Koronabirusa munduan

Bigarren oldea ekidin nahian

Ekialde Urruneko herrialdeak kezkatuta daude, COVID-19aren hedatzea moteltzea lortu ostean, beste agerraldi batek erasango ote dituen. Inportatutako kasuetan ikusten dute arriskua. «Eredugarri» izan den Singapur dute ekidin nahi dutenaren adibide.

Langile migratzaile talde bat, Singapurko beren logela partekatuan. EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Ez dago erlaxatzerik. Koronabirusari aurre egiteko konfinamenduak eta bestelako zenbait segurtasun neurri arintzeko prestatzen ari dira hainbat herrialde. Beste batzuetan, eman dituzte larrialdi egoeratik irteteko lehen urratsak. OME Osasunaren Mundu Erakundeak guztiei ohartarazi die prozesu hori behar bezala egitearen garrantziaz. Abisua argi emana du: herritarren joan-etorriak eta jende pilaketak murrizteko neurriak pixkanaka eta zuhurtziaz kendu behar dira, birusaren beste agerraldi batek aurreko ahalegin osoa ezerezean utz ez dezan. Horixe da, hain zuzen, Asia ekialdeko hainbat herrialderen kezka nagusia gaur egun. Lehenak izan ziren birusaren agerraldiari aurre egiten, eta, COVID-19aren hedatzea hesitzea lortu ostean, beste agerraldi batek egoera hankaz gora ez jartzea dute lehentasun. Mehatxua kanpoan ikusten dute: koronabirus kasu ugari dituzten herrialdeetatik beren lurretara bidaiatzen dutenengan. Ondorioz, Asia ekialdeko hainbat estatuk atzerritarrei mugak ixtea erabaki dute.

Beste agerraldi baten egiazko arriskuaren froga da Singapur. Hiri-estatuak urtarrilaren 23an atzeman zuen lehen COVID-19 kasua, eta berehala jarri zuen indarrean kontrol neurri sorta bat, koronabirusaren hedatzeari aurre egiteko. OMEk «eredugarri» gisa aurkeztu zuen uharteko gobernuaren jokabidea, eta emaitzek agerian utzi zuten hartutako neurrien eraginkortasuna. Kutsatu eta hildako kopuru apalari eustea lortu zuen, herritarren egunerokoari murrizketa zurrunik ezarri gabe. Joan den astelehenean, ordea, egun bakarrean zenbatutako kutsatuen marka hautsi zuen 1.426 positibo, eta, joan den larunbataz geroztik, Asia hego-ekialdean kasu gehien duen herrialdea da 9.100 kutsatu baino gehiago, Indonesiaren eta Filipinen aurretik.

Singapurren martxoaren erdialdean hasi zen kasu kopurua nabarmen hazten. Atzerritik itzulitako herritarrak ziren gaixo gehienak. Horientzako derrigorrezkoa zen bi astez etxean egotea, baina horietako batzuei esan zieten beren egunerokoarekin normaltasunez jarraitu zezaketela sintomarik ez bazuten. Ondorioz, gobernuari ihes egin zion ordura arte kutsatuen gainean lortu zuen kontrola.

Akats bera ez errepikatze aldera, Singapurrera heltzen den orok nahitaezkoa du orain berrogeialdia egitea, eta atzerritik inportatutako kasuak murriztu egin dira.

Herrialde barruko gaixo kopurua esponentzialki hazi da, ordea. Langile migratzaileak pilatzen diren etxebizitzak dira foku nagusiak. Hamar eta hogei ohe artean dituzten gela partekatuetan bizi ohi dira lanera joandako migratzaileak. Beren bizitokietan ezin dituzte urruntze sozialerako gomendioak bete; kasu askotan, ezta beren lanetan ere eraikuntzan eta garraioan aritzen dira nagusiki.

Singapurko Gobernuak adierazi du birusarekin kutsatutakoak atzemateko azterketak biderkatu dituela eta pilatuta bizi diren migratzaile batzuk lekualdatzen hasi dela hutsik dauden etxebizitzetara, pilaketak eragozteko.

Mugetan, zorrotzago

Atzerriko kasuek birusaren hedatzea berriro azkartu ez dezaten, mugetako segurtasun neurriak gogortu dituzte Txinak, Japoniak eta Hego Koreak ere. Atzerritarrei herrialdean sartzeko debekua ezarri die Txinak; Japoniak 49 herrialdetako biztanleei debekatu die sarrera, eta Hego Koreak kontrol neurri zorrotzak ezarri dizkie herrialdera sartzen diren atzerritarrei; besteak beste, derrigortuta daude hamalau eguneko berrogeialdia egitera.

Europan eta AEBetan koronabirus kasu kopuruak gora egin ahala, Asia ekialdeko herritar askok beren herrialdeetara itzultzea erabaki dute, eta horrek inportatutako kasuak zaintzera behartu ditu Asia ekialdeko estatuak.

Japonian, esaterako, atzerritik iritsitako kasuek birusaren hedatzea azkartu dute. Kutsatu kopurua boskoiztu egin da apirilaren hasieratik: 2.178 kasu zituzten baieztatuak apirilaren 1ean, eta 11.500 kasu ziren guztira atzemandakoak atzo.

Birusaren zabaltzeak atakan jarri du munduko potentzia ekonomikorik garrantzitsuenen artean hirugarrena. Gobernuak indarrean jarri zuen larrialdi egoera apirilaren 7an, Tokion eta beste zenbait eskualdetan, eta neurria herrialde osora hedatzeko erabakia iragarri zuen joan den ostiralean.

Japonian legeak ez dio botererik aitortzen gobernuari herritarren konfinamendua agintzeko, ezta hura urratzeagatik herritarrak zigortzeko ere. Gobernuak arduratsu jokatzera deitu ditu herritarrak. Beharrezkoak ez diren bidaiak ez egiteko eta etxean gelditzeko eskatu die, baina Shinzo Abe lehen ministroaren esanetan, oraindik ez dute lortu «kontaktu soziala» %70-80 artean murrizteko helburua.

Zhong Nanshan Txinako epidemiologo nagusiak uste du tokiko kutsatzeek aukera gutxi dutela Txinan beste agerraldi bat eragiteko. Kontrol neurriak zorrotzak direla eta egoki gauzatzen ari direla arrazoitu du. Aldiz, Europatik edo Amerikatik birusa inportatzeko arriskuaz ohartarazi du. Inportatutako kasuen prebentzioa pandemiaren kontrolerako eginbehar gakoa bihurtu da Pekinentzat.

Txinako Gobernuak herrialdeko mugak itxi dizkie atzerritarrei. Salbuespen gutxi batzuk egin ditu: diplomazialariei eta merkataritzarekin edo medikuntza ikerketarekin lotutako pertsona jakin batzuei sartzen uzten die. Gainerakoek hoteletan edo gobernuak agindutako guneetan egin behar dituzte derrigorrezko berrogeialdiaren hamalau egunak. Pekinen epe hori 21 egunera luzatzea erabaki zuten atzo hiriburuko agintariek.

Azken asteetan, Txinak Errusiarekin duen muga zaintzea izan da gobernuaren lehentasuna. Errusian dauden txinatarrek beren herrialdera hegazkinez itzultzeko dituzten zailtasunak tarteko hainbat konpainiak bertan behera utzi dituzte hegaldiak, Errusiako Ekialde Urruna lurralde federalera bidaiatu dute, handik muga lurrez zeharkatzeko. Ondorioz, Pekinek mugetako kontrolak areagotu ditu ipar-ekialdean, eta berrogeialdi zorrotzak jarri ditu indarrean Errusiarekin muga egiten duen Heilongjiang probintziako Suifenhe eta Harbin hirietan.

Atzerritik heltzen direnen osasun egoerari buruzko kezka giro horretan, mezu arrazistak areagotu dira azken asteetan Txinako sare sozialetan; azkar hedatu dira atzerritarrak segurtasun neurriak hausten erakusten dituzten irudiak, eta horien arduragabekeria jatorriarekin lotzen dituzten mezuak. Horrez gain, kanpotarrei sarrera debekatzea erabaki dute hainbat saltokitan eta bestelako lokaletan, prebentzio neurri gisa.

Pandemiaren hasieran txinatar askok jasan zuten bazterketa beste herrialde batzuetan arriskutsutzat jo zituztelako, eta, orain, irauli egin da egoera.

Singapurko irakasgaia

Singapurren duten egoera beren lurraldeetan errepikatzeko arriskua ahalik eta gehien murriztu nahi dute Txinak eta Asia ekialdeko gainerako herrialdeek. Izan ere, Singapurko kasuen gorakadak argi utzi du koronabirusa mendean hartzeko ez dela nahikoa kutsatze katea herrialde jakin batzuetan soilik apaltzea. OMEk nabarmendu duenez, mundu globalizatu honetan, katebegi ahulenaren egoeraren araberakoa izango da gainerako herrialdeek kontuan hartu beharreko arrisku maila.

COVID-19aren kontrako txertoa lortu artean, ezin arriskutik salbu egon gaitza herrialde guztietan kontrolpean ez bada. Horiek horrela, Afrikan esku hartzeko beharra nabarmendu du OMEk, koronabirusaren hedatzea kontinentean mugatze aldera. Herrialde afrikarretako osasun sistemak ahulak dira, eta ohartarazi du birusa azkar hedatuko dela neurriak hartu ezean. COVID-19a Afrikan zabalduz gero, birusa Europara eta AEBetara itzuliko dela ohartarazi die osasun erakundeak Mendebaldeko herrialde aberatsei.

Hainbat adituk adierazi dute beste olde bat ez litzatekeela horren arriskutsua izango, lehen oldean gaitza gainditu dutenak immunizatuta egongo liratekeelako, baina hori baieztatu gabeko kontua da oraindik. Hego Korean, esaterako, COVID-19a gainditu eta berriro positibo eman dute hainbat lagunek. Osatu diren gaixoen %2,2 kutsatu dira beste behin birusarekin. Zientzialariak kasu horiek aztertzen ari dira, eta ikerketa garrantzitsua izan daiteke gaitza gainditu dutenen immunitate mailari buruzko informazioa lortzeko.

Koronabirusaren bigarren oldea udazkenean irits daiteke ipar hemisferioko herrialdeetara, tenperaturak hoztearekin batera. Bigarren agerraldiak kalte are handiagoak eragin ditzakeela ohartarazi du Robert Redfield AEBetako Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroko zuzendariak, gripearen etorrerarekin batera osasun sistemen karga muturrera eramango lukeelako, «maila ezin imajinatuzkoetara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.