Noiz sortua: 2020-03-29 00:30:00

Birus bihurtu Walter Benjamin

Joseba Azkarraga-Etxagibel - Soziologoa. EHUko irakaslea

2020ko martxoak 29

Dagoeneko asko dira pandemiak utzitako lezioak. Partidaren lehen minutuan baieztatu genuen, minez, aspaldiko susmoa: euskal autogobernuaren sendotasuna mikrobio batek belarrondokoa eman artekoa zen. Nabarmendu du, baita ere, desgraziaren aurrean bizi esperientzia ez dela guztiontzat berdina, desparekotasun sozioekonomikoak markatu ohi du. Iltzatuta geratu zitzaidan euskal arduradun baten gomendioa: birusarekin kutsatuz gero, mesedez, gaixoa gera dadila norbere gelan, eta ahal dela komun propioa duen gelan. Ez dago txarto klase ertainaren geruza erosoenak eta hortik gorakoek duten etxe konfigurazioa. Zer pentsatuko ote zuen, ordea, zaharrak zaintzen dituen eta beste hiru emakumerekin logela partekatzen duen andre nikaraguar durangartuak.

Eskolarik gabe, bestetik, euskal familiak ez gara berdinak etxeko ekipamendu teknologikoan eta sostengu kulturaletan. Serio aztertu behar litzateke kontua, luze baitoa online hezkuntza eta areagotu daitezke aurrez handiak ziren umeen arteko hezkuntza desparekotasunak. Auzi zaharra da hezkuntzaren soziologian: eskola eta bere efektu parekatzailea lausotzean, umea nabarmenago modelatuko dute familiaren kapital edukatiboak, kulturalak eta ekonomikoak, handituz jatorrizko handicap eta ezberdintasunen inpaktua. Umeek aise xurgatzen dituzte, gainera, familiako angustiak eta beldurrak, eta bistan da datorrenaren aurrean sentimenduok pilatzen direla gorputz eta familia aurrez prekarizatuetan.

Hau da, birusarenak badu klase fundamentua, generoa duen bezalaxe (eta nazioa, Espainia zentralizatuagoa). Zorigaitzak inoiz ez dira modu abstraktu eta simetrikoan eraikitzen espazio sozialean, desgraziak sekula ez ditu ondorio berberak barreiatzen jendarteko beheko solairuan eta atikoan.

Lezio berriak ere deskubritu ditugu, ordea. Nahi izanez gero gobernuek adorea bil dezakete interbentzio publiko irmoetarako, sozializatuz esku pribatuetan dauden baliabideak. Prest agertu zaizkigu baita enpresa estrategikoak nazionalizatzeko ere. Tira, ikasi dugu borondatea zela gakoa, eta nork dio urrunago joan ez gaitezkeela, gehiengo sozialaren mesedetan jarriz, demagun, finantzak, elikagaiak, industria farmazeutikoa edo energia. Sen posliberalak, eta beharbada antikapitalistak, abiada hartu du: ez dago lege naturalik eremuok giltzapeturik uzteko etekin pribatuaren logika neoliberalean. Are gehiago larrialdi egoeran, baina ez soilik larrialdi egoeran. Hori bai, Naomi Kleinek erakutsi zigun shock egoerak erabil daitezkeela tentazio inpugnatzaileak baztertu eta eliteen proiektua sendotzeko (2008ko krisiaren hastapenetan ere egin zen gimnasia posliberala).

Koronabirusak argitu digu beste auzi ezin potoloagoa: utz diezaiokegu atmosferan horrenbeste karbono dioxido injektatzeari, baina behera ekarri behar ekoizpena eta garraioa. Osaezinak dira ekologia eta gaurko ekonomia.

Nago, baina, beste bat dela lezioetan lezioa. Argituko da koronabirusaren atzean, egotekotan, zein animalia dagoen, gizakiok zein habitat ekologiko suntsitzearen ondorioz; edo garapenkeriaren zein alderdi zehatz den kausa azkena. Baina, bien bitartean, nago bizi dugun esperientzia hau har daitekeela lagintxo bat bailitzan, hezur-haragitan egiaztatzeko zer den kolapso, desglobalizazio edo uzkurtze desordenatua, beldurra gidari eta armada kaleetan. Are gehiago, kontu jota birusak leherraraziko duela aurrez lehertzear zegoen ekonomia eta finantza mundua, eta harrotuko direla desglobalizazio efektuak eta uzkurtzea.

1940an, Walter Benjaminek modu profetikoan aurreratu zuen, marxismoaren baitatik, iraultza akaso ez zela progresoaren, garapenaren eta modernizazioaren trenera igotzea, Marxek iradoki bezala, baizik eta tira egitea tren horren larrialdi frenotik. Automata hutsa baita makinista. Trena ziztuan doa, ezin da gelditu, ezta norabidez aldatu ere. Abiadurak irentsita, errailetatik atera beste destinorik ez du. Badirudi koronabirusa izaten ari dela, ez marxismo antiproduktibista, kapitalismoaren esku-frenoa. Ondorioz, uzkurtzea ez da boluntarioa, ez da planifikatua, ez da auto-mugatze zentzuduna. Ez da justiziaz antolatua izan, eta, beraz, ez ditu herritarrak segurtasun minimoz hornitu.

Egoera zinez da korapilatsua: kapitalismoaren geldialdiak sufrimendua tonaka barreiatuko du, baina bere jarduera osasuntsuak, hazkunde esponentzial etengabearen logika gidari, are sufrimendu handiagoa dakarren bide ekozida eta suizidara lotzen gaitu. Birusaren osteko territorio ekonomiko kiskalian, sistema leheneratzea ezin da opzio bat izan. Egitasmo emantzipatzaileak giza sistemen uzkurtzea exijitzen du, baina ordenatua (bermatuz materialki gora egiten dutela hainbat giza taldek, sektore ekonomikok eta herrialdek). Modu demokratiko eta baketsuan uzkurtzea, giza sistemak kabi daitezen mugatua den biosferan. Eta sistemok antola daitezen justizia ardatz hartuta, bere adiera guztietan: justizia soziala, generokoa, nazioartekoa, jaio gabekoekin, eta beste bizidun batzuekin.

Momentuz, ekosozialismoa ez, agente patogeno bat dugu sistemaren detonatzaile, egundoko hondamendi ekonomiko eta soziala eragiteko ahalmenarekin, eta ondorio ilunekin klase, genero eta nazio ikuspegitik. Ulergarria da Ada Colauren erreklamoa, interbentzio publikoa eskatuz hazkundea sustatu eta bere igurtziarekin leuntzeko kolpatuenen mina. Etsigarria da, ordea, ezkerrari gidoi (auto)suntsitzaile hori geratzen zaiola konstatatzea. Gidoi idorra, suntsitzaileaz gain, uzkurtzea bihurtuko baita iraunkor eta are sakonago, nahitaez, beheraldi energetikoarekin eta materialen eskasiarekin. Emergentzia egoera iraunkorrean instalatuko gara, erabiliko ote dugu kolapsoaren kapitulu txiki hau ohartarazpen gisa?

Aro historiko honek aspalditxotik eskatzen digu marko kognitibo berria: amaitu zen hazkundearen normaltasuna, eta kontua da normaltasun berriak ekarriko ote duen alternatiba emantzipatzailea ala kapitalismo are basatiagoa. Desafioa da Benjamin handiaren intuizioa bihurtzea mende honetarako imajinario lotesle, estrategia arrakastatsu eta programa egingarri. Izan bedi konfinamendua ezten, gogoeta estrategikorako. Gelditzeaz gain, norabidez aldatzen hasteko.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 2an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hamar lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Zortzi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta bost gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.491 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.078 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Aritxulegiko gaina, Nafarroa eta Gipuzkoa artean. ©

Nafarroako Gobernuak «jarrera zuhurra» du lurraldeen arteko joan-etorriekin

Berria

«Autonomia erkidego guztiek dute lurralde mugakideen artean mugitzeko helburu bera, baina litekeena da erritmoa berbera ez izatea», esan du Javier Remirez gobernuko bozeramaileak. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak atzo esan zuen hirugarren fasea bukatu arte ezingo dela autonomia erkidego batetik bestera bidaiatu. 

Heriotza kopurua asteka, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ©INE

Nabarmen goratu da izurriak eragindako heriotzen kurba

Edu Lartzanguren

Espainiako Estatistika Institutuak grafiko bat argitaratu du, erakusteko izurriak nola eragin duen heriotza tasan.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, gaurko lehen agerraldian, Kongresuan. ©J. J. Guillen / EFE

Espainiako Kongresuak larrialdi egoeraren seigarren luzapena onartuko du gaur

Paulo Ostolaza

Ekainaren 21 arte luzatuko dute; printzipioz, azken aldiz. Sanchezek iragarri duenez, «hirugarren fasean sartzen diren autonomia erkidegoetan hango presidenteak erabakiko du nolakoa izango den fase hori».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna