Politika orokorreko eztabaida Nafarroan

Trafikoaren eskumena legealdi amaierarako izango dutela ziurtatu du Txibitek

Nafarroaren egoerari buruzko osoko bilkuran ziurtatu du akordio programatikoko neurrien %89 bete dutela. Esparzak «EH Bildu zuritzea» egotzi dio. Geroa Baik dei egin du kostu energetikoari aurre egiteko agentzia publikoa sortzera

Maria Txibite. Goizeko lehen diskurtsoa amaituta, PSNko kideak hari begira, onespenez. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Foru hauteskundeetarako sei hilabete geratzen diren honetan, beren posizioa azaltzeko parada izan zuten atzo Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta parlamentu taldeetako eledunek. Nafarroaren egoerari buruzko osoko bilkura berezian, Txibitek gobernuaren jardun ona defenditu zuen «hondamendia iragartzen dutenen aurrean». Haren esanetan, pandemiak eta Ukrainako gerrak eragindako «zailtasun guztien gainetik» akordio programatikoan hitzartutako neurrien %89 «betetzeko bidean» dira. Beste gaien artean, azpimarratu zuen 2001etik lehen aldiz Madrilekin bi eskumenen transferentzia hitzartu dela; trafikoarena, berriz, asko luzatzen ari bada ere, ziurtatu zuen «legealdia amaitu baino lehen» itzultzeko lan egingo dutela. «Pentsatzen genuen baino konplexuagoa izan da, eta nahiko genukeen baino gehiago kostatzen ari da», aitortu zuen.

Ordubete eta hiru ordu laurdeneko hitzaldian, ekonomiaren gaineko hodei beltzen itzala nabaritu zen. Izan ere, Txibiteren esanetan, pandemiak eta krisiak balio izan dute aurretik Europan mamitzen ari ziren eraldaketak bizkortzeko eta alor publikoaren lehentasunak aldatzeko. Dena den, «hilabete zailak datoz», haren esanetan, eta gobernua prest da krisiaren «ondorioei aurre egiteko». «Esku hartzeko tarte txikia dugu. Ezin dugu diru politikan eragin, baina ahal dugun guztia egingo dugu prezioen garestitzearen kalteak leuntzeko eta jada abiarazi dugun eraldaketa horietan gizarteari laguntzeko».

Testuinguru zail horretan, Txibitek azpimarratu zuen politikoki gutxiengoan den gobernuak elkarrizketari esker «egonkortasuna eta zentraltasuna» erdietsi duela. Orain arteko hiru aurrekontuak onartzeko gai izan da, eta laugarrena «onartzeko bidean da», EH Bildurekin hitzartutako akordioari esker. Sozialki, berriz, Txibitek nabarmendu zuen «Nafarroa pobrezia tasa eta desberdintasun sozial apaleneko lurraldea» dela eta egun inoiz baino afiliatu gehiago daudela Gizarte Segurantzan: 302.000 alegia. «Noski, asko dugu hobetzeko, baina gauza bat da hori eta bestea hondamendia datorrela iragartzea». Txibiteren esanetan, errealitateak talka egiten du erabat «apokalipsiaren iragarleekin».

Navarra Sumari zuzendu zizkion hitzok. Izan ere, Javier Esparza Navarra Sumako eledunak gobernutik kanpo daramatzan zortzi urteetan erabilitako argudio politiko bera erabili zuen atzokoan ere. Iragan legealdian Uxue Barkosi leporatzen ziona orain Txibiteri aurpegiratzen dio: «Gobernuan utziko duzun ondarea da EH Bildu zuritu duzula». Esparzaren esanetan, Nafarroako Jauregian besaulkia lortzearen truke lurraldearen giltzak eman dizkio koalizio abertzaleari, eta haren proiektu politikoa sendotu besterik ez du egin. «PSNk bizkarra eman die bere balioei, Bildurekin ituna egitearren».

Esparzak agortutzat eman zuen Txibiteren proiektua. Pandemia eta krisia kudeatu behar izan dutela onartu arren, uste du aurreko gobernuak baino nabarmen baliabide publiko gehiago izan duela eta ez dela gai izan abantaila hori behar bezala profitatzeko. «Zure kezka bakarra besaulkian esertzea izan da». Esparza ziur dago hurrengo presidentea izango dela: «Zure azken legealdia da. Zuek irtetear zaudete. 199 egun geratzen zaizkizue».

Arratsaldeko saioan ihardetsi zion Txibitek: «Zuk presidente gisa ikusten duzu zure burua, baina utzidazu gogoeta hau egiten: nola liteke presidente izatea etorkizuneko proiekturik ez duen norbait, hauteskundeetara nola aurkeztuko den ez dakien norbait, ezein alderdirekin akordioa egiteko gai ez den norbait eta mugimenduren bat egin nahi duenean alderdia bitan zatitzen zaion norbait? Lehendakari izateko zure asmoa ez da erreala».

Pasarte misteriotsua

Ez zuen gustuko izan erantzuna Esparzak, eta «dotorezia falta» egotzi zion Txibiteri, UPN barruko kontuak aipatzeagatik. Erantzun hori barre algaraka hartu zuten gainerako alderdiek, baina jarraian Esparzak orain arte inon aipatu ez den pasarte misteriotsu baten berri eman zuen: «Txibite anderea, zuk ez duzu jasaten nik PSOErekin hitz egitea, zuk ez baituzu aginterik alderdian. Nahi baduzu, saioa amaitzean, kontatuko dizut 2019an zu kentzeko batzorde bat osatzen ari zela alderdi sozialista eta batzordean izango zirenetako batzuk zugandik oso gertu daudela».

Txibite harrituta agertu zen. «Ez dakit hori nondik atera duzun edo asmatu egin duzun. Dakidana da ni hemen nagoela». EH Bilduko Bakartxo Ruizi ere deigarria egin zitzaion Esparzaren ahotan beti koalizioaren izena erabiltzea. «Goizeko saioa EH Bildurekin hasi duzu, eta arratsaldekoa EH Bildurekin amaitu duzu. Zure ezintasuna, etsipena eta urduritasuna adierazten duela uste dut».

Beste tonu batean, baina gobernu bazkideen arteko desadostasunak ere azaleratu zituen eztabaidak. Ahal Dugu-ko Mikel Builek azpimarratu zuen Ukrainako gerraren aurrean eta aldaketa klimatikoaren aurrean ikuspegi eta eredu desberdinak dituztela, baina, gainera, gobernua hiru alderdik osatzen dutela gogorarazi zion Txibiteri. «Gobernua aurrera doa, baina ematen du alderdi sozialistak gehiengo osoa duela. Utziguzu lidergo partekatu baten parte izaten, geuk gure gain hartu baitugu erantzukizun hori eta hari lotutako higadura». Kezkatuta agertu zen Buil eskuin muturraren gorakadaren aurrean, eta uste du Nafarroan Navarra Suma dela haren ordezkari. «Guk ez dugu haiekin itunik egingo».

Geroa Baik, batetik, azpimarratu zuen «lehentasun politikoa» izan behar duela osasungintzako itxarote zerrendak murriztea. «Datuak txarrak dira, gehiegizkoak», kritikatu zuen Uxue Barkosek. Espainiako Gobernuak erkidegoen artean lehen arreta indartzeko 172 milioi euro banatuko baditu ere, uste du kudeaketa hobetu behar dela eta profesional faltari aurre egin behar zaiola.

Bestetik, ohartarazi zuen zahar etxeetan, administrazio publikoan eta industrian kostu energetikoaren garestitzeak arazo handi bat eragin dezakeela. Konponbidea autogobernuaren defentsa dela iradoki zuen Barkosek. Izan ere, aurten onartu den Trantsizio Energetikoaren Legeak bide ematen du Trantsizio Energetikoaren Agentzia eratzeko, baina agentzia horren gainean «diferentziak» dituzte Geroa Baik eta PSNk gobernu barruan, Madrilek trabak jarri baitizkio legearen edukiari. «Agentzia horrek egungo gabezia energetikoari aurre egin diezaioke arrazoizko prezioan. Erakunde publikoak, ospitaleak eta zahar etxeak hornitu ditzake, udalei zerbitzu eman diezaieke eta etorkizunean eskaintza energetiko lehiakorra eskaini enpresei eta industriari. Berandu goaz. Ez dizkizut konpromiso politikoak eskatuko, baizik eta berehala ekiteko eta legea betetzeko».

EH Bilduren ustez, hizkuntz politikan PSN ez da gai izan iraganarekin hausteko. Ruizen esanetan, «herritarrei aukerak eta eskubideak ukatzea ez da aurrerakoia izatea» eta, horregatik, «arduraz eta alderdikeriarik gabe jokatzera» dei egin zion.

Ruizen esanetan, erronkei aurre egiteko tresna hoberena da autogobernua. Horregatik ez du ulertzen zergatik PSNk ez duen hitza bete eta zergatik ez duen ahalbidetu Foru Hobekuntza berritzeko lantaldea osatzea parlamentuan. «Ez zaudete prest eztabaidari berari ekiteko, zeren beldur zarete?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.