41 zenbakiaren araua

Legealdia hasi zenetik, oposizioak aurkezturiko 28 egitasmoetatik bostek egin dute aurrera. PP+C's-i hiru ekimen onetsi dizkiote, EH Bilduri bi eta Elkarrekin Podemosi bat ere ez

Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea, atzoko osoko bilkuran. RAUL BOGAJO / FOKU.
jon olano
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Legealdi hasierako lehen eztabaida politikoetako bat izan da; zenbateraino ari den Jaurlaritza alperra pasatzen; alegia, zenbateraino ari den baliatzen Eusko Legebiltzarrean daukan gehiengo absolutua, oposizioaren eskakizunei izkin egiteko. Eztabaida dialektikoaz harago, Eusko Legebiltzarraren jarduerari erreparatu behar zaio: oposizioak aurkeztutako 21 legez besteko proposamenetatik eta zazpi mozioetatik bostek egin dute aurrera, EAJrekin eta PSE-EErekin erdibideko zuzenketak adostu eta gero.

Uztailaren 12ko hauteskundeetan, legebiltzarkide kopuruan gora egin zuten Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek; EAJ 28 eserlekutik 31 izatera igaro zen, eta PSE-EE, berriz, bederatzitik hamarrera. Gobernu akordioa lortuta, Jaurlaritzaren sostengu diren bi indar politikoek 41 legebiltzarkide dituzte guztira, gehiengo absolutua, beraz, eta zenbaki hori errepikatu da gehienetan legealdiko lehen osoko bilkuretan egin dituzten bozketetan.

Oposizioko alderdien egitasmoei EAJren eta PSEren artean adostutako erdibideko zuzenketak dira normalean aurrera atera direnak, eta, oraingoz, salbuespena dira oposizioak aurrera atera ahal izan dituenak. Horien artean, Elkarrekin Podemosek izan du zailtasun gehien. Bost legez besteko proposamen eta mozio bat aurkeztu ditu; horietatik bi ezetsi ditu legebiltzarrak, eta beste hiruretan EAJren eta PSEren arteko zuzenketa izan zen onartutakoa. Seigarrenean, zaintza sistemari buruzko lantalde bat sortzeari buruzko proposamenaren kasuan, EAJk, PSE-EEk eta PP+C's-ek adostutako zuzenketa batek egin zuen aurrera.

Moriaz eta okupazioaz ados

Izan ere, PP+C's koalizioa da jeltzaleekin eta sozialistekin gehien ados jarri den oposizioko alderdia; hiru ekimen onetsi dizkiote. PP+C's koalizioak zortzi legez besteko proposamen eta bi mozio aurkeztu ditu, eta hamar egitasmo horietatik hiru onetsi ditu legebiltzarrak, gobernuko bazkideekin ados jarri eta gero: epaitegien egoerari buruzko mozio bat, Eusko Legebiltzarraren Erregelamenduaren erreformarako lantalde bat sortzeari buruzko proposamen bat eta jaiotza tasari buruzko beste bat.

EH Bilduren kasuan, 11 izan dira oposizioko lehen indarrak aurkeztu dituen egitasmoak; zortzi legez besteko proposamen eta hiru mozio. Bik egin dute aurrera, EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduren beraren oniritziarekin: herritar orori jarduera fisikora eta kirolera sarbidea bermatzeari buruzko proposamen bat eta, atzo bertan, Moriako kanpalekuko suteei buruzko beste bat. Gainerakoetan, zortzitan EAJ-PSE erdibideko zuzenketa izan da onetsitakoa, eta hamargarrena beste zuzenketarik aurkeztu gabe baztertu zen —berdintasun alorra eta Emakunde Lehendakaritzatik kentzeari buruz—.

Jaurlaritzako bazkideek legez besteko proposamen bat aurkeztu dute orain arte, Aiaraldea eta Urduña, Orozko, Arrankudiaga eta Arakaldo (Araba) udalerriak berraktibatzeko lantaldea berreskuratzeari eta berrabiarazteari buruz, eta, beren botoez gain, EH Bildurenak jaso zituzten.

Eusko Legebiltzarrean atzo egin zuten osoko bilkura, eta jeltzaleen eta sozialisten botoen batura nahikoa izan zen Andoni Aldekoa EITBko zuzendari izendatzeko, Aurrekontu Legea moldatzeko, etxebizitzaren arloan zerbitzu bateratu bat sortzeko eta merkataritzaren eta ostalaritzaren egoeraz EH Bilduk aurkeztutako mozio bat atzera botatzeko. Aldiz, PP+C's koalizioak okupazioaz aurkeztutako egitasmoaren aurka egin zuten gainerako alderdi guztiek, eta EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosek adostutako erdibideko zuzenketa bat onartu zuten, eta lau indarrek bat egin zuten Moriako kanpalekuko suteari buruzko proposamen batean.

Hori horrela, oposizioko alderdiek asteak daramatzate salatzen Jaurlaritza alperra pasatzen ari dela, eta susmoa dute jokabide hori ez dela aldatuko 2021eko aurrekontuei buruzko eztabaidan. Ez dator bat, ordea, Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaria; «%100ean egiten duzu oposizioak eskatzen dizuna, edo leporatzen dizute alperra pasa izana», esan zuen urriaren 9an Radio Euskadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.