Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

«Ongizatea» eta «autogobernua» bermatuko dituela dio PSEk

«Inboluzioari» aurre egiteko bermea da PSOE, Zelaa eta Elorzaren ustez. Pablo Iglesiasek sozialistei eskatu die boza, Bilboko ekitaldian

Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramailea eta PSEko Arabako hautagaia atzo, Guardian (Araba). BERRIA.
Edurne Begiristain.
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako bozetan eskuineko alderdiek irabaziz gero «ongizate estatuan, eskubide sozialetan eta autogobernuan» atzerapausoak eman daitezkeela ohartarazi zuen atzo PSE-EEk. Isabel Zelaa Arabako zerrendaburuak,Odon Elorza Gipuzkoakoak eta Patxi Lopez Bizkaikoak mezu hori zabaldu zuten. Hirurek nabarmendu zuten datorren igandeko bozetan bi aukera baino ez daudela:eskuin muturraren «inboluzio politikoa» babestea ala «ongizatea eta autogobernua» defendatzea. Azken aukera hori Pedro Sanchezen gobernu baten bidez lortuko dela adierazi zuten.

Arabako Errioxan izan zen Zelaa, Guardia herrian. Hurrengo bozen garrantziaz ohartarazi zuen, eta, politika sozialak bermatu ahal izateko, sozialistei botoa ematera animatu zituen herritarrak : «Gizarte politiketan atzera egin nahi duten hiru eskuinen aurrean, PSOEk ongizate estatua blindatuko du, demokrazia leheneratuko du, eta zerga diziplinari eutsiko dio, defizita eta zorra murrizteko bidea delako».

PSOEren gobernuari esker igo da gutxieneko soldata 900 euroraino, eta KPIarekin igo dira pentsioak, Zelaaren arabera. Halaber, gogora ekarri zuen PSOEk agindu duela bozak irabaziz gero pentsioak Espainiako Konstituzioan bermatuko dituela. Zelaak ziurtatu zuen norabide berean lan egiten jarraituko duela Sanchezek aurrerantzean, Moncloara iristen bada: «Orain arte garatutako politika sozialek apirilaren 29tik aurrera idatziz joango den liburu baten hitzaurrea baino ez dute osatu».

Hezkuntzari dagokionez, berriz, LOMCE legea indargabetuko dutela ziurtatu zuen Zelaak, ikasleen artean «bazterketa» sortu duelako. Horrekin batera, lanbide heziketa bultzatzeko konpromisoa hartu zuen, hura «lehen mailan» kokatzeko.

«Guk ala haiek»

Eskuinaren mehatxuaz ohartarazi zuenPatxi Lopez Bizkaiko zerrendaburuak, Castro Urdialestik (Kantabria, Espainia): «Guk ala haiek irabaziko dute». Lopezen esanetan, datorren igandekoak «inoizko bozik garrantzitsuenak» izango dira,eskuin muturra panorama politikoan agertu delako. Haren ustez, «zirt edo zart» egin beharko da, eta «erdibideko botoek» ez dute balio, «ez EAJrenak, ezta Madrilen eragin nahi dutela diotenenak ere».

Gogoratu zuen urteetan eskuina haziz joan dela Europan, proposamen «antisozialak eta antidemokratikoak» eginez, eta beti pentsatu dela olatu hori ez zela hona iritsiko. «Baina hemen daude, eta, Europako beste herrialdeetan eskuin muturra baztertu eta gaitzesten den bitartean, hemen harekin itunak egiten dira, eta haren ideologiarekin bat egiten dute». Egoera «larria» dela eta eskuinariaurre egin beste aukerarik ez dela uste du Lopezek.

Besteak beste, gogor kritikatuzituen Vox alderdiak gizarte politiketan dituen proposamenak. Aberastasun handienei zergak kentzeko eta bestelako zergak jaisteko proposamena egin du Voxek, eta hezkuntza sistema, osasun arloa eta pentsioak pribatizatu nahi ditu. Neurri horiekin ongizate sistema «hondoratuko» delaeta «itun soziala» apurtuko dela ohartarazi zuen Lopezek. «Banderek ez dute herri bat definitzen. Herri bat definitzen dute bere balioek, printzipioek eta zerbitzu publikoek». Eskuineko alderdiekin hori dena «arriskuan» dagoela berretsi zuen Bizkaiko zerrendaburuak.

Inkesten arabera, sozialistek irabaziko dituzte Gorteetarako hauteskundeak, baina Elorza Gipuzkoako zerrendaburua ez da fio: «Ez gara fidatu behar, PPk, Ciudadanosek eta VOXek batzeko duten aukera benetakoa baita». Hori hala, boto bakar bat «ez nahasteko» eskatu zuen Elorzak: «Euskal autogobernua bermatzeko eta PPk lapurtutako eskubide sozialak berreskuratzeko, eta herri honek ez egiteko atzera berrogei urte».

Iglesiasen eskaera

Pablo Iglesias Unidas Podemoseko idazkari nagusia, berriz, Elkarrekin Podemosen Bilboko ekitaldian izan da, eta eskaera egin die sozialistei alderdi moreari botoa emateko, haren esanetan Elkarrekin Podemosen alde bozkatzea baita «ezkerreko gobernu bat bermatzeko modu bakarra». «Badakit euskal sozialistak gure programarekin ados daudela», nabarmendu du. Roberto Uriarte Espainiako Kongresuko bozetarako Elkarrekin Podemosen zerrendaburuarekin eta Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiarekin izan da Iglesias Otxarkoaga auzoan egindako ekitaldi horretan, eta ohartarazi du Unidas Podemos izango dela hauteskundeetako «sorpresa». «Espainiak ez du zertan izan fatxek menderatutako herri bat».

Martinezek ere ohar egin du, «alderdi moreak bultzada ez badu ematen» PSOEk «kolore laranja» hartuko duela eta Ciudadanosengana hurbilduko dela: «Soilik gure indarrak gera ditzake hiru eskuinak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.