektuak, gainera, aurretik talde orori bidaltzeko konpromisoa hartu du.

Eskua luzatuta

Alde horretatik, Nafarroarentzat estrategikoak diren gaietan elkarrizketarako borondatea azaldu zien oposizioko indarrei, eta, batez ere UPNri luzatu zion eskua: «Nafarroako interes orokorraren defentsan gure posizioak urrunak izanagatik, gutxieneko komunak topa ditzakegu». UPNko Jose Javier Esparzak, baina, uko egin zion eskaintzari, eta oso tonu gogorra izan zuen. Boterera iristearen truke EH Bilduri bi departamendu estrategiko ematea egotzi zion. «Ezin dugu onartu Nafarroaren kontrola Euskal Herria Bilduri eman izana».

Parlamentuari bultzada berria emateaz gain, demokrazian eta gardentasunean sakontzeko konpromisoa hartu dute lau indarrek. Barkosek «lehentasunezkotzat» jo du kode etiko bat ezartzea, eta, orain arteko legedia gaindituz, argi utzi nahi dituzte zeintzuk diren kargudun publikoen jarrera desegokiak eta zigor prozedurak. Gainera, Nafarroako Kutxari buruzko ikerketa batzordea irekiko da, eta Osasuna futbol taldearen egoera berrikusiko da, besteak beste, 1990etik honako zorraren bilakaera aztertuko. Beste konpromiso bat hirigintza proiektuen eta azpiegituren ingurukoa da: «Aldaketak ezarri nahi ditugu etorkizuneko proiektu estrategikoetan, aurrez kontrol bat izan dezaten eta Kontuen Ganberaren oniritzia izan dezaten».

Legealdi honetarako gobernuaren programak 600 neurri jasotzen dituela ziurtatu du presidente izendatu berriak. Garrantzi berezia eman dio, batetik, arlo sozialari. «Lehenik eta behin, berehala, krisi ekonomiko hau gehien jasaten ari den biztanleriaren aldeko neurriak jaso behar ditugu». Besteak beste, gizartearen egoeraren behatoki bat ezarriko da, kontratu publikoen %6a gutxienez entitate sozialen alde izateko legea aldatuko da, eta errenta bat ere ziurtatuko da: «Pertsona guztiei gutxieneko diru sarrera bermatu nahi zaie, eta lehen sei hilabeteetan Oinarrizko Errenta ezarriko da». Etxebizitza politikan alokairua sustatu nahi da, eta Etxe Kaleratzeen aurkako Plataformaren neurriak bere egingo ditu gobernuak.

Beste lehentasun nagusia enplegua izango da, eta bereziki iraupen luzeko langabetan jarri nahi du arreta gobernu taldeak. Sektore ekonomiko estrategikoak aipatu ditu, eta Ikerketa eta Garapenari zein Lanbide Heziketari garrantzia eman nahi zaio. Era berean, datozen hilabeteetan zerga erreforma iraunkorra abiatu nahi dute, urtarrilaren 1ean indarrean egon dadin eta lau urte begirakoa izan dadin.

Beste erronketako bat autogobernuaren defentsa izango da. «Urte luzez Estatuaren aurrean Nafarroaren interesen arduran utzikeriaz jokatu da, eta orain autogobernuaren bultzada handiagoa eskatzen du». Batetik, laster Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin bost urterako ekarpenaren irizpidea negoziatu beharko da. Barkosen arabera, egun ekarpen hori «gehiegizkoa» da. Era berean, gogora ekarri du UPNk urteotan ez duela bere gain hartu oraindik ekarri gabeko hainbat eskumen, eta horien alde egiteko konpromisoa azaldu du.

Beste ekarpen bat bakegintzan nabarituko da. «Biktima guztien memoria, justizia eta erreparazioa izan behar du bakeak, salbuespenik gabe».

Saioa 17:50ean amaitu zen. Txalo zaparradaren ostean, Adolfo Araiz izan zen lehena Barkos agurtzen, eta ondoren, Maria Txibite. Yolanda Barcina presidente ohia ere joan zitzaion zoriontzera. Gaur bilduko dira biak botere aldaketa egiteko. Barkosek espero du modu ordenatuan egitea. Bihar hartuko du kargua, eta karguaren zina egingo du. Etzi, kontseilariek egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.