Albistea entzun

Iberdrolak hiru hidrogeno kargaleku jarriko ditu, ibilgailu astunentzat

Bilboko eta Pasaiako portuetan eta Jundizko industrialdean jarriko ditu. Eguzki plakek elikatutako elektrolizagailuek sortuko dute hidrogenoa
Hidrogenoaren <em>euskal Y-</em>aren aurkezpena, atzo.
Hidrogenoaren euskal Y-aren aurkezpena, atzo. IBERDROLA Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2021eko maiatzak 20

Iberdrolak ez du atzean geratu nahi hidrogenoaren lasterketan. Hidrogenoaren euskal Y-a izeneko proiektu bat aurkeztu du, haren helburua baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru gune logistiko nagusietan gas horren kargalekuak jartzea: Bilboko eta Pasaiako portuetan, eta Gasteizko Jundizko industrialdean. Kamioiek, autobusek eta furgonetek hor izango dute aukera hidrogenoa kargatzeko.

Ibilgailu astunen deskarbonizaziorako, hidrogenoak teknologia egokiagoa dirudi elektrifikazioak baino, oso bateria handiak beharko bailituzkete bestela, eta denbora asko horiek kargatzeko. Baina, ibilgailu astunetarako ez ezik, portuko eta aireportuko zereginetarako eta industria kimikoa energiaz hornitzeko modu bat ere badela azaldu du Iberdrolak.

Argindar konpainiak ziurtatu du 37 milioi euro inbertitu nahi duela hidrogenoaren euskal Y-aren proiektuan, eta haren eraikuntzak eta erabilerak 1.700 lanpostu sortuko dituela, zuzenean eta zeharka.

Elektrolizagailuak, bertan

Erabilitako hidrogenoa lekuan bertan sortzea da Iberdrolaren asmoa. Hamar megawatteko potentzia duten elektrolizagailuak jarriko ditu kargalekuetatik hurbil. Elektrolizagailuak, hain zuzen, uretatik hidrogenoa modu garbian bereizteko aparatuak dira, eta, eguzki plakekin elikatuko dituzte. Plakek nahiko argindar sortzerik ez dutenean, Iberdrolak agindu du energia berriztagarriez hornituko dituela. Plaka fotovoltaikoek beharrezkoa den baino argindar gehiago ekoizten dutenerako, berriz, bateriak jarriko dira soberakin hori gordetzeko, eta beharrezkoa denetan hidrogenoa bereizteko edo argindar sarera bidaltzeko.

Iberdrolak Next Generation EU planaren diruak erakarri nahi ditu hidrogenoaren euskal Y-a finantzatzeko. Erakunde publikoen babesa ere lortu du: Eusko Jaurlaritza; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak; Gasteizko Udala; eta Bilboko eta Pasaiako portuak. Gainera, enpresa batzuek konpromisoa hartu dute hidrogenoa erabiltzeko, haien artean CAF, Irizar, Alsa, Aena, .PepsiCo, eta Primafrio.

Proiekturako behar diren materialaz, makinez eta zerbitzuez hornitzeko 30 euskal enpresa bildu dituela adierazi du Iberdrolak. Horien artean daude Ampo, Arteche, Babcock Valves, Betico, Idom, Indar, Ingeteam, Iointek, Jema, Ksb, Ormazabal eta Tubos Reunidos.

Beste proiektu batzuk

Bizkaia hidrogenoari lotutako industriaren erdiguneetako bat bilakatzeko bidean da. Helburu horrekin aurkeztu zuten otsailean BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorea izenekoa. Petronorrek bultzatutako proiektu bat da, hidrogenoa industriarako, ibilgailuetarako eta etxebizitzetarako erabil dadin. Hark ere iragarri du kargaleku bat jarriko duela, Abanton egiten ari diren parke teknologikoan (Bizkaia).

Korridore horren lehen zutabeetako bat abian jarri dute Petronorrek eta Senerrek. Elektrolizagailu alkalinoen lantegi bat egiteko akordioa sinatu zuten martxoan. Ziur aski, Portugaleten (Bizkaia) egingo dute lantegia, eta datorren urterako nahi dute martxan, 50 edo 60 langilerekin. Urte horren amaierarako izango lukete lehen makina, Abantoko parkerako.

2023aren bukaeran hamar MWekoa izatea nahiko lukete, eta Bilboko portuan Petronorrek, Enagasek eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak jarriko duten erregai sintetikoen lantegirako izango litzateke. Denbora gehiago beharko lukete 100 MWeko elektrolizagailua prest izateko, 2025erako edo 2026rako. Petronorren findegiaren hidrogeno berdearen beharrak betetzeko erabili nahi dute, baina baita BH2Cko beste proiektuetarako ere.

Elektrolizagailuak egiteko beste proiektu bat ere badute esku artean Iberdrolak berak eta Ingeteamek. Beste bazkide baten bila ari dira, eta Jaurlaritza izan daiteke. Fabrika «Euskadin jartzeko ahaleginak» egingo dituela agindu du Jose Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iberdrolaren Wikinger parke eolikoa, Alemaniako uretan. ©IBERDROLA

INDUSTRIA KRESAL HAIZETAN

Irune Lasa

Energia berriztagarriak behar dira, gero eta gehiago, ahalik eta gehien. Argindar 'garbia' lortzeko itxaropena itsasoko haize errotetan dago neurri handi batean, eta, bereziki, haize errota flotagarrietan. Eta hor dago euskal industria.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU
Bretainiako hainbat arrantzalek sorgailu eolikoen oinarriak jartzen dituen itsasontzia inguratu zuten maiatzean. ©BERRIA
Artxiboko irudian, laneko heriotza bat salatzeko elkarretaratzea Iruñean ©Inigo Uriz / Foku

Behargin bat hil da Bergaran

Irune Lasa

Markinako behargin bat hil da Bergarako Fagor Ederlanen lantokian «lan istripu ez traumatikoan», salatu du LAB sindikatuak. Beharginak 44 urte zituen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.