Pedro Azpiazu. Ogasun eta Ekonomia sailburua

«Iritsi da kontuak orekatzeko garaia»

Zerga bilketaren hazkundea baliatuta, Jaurlaritzak defizit gabe amaitu nahi du urtea. «Ez litzateke ulertuko enpresek eta familiek kontuak orekatzea eta geuk ez», justifikatu du.

ENDIKA PORTLLO / FOKU.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Zerga bilketaren itxiera eta heldu den urterako aurrekontuak prestatzen ari da egunotan Pedro Azpiazu (Bilbo, 1957). Krisiaren lekuko zuzena izan da politikagintzatik, eta oroitzapen horiekin abiatu da solasaldia, sailburuak Lakuan duen bulegoan.

Hamar urte dira Lehman Brothers erori eta krisia hasi zenetik. Garai horretan, Madrilen diputatu zinen. Nola oroitzen duzu?

Garai horretan denok apur bat ezbaian geunden. Esan izan da Zapateroren arazoa izan zela krisia ez aitortzea. Ez zen ikusi nahi izan nola eragingo zigun, eta ez zen ezagutzen higiezinen burbuilaren intentsitatea. Krisi mutante eta nahasia izan da, arraroa.

Gertutik jarraitu duzu krisi osoa.

Madrilen hartutako neurri guztien eztabaidan egon nintzen. Oso kritikoa izan nintzen Kongresuan Europak emandako erantzunarekin. Ikusle gisa, esperientzia bat da, baina oso gogorra izan da, herritar askori izugarri eragin die. Orain ikusten ari gara krisiak utzitako ahuldadeak, prekaritatea edo desberdintasuna. Daukagun hazkundea baliatu behar dugu, are gehiago geure administraziotik, krisiaren gaitz horiek konpentsatzeko edo lehengoratzen saiatzeko.

Nola gaude orain? Urkullu lehendakariak esan zuen aurrekoan berak ez duela sekula esan krisia gainditu dela.

Subjektiboa da. Baten batek pentsa dezake: nola esan dezake lehendakariak krisitik atera garela neure seme-alaba langabezian badago edo alokairu bat ordaintzeko dirurik ez badauka? Ikuspuntu makroekonomiko batetik, inork ezin du esan krisitik atera ez garela. Lau urtez %3 hazi gara, eta kanpoko edozein analistak esango dizu hori ez dela krisi egoera, hazkundea ongi finkatuta dagoela baizik. Efektu negatibo guztiak lehengoratzeaz ari bagara, ez.

Zeintzuk dira efektu horiek?

Nabarmen jaitsi bada ere, gazte langabezia handia da oraindik, soldata apalak daude, bereziki gazteen artean. Jaurlaritzak pertsonekiko sentsibilitate bat du, eta ez bakarrik DSBEagatik, eta hemen desberdintasun soziala Finlandian edo Danimarkan baino txikiagoa da. Ez nioke buelta askorik emango irteeraren kontuari. Langabezia %10etik jaitsiko da. Batzuek diote oso erraza zela, baina ez ahaztu aurreko bi urteotako hazkundeak espero genuena gainditu duela. Ekonomiak lagundu digu helburua gauzatzen.

Ikasi dugu zerbait? Prestatuta gaude hurrengo krisirako?

Krisiak egongo dira; ez dakiguna da noiz. Krisiaren eragina itzela da, baita geure aurrekontuan ere. 2007. urteko aurrekontua hartzen baduzu eta egungoa, oso antolaketa ezberdina dute. Inbertsio publikoa jaitsi da, eta diru sail batzuk, batez ere sozialak, asko igo dira. DSBEa 150 milioi eurotik 500 milioira igo da. Alde horretatik, kontu sozialagoak ditugu, eta inbertsio gutxiagokoak. Aurrekontuak unean uneko egoerari eta lehentasunei erantzuten dio.

Nolakoa izango da 2019. urterako Jaurlaritzaren aurrekontua?

Zerga bilketa aurreikusitakoa gainditzen ari da. Defizita eta gastu araua bete behar ditugu. Azken bi urteotan ez dugu bete gastu araua gutxigatik, eta planak egin behar izan ditugu zuzentzeko. Gustuko izan edo ez, arauak bete behar dira. Ez baditugu betetzen, arazoak izan dizakegu zorpetzeko. Arauak beteta, aurrekontu apur bat handiagoa egingo dugu, soldaten igoera adierazgarri batekin eta inbertsio handiagoekin.

OCDEk edo Espainiako Bankuak hazkunde aurreikuspenak jaitsi berri dituzte. Aurrekontuen koadro makroekonomikoa prestatzen ari zarete. Jaitsiko dituzue zuen kalkuluak?

Aurten %2,8 eta datorren urtean %2,3 hazteko aurreikuspena dugu. Adierazleen etengabeko jarraipena egiten dugu, eta uste dugu %2,8ko kalkulua nahiko ongi finkatuta dagoela eta eutsi ahalko diogula.

Nazioartean ekonomia moteltzeko joera hori zabaltzen ari da. Kezkatuta zaudete?

Nazioarteko ekonomiaren moteltze erlatibo hori, nahiko txikia dena, denek seinalatzen dute. Kezka dugu, eta jarraipena egiten diogu, baina intentsitate txikia du. Ekonomia bultzatzen zuten aldeko haizeak gelditu dira, baina, horretaz gainera, geure hazkundea irmoa da. Lasai gaude.

Zerga bilketa oso ongi doa. Baliteke aurreikusi baino diru gehiago egotea. Jaurlaritzak aukera izango du aparteko inbertsioren bat egiteko aurten?

Prebisioak ixten ari gara. 2018ko datuek iradokitzen dute bilketa iragarritakoa baino apur bat handiagoa izango dela. Kupoaren akordioaren efektua kenduta, %3,7 gehiago izatea kalkulatu genuen, eta pare bat puntu gehiago izan daiteke azkenean. Geure asmoa litzateke inbertsioari bultzada bat ematea, iaz egin genuen bezala. Konpromiso batzuk aurreratzea izan daiteke, hurrengo urterako marjina handiagoa izateko. Beste helburua da kontuak orekatzea eta hala jarraitzea.

Esana duzu defizit gabe itxiko duzuela aurtengo aurrekontua.

Ez litzateke ulertuko enpresek eta familiek kontuak orekatzea eta geuk ez. Hazkunde ekonomikoa %3 izanik, iritsi da kontuak orekatzeko garaia. Geure asmoa da aurrera begira gehiegi ez zorpetzea, arazo ekonomiko bat datorrenean jarduerari bultzada bat emateko abagunea izateko, eta zorpetzea handitzeko, zerga bilketak okerrera egingo balu.

2020ra arte aurrekontu «estuak» iragarri zenituen. Orain, defizita zerora jaisteari lehentasuna emango diozue. Ez dago kontraesan bat hor?

Ez. Halako hazkunde erritmo batekin diru guztia gasturako erabiltzeak eta, gainera, zorpetzeko marjina guztia baliatzeak sortuko lituzke gastu maila batzuk, gaur-gaurkoz, gehiegizkoak, aurrera begira politika publikoak egiteko aukera mugatuta. Horretaz gainera, gastu araua dago. Ez dugu bete azken bi urteotan, baina gutxigatik izan da, eta erraza izan da zuzentzea. Gastu araua askogatik betetzen ez badugu, gero egin beharreko zuzenketa oso handia litzateke. Benetan uste dut orain daukagun zerga bilketaren mailarekin posible dela kopromiso bat izatea inbertsioarekin, politika sozialekin eta funtzionarioen soldata igoera batekin.

Gastu araua ez betetzeagatik egin beharreko finantza planetan oso kritikoak izan zarete horren aplikazioarekin. Malgutasun handiagoa behar da?

Madrilen nengoenean, oso kritikoa nintzen Europak exijitzen zituen murrizketekin. Gaur egun, hazkunde nahikoarekin eta zerga bilketa iragarritakoaren gainetik egonda, apur bat arintzea ez litzaiguke gaizki etorriko, baina gai marginaletan. Ez da kontua gastua askoz ere gehiago igotzea.

Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren aldaketak eta Egonkortasun Legeak ez dute Jaurlaritzaren finantza ahalmena atzeko atetik mugatu?

Bai, muga bat egon da, ez dakit atzeko edo aurreko atetik. Guk aurka bozkatu genuen, baina, 135. artikulua alde batera utzita, Europak kontrol bat ezarri die administrazio guztiei. Kritikoak izan edo ez, ezin dugu hori alde batera utzi. Begiratu Tsipras. Oso kritikoa zen Europako neurriekin, eta orain mandatu guztiak bete ditu, bestela Europatik kanpo geratuko litzatekeelako.

Baina ba al du zentzu ekonomikorik EAEri eta Murtziari defizit muga bera jartzeak, finantzaketa sistema erabat ezberdinak badituzte?

Hori beste kontu bat da. Guk defizit helburuak alde bitara hitzartzen ditugu estatuarekin. Egia da, hasiera batean, oso antzekoak direla. Bada murrizketa bat, eta ziur aski hori gabe bestelako gastu maila batzuk edo portaera batzuk izango genituzkeen, baina horrelakoa da Europa, eta ez dugu hori aldatzeko aukera handirik.

PPk bere burua alde batera utzi du, Alonsok esandakoari kasu egin behar bazaio. Zero defizitaren alde egiteak ez al du zailduko aurrekontuak EH Bildurekin edo Elkarrekin Podemosekin adosteko aukera?

Arazoak badaude, ez dut uste horren ondorio izango direnik. Defizitarekin eztabaida handiagoa zegoen lehen. Inor ez dabil eskatzen guk joko arauak hausteko eta gastua askoz gehiago handitzeko. Ez soilik ezkerreko alderdiak, neu ere kontziente naiz gustatuko litzaidakeela malgutasun apur bat handiagoa, baina gaur egun ez dugu askoz gehiagorik behar gobernu gisa ditugun helburuak betetzeko. Edonola ere, ez dugu aterik itxiko negoziazioan.

Nolako ondorio praktikoak ditu aurrekontua luzatzeak?

Saiatuko gara aurrekontua aurrera ateratzen, lege inportantea delako. Herritarraren ikuspuntutik, ez dago alde handirik. Ez litzateke atentaturik egongo eskubide sozialen aurka, eta osasun edo hezkuntza alorretan ez litzateke murrizketarik egingo. Luzatzeko arauak nahiko malguak dira, kontuak errealitatera eta beharretara egokitu ahal izateko.

Kupoaren gatazka konpontzea lortu zenuten, zaila zirudiena, baina Ekarpen Legea eguneratu gabe segitzen duzue. Zergatik da horren zaila, Jaurlaritzan eta foru gobernuetan alderdi berak egonda?

Diru kontu bat delako. Dirua banatzeari buruz hitz egiten denean beti dago gatazka, familietan ere bai. Saltsa handienak herentziekin dira, txikiak izanda ere. Diru banaketa ez da sekula baketsua. Ari gara lanean, normaltasunez eta maiztasun handiz. Egia da, hala ere, beste alderdiren baten babesa beharko dugula legea legebiltzarrean onartzeko.

Jaurlaritzak diruaren %70 jasotzen du baliabide komunetatik. Prest legoke kopurua jaisteko?

Zerbaitetan denok eman beharko dugu amore, inork ez badu amore ematen... Tira, beste aukera bat da dena orain dagoen bezala uztea. Maila instituzional bat aldatzen bada, ikusi beharko da beste erakunde guztiak nola lagunduko duten horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.