ATZEKOZ AURRERA. Xabi Solano. Musikaria

«Ekarpenik handiena barruak hustea da»

Esne Beltza taldeko trikitilari eta abeslaria da Xabi Solano hernaniarra. Uda kontzertuz beterik dute, eta, gaur, Saguesen joko dute, Donostiako Aste Nagusian, Huntza taldearekin.

June Romatet Ibarguren.
Donostia
2019ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Xabier Solano Maiza (Hernani, Gipuzkoa, 1978) talde askotan aritutako musikaria da. Etzakit taldearekin hamabost urte zituela hasi zen, eta, orain, Esne Beltza taldean dabil 2008. urtetik. Hainbat taldetan aritu den arren, bakarka ere argitaratu zuen disko bat 2017an: Ereñotzu.

Lehenago jo izan duzue Donostiako Aste Nagusian? Nola jaso zenuten aurtengorako deia?

Gipuzkoarrak izanda, Donostiako Aste Nagusian jotzeak poza ematen du. Bere garaian Fermin Muguruzarekin ere jo izan nuen, baina, Esne Beltzarekin Donostian jo behar izan dugunean, zorte txarra izan dugu: beti bertan behera uztea tokatu zaigu. Eguraldi txarragatik, hiru aldiz gertatu zaigu, eta espero dut aurten ez gertatzea.

Ilusioa sortzen dizu Donostiako jaietan jotzeak?

Egia da urte askotan jo izan dudala, baina berezitasunik handiena da nire gurasoek kontzertua ikusteko aukera izaten dutela. Bestalde, Sagueseko kontzertua oso ondo prestatuta dago jende ezinduak ikusteko eta horrek ere pozten nau.

Desberdina da Flamenkan edo Saguesen jotzea?

Oso desberdina da. Ez dakit hau esan beharko nukeen, baina, Flamenkan jotzean etxean, bezala sentitzen naiz. Saguesen denean, beste modu batera hartzen dut. Azkenean, udalak antolaturiko kontzertuak dira, eta, gainera, gogoan dut lehen ere zein garrantzitsuak ziren Sagueseko kontzertuak.

Donostiako Aste Nagusiak ateak ireki dizkizue?

Ni 15 urterekin hasi nintzen Etzakit taldearekin, eta, orain, 40 ditut, urte asko daramatzat mundu honetan. Gogoan dut lehen kontzertua Sarriegi plazan nola eman genuen. Ordutik hona, ate asko ireki dizkigu Donostian jotzeak, eta hiriburuetan jotzeak, orokorrean.

Eta musikak, egin dizu ekarpenik? Zer?

Noski, musikak gauza asko eman dizkit. Ekarpenik handiena nire barruak hustea da, eta musika gauzak esateko eta arma moduan erabiltzea. Injustizia guztiei ezetz esateko aukera ematen digu musikak. Abesti bat egiten dugunean, zerbait esateko egitea gustatzen zait, eta, kontzertu bakoitzean abesti horiek jotzean, hustuta bukatzen dugu.

Kontzertuen prestaketa nola daramazue?

Nik prestatzen ditut, normalean. Zerrenda bat egiten dut joko ditugun abestiekin, herriaren eta ekimenaren arabera. Hala ere, urteroko biretan kantuen zerrenda ez da ia aldatzen. Batzuetan, kontzertua prest dugun arren, sorpresa batzuk ere ematen dizkiet taldekideei, kontzertuaren erdian kantuak aldatuz.

Hainbeste taldekide izanda, nola biltzen zarete entseguetarako?

Lokala Ereñotzun dugu, ostiral goizero hara joaten gara, eta entseguak egiten ditugu. Udan kontzertuak bata bestearen atzetik direnez, ez dugu entseatzen. Gainera, taldeaz gain denok beste lan bat dugunez, uztailean eta abuztuan, bakoitzean hamar egun hartzen ditugu oporretarako, deskantsatzeko beharra izaten dugu eta.

Zergatik hainbeste kolaborazio?

Lehen diskoa atera genuenean, kolaborazioak sartu nahi nituen musika nahasteaz gain hizkuntzak ere nahastu nahi nituelako, eta ez nuelako neure burua ingelesez edo gaztelaniaz abesten ikusten.

Gaur Huntzarekin jotzeko ilusioa duzue?

Kolaborazioa ez den arren eta bakoitzak bere kontzertua emango duen arren, pozik gaude. Duela hilabete batzuk, Galizian izan ginen elkarrekin, eta, orain, berriro Donostian elkartuko gara. Huntzakoak oso lagunak ditugu; gainera, bat lehengusua dut, eta ziur nago oso ondo pasatuko dugula bi taldeok.

Gertu sentitzen duzu Huntzaren musika estiloa?

Huntzaren estiloa Etzakit taldearekin lotzen dut, eta oroitzapenak ekartzen dizkit. Trikitia ardatz genuela festa giroko abestiak egiten genituen. Esne Beltzan, berriz, trikitia beste instrumentu bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.