Kataluniako prozesu subiranista. Europako Parlamentua

Salaketa, Europaren bihotzera

Puigdemontek eta Cominek Kataluniako gatazkan esku hartzeko eskatu diote Europari eurodiputatu aulkia hartu duten egunean. Esan dute Espainiak ezin duela immunitatea baztertu bere erabakiz

Goizetik dozenaka lagun bildu ziren Estrasburgon, buruzagi independentistei babesa emateko. PATRICK SEEGER / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
<i>Estrasburgo</i>
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Urteak daramatza independentismoak EB Europako Batasunari Kataluniako gatazkaren konponbidean engaiatu dadila eskatzen. Orain arte, baina, Europak ez sartzea erabaki du, eta, elkarrizketaren alde agertu bada ere, babesa agertu dio Espainiari, auzia bere erara kudea dezan. EBko Justizia Auzitegiak joan den abenduan eman zuen epaiarekin, ordea, Kataluniako aferak bete-betean eragin dio Europako Parlamentuari, eta ganberak erabaki garrantzitsuak hartu beharko ditu Luxenburgoko auzitegiak eurodiputatu gisa aitortu baina Espainiako Auzitegi Gorenak immunitatea ukatzen dien Carles Puigdemonten, Oriol Junquerasen eta Toni Cominen egoerari buruz. Horren jakitun, «eskubide zibil eta politikoak» defendatzeko eskatu zion atzo Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak EBri. Comin Kataluniako kontseilari kargugabetuak gaineratu zuen «Europaren arima» dagoela jokoan.

Puigdemontek eta Cominek beren eserlekuak hartu zituzten atzo Europako Parlamentuan, EBko Justizia Auzitegiak joan den abenduan aitortu ostean eurodiputatu direla eta, beraz, immunitatea dagokiela. Espainiako justiziak halabeharrez onartu behar izan du bi buruzagi independentisten diputatu izaera, eta atzo suplikatorioa eskatu zion europarlamentuari, hark immunitatea indargabetu diezaien eta Espainian epaituak izan daitezen.

Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuak ezin izan zuen parte hartu europarlamentuaren osoko bilkuran, espetxean baitago Espainiako Auzitegi Gorenak hamahiru urteko kartzelaldira eta beste horrenbesteko inhabilitaziora zigortuta. Gorenak ukatu egin dio EBko Justizia Auzitegiak aitortu zion immunitatea, ordurako inhabilitatuta zegoela argudiatuta. Europarlamentuak, ondoren, bere egin du Gorenaren irizpidea.

Korapilo juridikoa eta politikoa dela eta, ikusmin handia zegoen atzo Estrasburgon (Frantzia), Puigdemonten eta Cominen parte hartzea nolakoa izango zen ikusteko. Baita David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak zer esango zuen ikusteko ere.

Sassolik osoko bilkuraren hasieran hartu zuen hitza, eta azkar pasatu nahi izan zuen Puigdemont eta Comin diputatu direla jakinarazteko unea. Espero izatekoak ziren txaloak eta protestak saihesteko, egitekoak zituen jakinarazpenen artean txertatu zuen buruzagi independentisten aipamena, eta baita helburua lortu ere. Junquerasi ere egin zion erreferentzia. Azaldu zuen bere aulkia hutsik dagoela Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiari jarraikiz. Une horretan, «Free Junqueras» (Junqueras askatu) zioten kartelak erakutsi zituzten zenbait diputatuk, eta parlamentuko zerbitzuek kendu eta gordearazi egin zizkieten; besteak beste, Puigdemonti berari. Voxeko eurodiputatu Jorge Buixade hitza hartzen ahalegindu zen, baina Sassolik ez zion utzi, eta azkar jarraitu zuen gainerako jakinarazpenen berri ematen.

Saioko lehen bozketen ondoren, prentsaurrekoa egin zuten Puigdemontek eta Cominek, hedabide ugariren aurrean, hainbat eurodiputatuk babestuta. Horien artean ziren Diana Riba (ERC) eta Pernando Barrena (EH Bildu). Lehen lerroan, JxCko eta ERCko buruzagien ordezkaritza zabala.

«Demokrazia kontua»

Puigdemontek nabarmendu zuen Kataluniako auzia ez dela independentziari buruzko afera soilik. Aldiz, «demokrazia kontua» dela nabarmendu zuen. «Gaur Junquerasentzat mehatxua dena mehatxu izan daiteke bihar Europako edozein disidente politikorentzat». Kataluniako presidente ohiak ziurtatu zuen «borrokan» jarraituko dutela Junqueras Europako Parlamentuan izan arte. Horrez gain, beste bi helburu ere finkatu zituen: Espainiak Comini eta berari dagokien immunitatea aitortzea eta Espainiako Auzitegi Gorenak europarlamentuari galdegin dion suplikatorioa «irabaztea». Puigdemonten esanetan, ez dute «ezer ere galdutzat jotzen». Suplikatorioaren prozesuak hainbat hilabete iraun dezake, parlamentuak auzia aztertu eta haren gaineko erabaki bat hartu artean.

Cominek desberdindu egin zituensuplikatorioaren «guda politikoa eta bozketa», eta defendatu zuen lehena irabazi egin daitekeela, parlamentuak azkenean beraien immunitatea indargabetzea erabaki arren.

Puigdemontek gaineratu zuen ezin dela onartu Espainiak «aldebakarreko erabakiz» immunitatea ukatzea Europako Parlamentuko kide bati. «Ez dago salbuespenik immunitateari dagokionez». Ohartarazi zuen Espainiak «salbuespen» bilakatu nahi badu «beste jokaleku batean» egongo direla, «iragarri ezin daitezkeen ondorioekin». Hori dela eta, Puigdemontek ez zuen baztertu Espainiako muga zeharkatzea.

Gogorrago mintzatu zen Comin, eta Manuel Marchena Goreneko epaileari leporatu zion «lege iruzurra» prestatzea, EBko Justizia Auzitegiari arazo aurrejudiziala argitzeko eskatzen zion bitartean. «Europako Batasunak arazo bat du, bere estatu kideetako bat ez baita egiazko zuzenbide estatua».

Diana Riba Berdeak/ALE taldeko kide errepublikanoak azaldu zuen Parlamentuko Auzi Judizialen Batzordera eramango zuela Marchenak Luxenburgoko auzitegira bidali zuen eskutitza. Idatzi horretan zioen Luxenburgoren epaia «eraginkorra» izango zela, baina azkenean ez du eraginik izan Gorenak ezarritako zigorrean. «Batzordeak iritzia eman dezake auziari buruz, eta ikusiko dugu noraino iristen den». Horrez gain, gogorarazi zuen ERCk EBko Auzitegi Nagusira joko duela. Txosten bat eskatuko dio, argitu dezan EBko erakundeek Luxenburgoko auzitegiaren irizpideei jarraitu behar dieten ala Espainiako Auzitegi Gorenak esandakoari.

Sassoliren aldaketa

Sassoliren jokabidea ere hizpide izan zuen Ribak. Haren iritziz, ganberaren «subiranotasuna» urratu du, Junquerasen immunitatea indargabetzea onartu duelako suplikatoriorik gabe. Berdeak/ALE taldeak Sassoliren jokabidea aztertuko du neurriak hartzeko. Aldaketa horri buruz, Barrenak adierazi zuen parlamentuko presidenteak «arriskuan» ikusi dituela karguan jarraitzeko «babesak»; batez ere, «Espainiako talde handien aldetik». Barrenaren iritziz, Sassoliren jokabidea ulertzeko, aintzat hartu beharrekoa da Espainiako zenbait eragile politikoren presioa.

Europarlamentuaren kanpoaldean, Puigdemonten eta Cominen etorreraren zain, elkarretaratzea egin zuten dozenaka manifestari independentistak, Omplim Estrasburg elkarteak deituta. Esteladak, Puigdemont eta Junquerasen irudiak eta autodeterminazio eskubidearen aldeko kartelak erakutsi zituzten. JxCko eta ERCko buruzagiek eskertu egin zuten babesa. Horien artean ziren Quim Torra Kataluniako presidentea eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea. Torrak Espainiako Gobernuari eskatu dio bete dezala desjudizializazioaren aldeko konpromisoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.